Politika -

Gasteizko Udala

Gasteiztik trafiko astuna aterako duen tren-sahiesbide bat proposatu du Maider Etxebarriak

Gasteizko alkateak Udal Politikaren Eztabaida Orokorrean iragarri du proposamena. Horrez gainera, Jundizko trenbide-loturaren garrantzia eta Zabalganako tranbiaren obren hasiera azpimarratu ditu.

Maider Etxebarria alkatea Udal Politikaren Eztabaida Orokorrean.
Maider Etxebarria alkatea Udal Politikaren Eztabaida Orokorrean.
Maider Etxebarria, Gasteizko alkatea: ''Tren bidezko merkantzien garraioa lehenetsiko dugu''

0:54

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko alkate Maider Etxebarriak (PSE-EE) iragarri du elkarrizketak hasi dituela Espainiako Garraio Ministerioarekin, "merkantzien trafikoa hiritik aterako duen" trenbide-saihesbide bat eraikitzeko aukera aztertzeko. Etxebarriak Udal Politikaren Eztabaida Orokorrean egindako hitzaldian aurreratu du ekimen hori.

Merkantzien trenbide bidezko trafikoa handituko dela aurreikusten dutenez, "hausnarketa egitea" beharrezkoa da Arabako hiriburuko alkatearentzat. Bere ustez, "zentzuzkoa da neurri handiko trenak Jundizetik by-pass batekin desbideratzeko aukera aztertzea, Gasteiz iparraldetik inguratuz. Horrela hiriak bidaiarien konboiak baino ez lituzke jasoko", azaldu du.

Honela, trenbide-korridorearen inguruko "bizilagunei eragozpenik ez sortzeko eta segurtasuna hobetzeko" aukera egongo litzateke. Hain zuzen ere, egitekotan, "Salburua eta Zabalgana auzoetatik ikusmen- eta soinu-inpaktua kenduko litzateke eta "lurperatzearen azken kostua murriztuko litzateke".

Alkateak adierazi duenez, proposamen hori aurrera ateratzen bada, trenbidea integratzeko dauden proiektuetan sar dezake Ministerioak. Bideragarria den ala ez sei hilabete barru jakingo da.

Garraioa izan da alkatearen hizpide nagusia eztabaidako bere hitzaldian. Etxebarriak azpimarratu du oso garrantzitsua dela Jundizko industrialdearekin trenbide-lotura berria egitea eta hura terminal intermodal bihurtzea. Terminal horretara iritsiko dira eta bertatik aterako dira 740 metro arteko trenak. Azpimarratu du Gasteizek intermodalitate horretan oinarritu behar duela lehiakorra izateko, baina "bere espiritu jasangarriari uko egin gabe".

Tranbia Zabalgana auzora iristeari dagokionez, alkatearen hitzetan, helburua da 2025eko lehen hiruhilekoan finantzaketa-hitzarmena sinatzea, obrak bigarren hiruhilekoan lizitatzeko, urte horren amaieran edo 2026ko hasieran has daitezen.

Ingurugiroari buruzko neurriak

Alkateak beste iragarpen bat ere egin du: Tokiko Gobernu Batzarrak ostiral honetan onartuko du Gasteizen Airearen Kutsadura Handiko gertakarien aurrean Epe Laburrera Jarduteko Plana. Kutsadura areagotzen den une konkretuetan erantzun eraginkorra ematea da helburua, pertsonen osasuna eta ingurumena babesteko.

Planak hiru jarduera-egoera zehaztuko ditu: prebentzioa, abisu-egoera eta alerta-egoera.

Prebentzio-egoeran, informazioa helaraziko zaie herritarrei, eta gomendio orokorrak zabalduko dira; hala nola, garraio publikoa erabiltzea.

Ohartarazpenean, aurreko neurriei beste neurri berri batzuk gehituko zaizkie; hala nola, garraio publikoa indartzea, hiri osoan abiadura orduko 30 kilometrora mugatzea, kale batzuetan trafikoa murriztea eta industria- eta eraikuntza-jardueren kontrola indartzea.

Azkenik, alerta-egoerak aurreko neurriak hartuko ditu, eta horiei beste neurri berri batzuk gehituko zaizkie; hala nola, kanpoan kirola egitea mugatzeko gomendioa, hiriko autobus-txartelaren doakotasuna edo zentroan zirkulatzeko murrizketak, DGTren ingurumen-etiketen arabera.

Hitzaldian, Etxebarriak esan du bere gobernua, EAJ eta PSE-EE alderdien arteko koalizioa, "akordioena" eta "egonkortasunarena" dela, eta oposizioari eskua luzatu dio ordenantza fiskalak negoziatzeko. "Nire eskua talde guztiei luzatuta dago akordio berriak lortzeko. Lehentasunezko bazkiderik eta marra gorririk gabe ", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika PSE-EE Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Merkantzia-garraioa Maider Etxebarria