Gizartea -
EMISIO GUTXIKO EREMUA
Etiketarik gabeko ibilgailuek ezingo dute Gasteizko EGEan ibili, irailaren 15etik aurrera
Araudia hasi eta lehenengo hiru hilabeteetan arau-hausteak jakinaraziko dira, baina informatzeko helburuz, ez baita isunik jarriko. Epe horretatik aurrera, isunak 200 eurokoak izango dira; 100 eurora murriztuko da ordainketa goiz egiten bada.
Agentziak | EITB MEDIA
Gasteizko Udalak debekatu egingo du ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak Emisio Gutxiko Eremuan (EGE) ibiltzea, salbuespenak salbuespen, 2025eko irailaren 15etik aurrera, egun horretan sartuko baita indarrean ordenantza.
Murrizketa horrek aldaketa bat dakar EGEaren hasierako proiektuan jasotakoarekin alderatuta. Proiektu horretan zehaztutakoaren arabera, etiketarik gabeko ibilgailuek 2027ko urtarrilaren 1era arte zeukaten gune horretara sartzea, eta, orain, aurtengo irailera aurreratu dute.
Araudia hasi eta hurrengo hiru hilabeteetan arau-hausteak jakinaraziko dira, baina informatzeko bakarrik, ez baita isunik jarriko. Epe horretatik aurrera, zehapenak 200 eurokoak izango dira, eta kopuru hori 100 eurora murriztuko da ordainketa goiz eginez gero.
Laburbilduz, irailaren 15etik aurrera, ingurumen-etiketarik ez duten ibilgailuei soilik debekatuko zaie eremu horretara sartzea, hau da, 2001 baino lehen matrikulatutako gasolinazko ibilgailuei eta 2006 baino lehenagoko dieselekoei.
Sartzea izango dute B, C, Eco eta 0 bereizgarriak dituztenek. B etiketadun ibilgailuak 2030eko urtarrilera arte ibili ahal izango dira eremu horretan.
Donostia
Gipuzkoako hiriburuan zigorrak ostiral honetan, martxoaren 14an, hasiko dira izapidetzen, eta une horretan EGEaren lehen fasea erabat ezarrita egongo da, Donostiako Udalak ohar batean adierazi duenez.
Aurreko bi hilabeteetan, eremura baimenik gabe sartzen ziren ibilgailuek lehenengo aldiz jaso dute arau-hausteen jakinarazpena. Martxoaren 14tik aurrera, EGEaren lehen fasea erabat ezarrita egongo da, 2025 eta 2028 bitartean.
Fase horretan, ingurumen-etiketarik gabeko ibilgailuak ezin izango dira eremura sartu, salbu eta zuzeneko baimena eta baimen puntuala duten salbuespenezko kasuetan, eta aldi baterakoa edo iraunkorra eskatu ahal izango den beste kasu batzuetan. 2028tik aurrera, bigarren fasean, ingurumen-etiketa edo B etiketa ez duten ibilgailuak ezin izango dira EGEra sartu, salbuespenezko kasuetan izan ezik.