Politika -

BALIZKO ALIANTZAK

Hauek dira gobernagarritasuna alda lezaketen udalerriak

Astelehen honetan hasiko dira alderdi politikoetako zuzendaritzak atzoko emaitzak eta balizko itun eta akordioak aztertzen; izan ere, zenbait udalerritan kolokan dago aginte-makila. Hego Euskal Herriko hainbat txokotako balizko aliantzak aztertu ditugu.

Balizko aliantzak Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan
Balizko aliantzak Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan
Balizko aliantzak Hego Euskal Herriko hainbat udalerritan

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Atzoko egunaren ondotik, eta 2023ko udal eta foru hauteskundeetako emaitzak eskutan hartuta, alderdi politikoetako zuzendaritzak gaur hasiko dira emaitzen azterketa xeheagoa egiten, eta aurrera begira udalak eta erakundeak gobernatzeko balizko aliantzak aztertzen. EAJk eta PSE-EEk ez lukete gehiengo osorik lortuko batzuetan, eta horrek negoziazioen joko-mahaia zabal dezake.

EH Bilduren gorakadaren ondotik, gobernatzeko prest dagoela adierazi du koalizio abertzaleak, eta horretarako ezkerreko alderdien babesa izan dezake akuilu, Elkarrekin Podemosena, esaterako. Popularrek, baina, argi utzi dute, EH Bildu agintera iristeko ateak ixteko asmoa duela. Testuinguru horretan esan dute giltza eurek izan dezaketen erakundeetan hala egingo dutela.

GIPUZKOA

Foru Hauteskundeei dagokienez, Gipuzkoako Aldundia dago jokoan. Maddalen Iriartek, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko EH Bilduren hautagaiak, gaur bertan hasi nahi ditu negoziazioak. 22 eserleku ditu EH Bilduk, 17 EAJk, 7 PSE-EEk, 3 PPk eta 2 Elkarrekin Podemosek. Beraz, EAJk eta PSE-EEk, bat eginda, 24 eserleku bilduko lituzkete, eta kopuru bera, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek. Hortaz, PPk izan dezake giltza, hiru eserleku baititu.

Gipuzkoako balizko aliantzak

Udaletako datuei begiratuta, berriz, Pasaian eta Andoainen aukera asko daude sozialistek agintea galtzeko, EH Bilduren mesedetan. Arrasaten, EH Bilduk aurrea hartu dio EAJri, baina ez du alkatetza ziurtatuta. Tolosan, berriz, bai; EH Bilduk alkatetza kendu dio EAJri.

NAFARROA

Iruñean, UPNk lortu ditu zinegotzi gehien, baina Joseba Asiron EH Bilduko hautagaiak alkatetza lortzeko aukera izango luke, baldin eta PSNk hala ahalbidetuko balu.

Nafarroako balizko aliantzak

Nafarroako gainerako udalei dagokienez, UPN izan da boto gehien lortu dituen indarra, baina lortutako zinegotzi kopuruetan EH Bildu izan da nagusi. Hala, Baztan, Leitza, Malerreka eta Tafalla udalerrietan izan da nagusi. Lizarran, UPN da lehen indarra, baina hauteskundeen ondorengo akordioek erabakiko dute alkatetza.

ARABA

Gasteizen espero zen lehia estuenetakoa, eta hala izan da. Euskal Herria Bilduk garaipen historikoa lortu du Arabako hiriburuan, baina emaitza estua izan da. Rocio Vitero buru, koalizioa subiranistak botoen % 22,8 eskuratu ditu; zinegotziak, berriz, zazpi.

Koalizio abertzaleak atzetik ditu sozialistak, popularrak eta jeltzaleak, hurrenkera horretan: 6na zinegotzi lortu dituzte hiru alderdiek, eta hamarren gutxiko aldea dago horien artean. Atzetik, Elkarrekin koalizioak bi zinegotzi izango ditu, orain arte baino bat gutxiago.

Arabako balizko aliantzak

Emaitza horiekin, jokoan da Viterok lortuko ote duen alkatetza edo, akordio bidez, akaso, Maider Etxebarria sozialistak eskuratuko duen. Balizko akordioak gorabehera, Gasteizek lehen aldiz izango du emakumezko alkatea.

Bastidan eta Guardian, gauza bera gertatzen da: PPren feudo historikoak dira (nahiz eta 2019ko hauteskundeetan Alkatetza EAJren esku geratu), eta oraingoan ere PPk irabazi du. Dena dela, EAJk gehiengo osoa izango luke EH Bilduren babesa lortuko balu. Ikusteko dago EH Bilduk EAJri babesa ematen dion edo ez.

Laudion, EH Bildu da lehen indarra, eta EAJ bigarren postuan dago. Omnia herri plataformak erabakiko du alkatetza nori eman (pentsatzekoa da EH Bilduri emango diola). Egun, EAJren esku dago Alkatetza. Amurrion, EAJk irabazi du, baina EH Bilduk gehiengo osoa lor lezake PSE-EErekin.

BIZKAIA

Durangon, zer gertatuko den argitzeko dago. EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, bederatzi zinegotzi lortuta, baina gobernua gal dezake; izan ere, orain arte bazkide izan duen Elkarrekin Podemos ordezkaririk gabe geratu da. EAJk zortzi eserleku izango ditu, eta PSE-EEk bi. Ikusteko dago zer gertatuko den.

Bizkaiko aliantza posibleak

Aldaketa izan dezakeen beste udaletako bat Gernika-Lumokoa da. Jose Maria Gorroño lau legegintzalditan izan da alkate, eta hauteskunde hauetan EAJtik bereizita aurkeztu da, Guztiontzako Herria alderdiarekin, baina EH Bildu izan da indar bozkatuena; Gorroñoren alderdia bigarren geratu da, eta EAJ, berriz, hirugarren. Ikusteko dago, beraz, zer gertatuko den.

Zalantzan dago Sopelan ere zer gertatuko den; izan ere, EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak, baina ezbaian dago alkatetza nork lortuko duen. Elkarrekin Podemosek du giltza.

Udalak ekainaren 17an osatuko dituzte, eta, beraz, egun horretan bertan aukeratuko dira Hego Euskal Herriko udalerri eta hirietako alkateak. Bozketa bakarra egongo da udal bakoitzean, eta bozketa horretara hainbat hautagai aurkeztu ahalko dira. Bozketa horretan gehiengo osoa lortzen duena bihurtuko da alkate. Dena dela, norbaitek gehiengo osoa lortuko ez balu, alderdi bozkatuenaren zerrendaburua bihurtuko litzateke automatikoki alkate.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Donostia bideoak Herriak eta Hiriak Bizkaiko albisteak Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa EAEko hauteskundeak 2024 Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak