Gizartea -
Kirol egokitua
Desgaitasuna dutenentzako pala eta pilota eskola berria abiatuko da larunbatean Bilboko Esperantza frontoian
Ekimen berritzaile honen bultzatzaileek nabarmendu dutenez, udal instalazioaren "komunikazio bikainei eta irisgarritasunari esker", Esperantzako udal frontoia "leku ezin hobea" da eskola hori abian jartzeko.
EITB Media
Bilboko Udalak ekimen berritzailea estreinatuko du Esperantzako udal frontoian larunbatean, martxoaren 22an, desgaitasunen bat duten pertsonentzako pala eta pilota eskola jarriko baitu martxan.
Udal instalazioaren "komunikazio bikainei eta irisgarritasunari esker", Esperantzako udal frontoia "leku ezin hobea" da eskola hori abian jartzeko, Bilboko Udaletik nabarmendu dutenez.
Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren eta Bilbao Esperantza Pilota elkartearen arteko lankidetzari esker sortu da eskola.
Helburua esperientziak eta ikaskuntzak partekatzeko espazio inklusibo bat sortzea da, ikasleen desgaitasun-motak eta -mailak edozein direla ere.
Hala, dibertsitate funtzionala duten Bilboko eta Bizkaiko pertsonei egokitutako kirol-espazio bat eskaini nahi da, kolektibo horretan euskal pilota ezagutzera eman, eta kirol konbentzionaleko inklusio-prozesuetan aurrera egin, egokitutako palako eta esku-pilotako atal bat sortuz.
Eskola hamabost egunean behin egingo diren saioekin abiatuko da larunbatean.