Politika -
Justizia
Fiskal nagusiak errekusatu egin ditu karguan jarraituko duen ala ez erabakiko duten Goreneko magistratuak
Espainiako Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien laugarren aretoa osatzen duten bost magistratuek ebatzi behar dute, hain zuzen ere, fiskal nagusiaren izendapenaren aurka APIF elkarteak aurkeztutako helegitea.
Agentziak | EiTB Media
Alvaro Garcia Ortiz Espainiako fiskal nagusiak errekusatu egin ditu karguan jarraituko duen ala ez erabakiko duten Auzitegi Goreneko bost magistratuak.
Iturri fiskalek EFE albiste agentziari jakinarazi diotenez, Garcia Ortizek errekusatze-intzidentea aurkeztu du Auzitegi Goreneko administrazioarekiko auzien laugarren aretoa osatzen duten magistratu guztien artean. Hain zuzen ere, bost epaile horiek ebatzi behar dute fiskal nagusiaren izendapenaren aurka Fiskalen Elkarte Profesional eta Independenteak (APIF) aurkeztutako helegitea. Salaketaren arabera, fiskal nagusiaren "partzialtasuna" agerikoa da.
Iragan azaroan Dolores Delgado fiskal nagusi ohiaren izendapena bertan behera utzi zuen epaia eman zuten magistratu berberak dira. Orduan Garcia Ortizi "botere-desbideratzea" leporatu zioten eta Dolores Delgado fiskalen maila gorenera igotzea.
Hori dela eta, fiskal nagusiaren ustez, magistratu horiek ez dira objektiboak erakundearen buru izaten jarraituko duen ala ez erabakitzeko.
Gauzak horrela, bere kasua beste magistratu batzuek berrikusteko eskatu du.
Orain azken erabakia Espainiako Auzitegi Goreneko 61eko areto bereziari dagokio. Zehazki, Goreneko bost aretoetako presidenteek eta areto bakoitzeko magistratu zaharrenak eta berrienak osatzen dute.