Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

VII Bandeira Cidade da Coruña

Zierbenak irabazi du Coruñako Bandera eta bikain hasi du Eusko Label Liga

A. B. E: | EITB Media

Bizkaiko taldea nagusitu da 2023ko Eusko Label Ligako lehen banderan eta sailkapen nagusiko liderra da. Hondarribia izan da bigarren, Getaria hirugarren eta Orio laugarren.

1:27
Zierbena irabazle, Coruñan

Zierbena da VII Cidade da Coruñako Banderako irabazlea, igande honetan, uztailaren 2an, Coruñako uretan nagusi izan ostean. Ondorioz, Eusko Label Ligako liderra da Bizkaiko taldea, eta denboraldiari hasiera bikaina eman dio.

Lehen txandan traineru hauexek lehiatu dira: Hondarribia (1. kalea), Kaiku (2. kalea), Samertolameu (3. kalea) eta Ondarroa (4. kalea). Bigarrenean, aldiz, beste hauek: Getaria (1. kalea), Orio (2. kalea), Lekittarra (3. kalea) eta Zierbena (4. kalea). Azkenik, hirugarren txandan aritu dira: Donostiarra (1. kalea), Urdaibai (2. kalea), Cabo (3, kalea) eta Santurtzi (4. kalea).

Estreinako txandan aise nagusitu da Hondarribia, estropada 21 minutu eta 56 segundotan bukatuta. Ondarroa ere oso ondo ibili da, eta bigarren amaitu du 11 segundora. Txandako hirugarren Samertolameu izan da Hondarribiarekiko 37 segundora, eta laugarren postuan amaitu du Kaikuk (22'46").

Bigarren txandan, ordea, Zierbena izan da onena. Oriok indartsu ekin dio estropadari, baina Zierbena izan da lehena lehen ziabogan, eta ordutik inork ezin izan du haren erritmoa jarraitu. Gainera, bigarren txandako onena izateaz gain, Zierbenak (21'45") Hondarribiari 10 segundo sartu dizkio. Bigarren txandako bigarrena izan da Getaria Zierbenarekiko 16 segundora, Orio hirugarren 19ra eta Lekittarra laugarren 38ra.

Hala, bada, hirugarren txandako traineruentzat Zierbenaren marka izan da erreferentzia. Urdaibai izan da hirugarren txandako onena 22 minutu eta 6 segundoko markarekin, baina Bermeokoek Zierbenak baino 21 segundo gehiago behar izan dituzte estropada bukatzeko. Hortaz, Zierbenak bereganatu du A Coruñako Bandera. Hirugarren txandan bigarren izan da Donostiarra (22'17"), Cabo hirugarren (22'41") eta Santurtzi (23'08") laugarren.

Traineru guztiek lanak amaituta, Zierbena izan da nagusi, Hondarribia bigarren 10 segundora, Getaria hirugarren 16ra, Orio laugarren 19ra eta Urdaibai bosgarren 20ra.

Beraz, Eusko Label Ligako sailkapen nagusiko lehen postuan da Zierbena 12 punturekin, bigarren da Hondarribia (11 puntu), hirugarren Getaria (10 puntu), laugarren Orio (9 puntu) eta bosgarren Urdaibai (8 puntu). Azken-aurreko postuan da Kaiku 2 punturekin eta Santurtzi da azkena puntu bakarrarekin.

A Coruñako Banderako sailkapena:

A Coruñako Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Coruñako Banderako sailkapena. Argazkia: EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia:

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media

Eusko Label Ligako sailkapen nagusia. Argazkia: EITB Media