Politika -
EITB FOCUS
Bilbon Segurtasunak eragiten du kezka; Donostian, Etxebizitzak eta Gasteizen eta Iruñean, Osasungintzak
Osasuna, Etxebizitza eta Herritarren Segurtasuna dira udalek lehentasunez landu beharko lituzketen eremu nagusiak, Hego Euskal Herriko biztanleen ustez.
IKER GOMEZ | EITB MEDIA
Osasuna, Etxebizitza eta Herritarren Segurtasuna dira udalek lehentasunez landu beharko lituzketen eremu nagusiak, Hego Euskal Herriko biztanleen ustez.
Izan ere, EITB Focus inkestak Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko bizilagunei udalerriaren kudeaketan lehentasunezkoak izan beharko liratekeen gaiei buruz galdetu die.
Horrela, batez besteko orokorrean, Osasuna (% 23,4), Etxebizitza (% 17), Herritarren Segurtasuna (% 13) eta Lana (% 8,3) izan dira herritarren erantzun nagusiak. Hori bai, kezka nagusiak aldatu egiten dira galdera egin den hiruburuaren arabera.
Bilbon, adibidez, hiru herritarretik batek erantzun du Segurtasuna dela udalerriaren kudeaketan lehentasuna izan beharko lukeen esparrua. Hala erantzun dute inkestatuen % 34,1ek. Osasuna da, bilbotarren ustez, bigarren gai premiazkoena, erantzunen % 21,9rekin, eta Etxebizitza hirugarrena (% 14,5).
Donostian, Etxebizitza da gehien kezkatzen duen arazoa (erantzunen % 33,2), eta, ondoren, Segurtasuna (% 23,7; Bilbon baino hamaika puntu gutxiago) eta Osasuna (% 19,7) azaltzen dira.
Gasteizen, Osasunak kezkatzen du gehien (% 27,1), ondoren Etxebizitzak (% 20,1) eta, hirugarrenik, Segurtasunak (erantzunen % 12,6).
Azkenik, Iruñeko inkestatuek Osasunaren alorrean jardutea eskatzen diote Udalari (% 35), eta, oso atzetik, Etxebizitzaren arloan (% 12,1) eta Segurtasunaren arloan (% 8,4).
Metodologia
Bizitokia EAEn eta Nafarroan duten 1.600 pertsona elkarrizketatu dituzte EITB Focus inkesta egiteko (400 lurralde historiko bakoitzean eta 400 foru erkidegoan).
Galdeketak irailaren 19tik 27ra bitartean egin zituzten, telefonoz.
Datu, mikrodatu eta adierazle estatistiko guztiak Gardentasun atariko Open Data atalean izango dira kontsultagai.