Mundua -
Alemania
'Bild' egunkariak 200 kazetari kaleratuko ditu, adimen artifizialaren aitzakian
Komunikazio enpresaren arabera, lanpostu horiek "zaharkituta" geratu dira. Beharginek, ordea, protesta jendetsuak iragarri dituzte. Alemaniako sindikatuek Gobernuari adimen artifiziala arautzeko legedia berri bat eskatu diote.
Ane Irazabal | EITB Media
Alemanian albistea adimen artifizialaren eta digitalizazioaren eskutik dator. Teknologia berriak ekar lezakeen langileen ordezkapena da itzal eta mehatxu handienetakoa, eta hezurmamitu egin da herrialdeko egunkaririk irakurrienean; izan ere, Bild-ek 200 kazetariren kaleratzea iragarri du, Ane Irazabal ETBko berriemaileak jakitera eman duenez. Egunero 1,7 milioi ale saltzen ditu hedabideak.
Alemaniako eta Europako egunkaririk irakurrienak berregituraketa historikoa iragarri du digitalizaziora bidean. Testuinguru horretan iragarri du 400 pertsona kaleratu behar dituela, eta lanpostu horiek adimen artifizialak ordezkatuko dituela. Gehienak erredakzioko lanak dira: testuen zuzenketan edo orrialdeen diseinuan oinarritzen direnak.
Komunikazio enpresaren arabera, lanpostu horiek "zaharkituta" geratu dira, eta adimen artifizialak lan horiek "aise" egin ditzake. Beharginek, ordea, protesta jendetsuak iragarri dituzte, "prekarietatea handitu eta lan-baldintzak okertzen" ari direlako.
Era berean, Alemaniako sindikatuek Gobernuari adimen artifiziala arautzeko legedia berri bat eskatu diote estatu zein Europa mailako; izan ere, honek "aurrekari arriskutsu" bat ezar dezakeela uste dute.