Politika -
Elkarrizketa Radio Vitorian
Maider Etxebarria Gasteizko alkate berria: "Une batetik bestera itxiko dugu gobernu akordioa EAJrekin"
Buruzagi sozialistak nabarmendu duenez, ez zitzaion harrigarri egin PPko sei zinegotziek bere hautagaitzaren alde egin izana. Izan ere, bi alderdiek dituzten ezberdintasunak gorabehera, "gauza batean bat gatoz: ezker abertzaleak ez du hiriburua zuzendu behar".
Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA
Maider Etxebarria Gasteizko alkateak (PSE-EE) iragarri duenez, "une batetik bestera itxiko dugu gobernu akordioa EAJrekin". Galdetu dioten arren, ez du alderdi bakoitzak izango dituen sailen edo erantzukizunen banaketari buruzko xehetasunik eman nahi izan, bi aldeei zor dien "errespetuagatik".
Alkate izendatu berritan, elkarrizketa eskaini dio Radio Vitoriako "Vitoria Gaur" saioari. Buruzagi sozialistak nabarmendu du "arduraz eta ahalegina eginez" jardungo duela "akordioak lortzeko" —sozialistak eta jeltzaleak gutxiengoan gobernatu beharko dute—. "Paperak aldatu arren, sozialisten protagonismoa hor egon da beti", esan du aurreko legegintzaldiarekin alderatuta oraingoan dagoen rol banaketaz.
PPko sei zinegotziek bere hautagaitzaren alde bozkatu izana ez zitzaiola harrigarri egin azpimarratu du: "Begi bistakoa da ezberdintasunak ditugula, baina gauza batean bat gatoz: ezker abertzaleak ez du hiriburua zuzendu behar".