Politika -
Gasteizko udal gobernua
PSE-EEk Ogasun eta Enplegu sailak kudeatuko ditu Gasteizko gobernuan; EAJk, Gizarte Politikak eta Segurtasuna
Bi alderdiek goizean izenpetu dute hiriburua gobernatzeko koalizio ituna. Udalak 12 sail izango ditu: sozialistek Alkatetza eta bost departamentu izango dituzte, eta jeltzaleek, sei. Beatriz Artolazabal alkateordea izango da.
EITB Media
"Gobernu akordioa une batetik bestera" helduko zela iragarri zuen atzo Maider Etxebarria Gasteizko alkateak, eta iragarpena egin eta biharamunean iritsi dira Gasteizko Udala koalizioan gobernatzeko itunaren sinadura eta xehetasunak. Bi alderdiek 12 saileko Udala osatzea adostu dute: PSE-EEren esku geratuko dira Alkatetza bera eta, besteak beste, Ogasun eta Enplegu eta Garapen Ekonomikorako sailak. EAJk, bestalde, Gizarte Politikak eta Segurtasuna kudeatuko ditu, eta Beatriz Artolazabal EAJren udal bozeramailea alkateordea izango da.
PSE-EEk Alkatetza eta beste bost departamentu gidatuko ditu: Erakunde Harremanetarako eta Berdintasuna; Ogasuna; Giza Baliabideak; Etxebizitza, Garbiketa eta Ingurumena biltzen dituen Hiri Eredua, (lehen Hirigintza zena); Enplegua, Garapen Ekonomikoa, Merkataritza eta Turismoa; eta Kirola, Osasuna eta Garapenerako Lankidetza. Halaber, Amvisa, Zabalgune 21, Ingurumen Gaietarako Zentroa (CEA) eta Gilsa udal sozietateak kudeatuko ditu.
EAJk beste sei sailen ardura izango du: Gizarte Politikak, Segurtasuna, Espazio Publikoa eta Auzoak (Mugikortasun eta Espazio Publikoko departamentua zena), Kultura eta Hezkuntza; Gobernu Irekia (Herritarren Partaidetza, Gardentasun eta Gizarte Etxeetako departamentua zena), eta Administrazioaren Modernizazioa (Eraldaketa Digitaleko departamentua zena). Halaber, Tuvisa, Jose Uruñuela Dantza Kontserbatorioa eta Luis Aranburu Musika Eskola kudeatuko ditu.
Gasteizko Udalean gaur goizean egindako prentsaurrekoan, Maider Etxebarriak adierazi du pozik dagoela lortutako akordioarekin. "Gobernu akordioari esker aurrera egiten jarraitu ahal izango dugu, hiri plural batek, halakoa baita gure Gasteiz, merezi dituen egonkortasuna eta gobernu zorrotza", gaineratu du.
Beatriz Artolazabal EAJren udal taldeko bozeramaileak, bere aldetik, azpimarratu du gobernu "anitza" osatu dutela eta indarrak batuta azkarrago egingo dutela aurrera. Halaber, oposizioko talde guztiekin hitz egingo dutela adierazi du.