Politika -

Elkarrizketa Radio Euskadin

Etxebarriak itunak bilatuko ditu EH Bildurekin, baina ez du Gobernuan nahi "ibilbide etikoa faltan duelako"

Gasteizko alkateak ez du hiruko Gobernua osatzea aukera gisa ikusten. "EAJ da nire gobernukidea, eta uste dut EH Bildurekin akordio puntualak itxi ditzakedala, politika progresistei dagokienez, batez ere. Dena den, ez ditut Gobernuan nahi, oraindik ibilbide etikoa faltan dutelako", nabarmendu du.

Gasteizko alkate Maider Etxebarria
Gasteizko alkate Maider Etxebarria
Gasteizko alkate Maider Etxebarria

LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maider Etxebarriak "trinkotzat" jo du azken 7-8 hilabeteetan Gasteizko alkate gisa egindako lana, Radio Euskadiko "Boulevard" saioari eskainitako lehen elkarrizketan.

Berriki, Arabako hiriburuko aurrekontuak adostu dituzte EH Bildurekin, eta horri buruz mintzo, alegia, koalizio abertzalea gehiengoak lortzeko hautabide gisa ikusten duten ala ez galderari erantzunez, zera esan du: "Akordio puntual bat izan da, baina itun gehiagotara iristeko prest nago, bai EH Bildurekin, eta baita beste edozein alderdirekin ere. Hau da, batzuekin zein besteekin akordioak ixten saiatuko naiz, hori baita egokiena hiriarentzat", adierazi du.

Horrek ekar ditzakeen ondorioez jakitun, onartu du guztien kritikak jaso dituela. "EH Bilduk esan du eskuindarra naizela, PPrekin akordioetara heltzeagatik, eta alderantziz, PPk erradikal deitu dit", xehatu du.

Nolanahi dela, bide horri eusteko asmoa du, nahiz eta argi daukan Gasteizen ez dutela hiruko Gobernurik osatuko. "Nire gobernukidea EAJ da, eta uste dut EH Bildurekin akordio puntualak itxi ditzakedala, politika progresistei dagokienez, batez ere. Dena den, ez ditut Gobernuan nahi, oraindik ibilbide etikoa faltan dutelako", nabarmendu du.

PPk duela gutxi esandakoen —ez dituela berriro botoak doan emango— harira, Gasteizko alkatea ez da harrituta agertu. "Beti daude haserre. Bi aukera dituzte: amorrualdian bizitzea ala akordioak lortzen saiatzea, eta hobe bigarrenaren alde egiten badute", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika Araba EH Bildu Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Maider Etxebarria