Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Kontxako Bandera

Tolosaldeak eta Urdaibaik abantaila txikiak dituzte Kontxan; bigarren jardunaldiak erabakiko du dena

EITB MEDIA

Emakumezkoen proba 11:00etan hasiko da; bertan, Tolosaldeak, Arraun Lagunakek, Donostiarrak eta Oriok dituzte aukerak Bandera irabazteko, euren arteko aldea lau segundokoa baita. Gizonezkoetan (12:00), Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena zazpi segundotan daude.

  • 2023ko Kontxako Bandera bigarren jardunaldian erabakiko da. Argazkia: EFE.

    2023ko Kontxako Bandera bigarren jardunaldian erabakiko da. Argazkia: EFE.

Tolosaldeak eta Urdaibaik, alegia, 2023ko Kontxako Banderaren lehen jardunaldian nagusitu ziren taldeek, abantaila txikiak dituzte zenbait aurkarirekiko, bigarren jardunaldiari begira; hortaz, igandean, hilaren 10ean, erabakiko da dena, berdintasuna oso handia baita. Hala, emakumezkoen proban (11:00etan hasiko da), lau taldek, hain zuzen Tolosaldeak, Arraun Lagunakek, Donostiarrak eta Oriok, aukerak dituzte Bandera irabazteko, kontuan izanik euren arteko aldea lau segundokoa dela, eta gizonezkoetan (12:00), aldiz, Urdaibai, Hondarribia, Donostiarra, Orio eta Zierbena, bost klub, zazpi segundotan daude.

Horrenbestez, emakumezkoen proban, ohorezko txandako lau ontziak lehiatuko dira Kontxako Bandera erdiesteko. Tolosaldeak eman zuen lehen kolpea, Arraun Lagunak baino 18 ehunen arinago ibilita; Donostiarra sailkatu zen hirugarren, bi segundora, eta Orio lau segundora gelditu zen. Hibaika, 19 segundora, Hondarribia, 21era, Zumaia, 27ra, eta Kaiku, 37 segundora, lehen txandan arituko dira; aurreikuspena da, ezusteko handirik egon ezean, garaipena aurreneko laurek jokatzea.

Urduritasuna eta ikusmin handia izan dira azken astean, klubetan. EITB Izaro Lestayo Tolosaldeako patroiarekin izan zen astelehenean; Lestayok nabarmendu zuenez, Tolosaldearen helburua da "historia egitea".

Arraun Lagunak Euskotren Ligako txapelduna, baina, oso gertu dago; Nerea Etxabe patroiak Donostiako klubak duela bi urte lortutako balentria berretsi nahi du, eta Kontxako Bandera berriro irabaztea dute erronka.

Donostiarra eta Orio emakumezkoen zein gizonezkoen probetan daude ondo kokatuta. Honela ikusten dute bigarren jardunaldia, atarikoan:

1:29

Gizonezkoen estropadan, bost talde lehiatu ahalko dira 2023ko Kontxako Bandera eskuratzeko. Urdaibaik segundo bat eta 25 ehuneneko aldea lortu zuen, aurreneko jardunaldian, Hondarribiarekiko, eta Donostiarra eta Orio lau segundora dabiltza. Zierbena bosgarren sailkatu zen lehen igandean, eta, ondorioz, lehenengo txandan arituko da, baina soilik zazpi segundora dabil. Cabok 27 segundo galdu zituen, Getariak 28 eta Ondarroak 40; azken hiru horien helburua da aurreneko jardunaldian lortutakoa, ahal den neurrian, hobetzea.

Iker Zabala Urdaibaiko entrenatzailearen iritziz, "edonork" irabazi ahal du, "baina badakigu Urdaibai dela indartsuena". Hemen da Bou Bizkaiaren entrenatzaileren hausnarketa:

Hondarribian, Mikel Orbañanosek, Ama Guadalupekoaren entrenatzailea bera, ohartarazi du bere taldea "bizirik" iritsi dela Kontxako Bandera "lehiatzeko". Urdaibairen eta Hondarribiaren arteko borroka ederra ari da izaten denboraldi osoan, eta Donostian lehia horren beste pauso bat ari gara bizitzen.

Zierbenak, bosgarren postutik, ustekabekoa eman nahi du; horrela dago jasota, bideo honetan.

eitb.eus-ek, ETB1ek, Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik zuzenean emango dute Kontxako Banderaren bigarren jardunaldia, igandean, hilaren 10ean.