Mundua -

Ukrainako Gerra

NATOn sartzeari uko egitea eskaini dio Ukrainak Errusiari, eta Putin negoziatzeko prest agertu da

Zelenskik elkarrizketa-prozesu bat hastea eskaini dio Putini, eta Minskera ordezkaritza bat bidaltzeko prest agertu da hau, negoziazioak hasteko.

Ehunka bat haur batekin bunker batean. Argazkia: EFE.
Ehunka bat haur batekin bunker batean
Ehunka bat haur batekin bunker batean. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainak eta Errusiak negoziatzeko borondatea erakutsi dute ostiral honetan, Errusiak Ukrainaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik bigarren eguna den honetan.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea izan da Vladimir Putin Errusiako presidenteari elkarrizketa-prozesu bati ekitea eskaini diona, "pertsona gehiago hiltzea saihesteko". Laster iritsi da Errusiaren erantzuna. Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak argitu duenez, Errusia prest dago Minskera ordezkaritza bat bidaltzeko Ukrainarekin negoziazioak hasteko, "Defentsa Ministerioko, Atzerri Ministerioko eta Presidentetzako Administrazioko ordezkariek" osatutako taldea, hain zuen. Peskovek azaldu duenez, Zelenski prest agertu da Ukrainiak NATOn sartzeari uko egiteko.

Hala ere, bi administrazioen arteko tentsioak ez da baretzen. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak aitortu du ez dela Ukrainaz fio eta Zelenskiri "gezurretan" aritzea leporatu dio, azken urteetan Donbasseko gatazkarekin amaitzeko Minskeko Akordioak aplikatzeari "uko egin" baitio haren ustez. Lavrovek esan du ezin dutela Ukrainako Gobernua demokratikotzat jo, eta atzo hasitako operazio militarra defendatu du. "Ezin dugu inolaz ere demokratikotzat hartu bere herriaren aurka metodo genozidak erabiltzen eta zapaltzen dituen Gobernua", adierazi du Sergei Peresada Donetskeko errepublika popularreko Atzerri ministrordearekin batera eguerdian eskainitako prentsaurrekoan.

Errusiar Armada Kieven sartu da dagoeneko

Ukrainako Defentsa Ministerioak Twitter bidez baieztatu duenez, Kieveko kanpoaldean indar errusiarrak daude. Txioak zehazten duenez, "etsaiak" Obolon barrutian daude, Parlamentutik bederatzi kilometrora, hiriaren erdialdean.

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak instalazio militarrei ez ezik, zibilei ere eraso egitea leporatu dio Errusiari, eta esan du gutxienez 137 zibil eta Armadako kide hil eta ehunka zauritu direla inbasioaren lehen egunean.

"Jendea hiltzen dute eta hiri baketsuak helburu militar bihurtzen dituzte. Hori zitala da, eta ez dugu inoiz barkatuko", esan du, eta nazioarteko komunitatearen aldetik babes falta deitoratu du: "Bakarrik utzi gaituzte".

Ukrainako Presidentetzako aholkulari batek ostiral honetan nabarmendu duenez, "datozen hiru egunak funtsezkoak izango dira" gatazkan, eta Moskuren helburua Zelenski presidentea "pertsonalki suntsitzea" dela adierazi du.

Bestalde, EBko txandakako presidenteak, Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak, ostiral honetan defendatu du Europar Batasuneko buruzagiek Errusiaren aurka bart adostutako zigorren irmotasuna, nahiz eta neurri gogorrenak gerorako gorde, eta nabarmendu du helburua dela herrialde hori "munduko sistematik finantzarioki isolatzea".

Neurri sorta ostiral honetan bertan zehazten amaituko dute Bruselan, eta Moskurako estrategikoak diren sektore guztiak "kolpatuko" ditu, besteak beste, finantzak, garraio aeronautikoa eta erdieroaleak. Zigor "gogor" horien helburua Errusia "finantzarioki isolatzea" eta "munduko finantza-sistemarekin dituen loturak etetea" da.

Ukraniarrak babes bila

Azken orduotan, euren etxeak utzi dituzte milaka herritarrek, izan herrialdea uzteko, izan lur azpiko babeslekuetan gaua igarotzeko, metro geltoki, sotano eta bunkerretan, zehazki. Hala azaldu du Ane Irazabal EITBren berriemaileak Kievetik:

Ane Irazabalek babesleku batean igaro du gaua, eta nolakoa den erakutsi digu
Ane Irazabalek babesleku batean igaro du gaua, eta nolakoa den erakutsi digu
Ane Irazabalek babesleku batean igaro du gaua, eta nolakoa den erakutsi digu

0:30

Kanpoan, leherkertak izan dira goizaldean hiriburuaren aldirietan. Anton Gerastxenko Ukrainako Barne ministroaren aholkulariak esan duenez, hiria defendatzen duten aireko bateriek eragindakoak izan dira leherketa horiek. Ministroaren arabera, Kieveko airearen aurkako defentsak aparatu errusiar bat bota du, eta hiriko etxebizitza-eraikin baten ondoan erori da; hala ere, ez omen da biktimarik izan.

Kieveko defentsa antiaereoak aparatu errusiar bat bota du eta bizitegi-auzo batean erori da
Kieveko defentsa antiaereoak aparatu errusiar bat bota du eta bizitegi-auzo batean erori da
Kieveko defentsa antiaereoak aparatu errusiar bat bota du eta bizitegi-auzo batean erori da

0:47

 

Ukrainako Atzerri ministro Dmytro Kulebak ere Twitter sare sozialean baieztatu du ostiral gauean leherketak izan direla Kieven. "Eraso izugarriak Errusiako suziriekin Kieven. 1941ean jazo zuen azken aldiz gure hiriburuak horrelako zerbait, Alemania naziak eraso zionean", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Ukraina Ameriketako Estatu Batuak Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Ane Irazabal Errusia-Ukraina gerra Zelenski albisteak NATO argazkiak