Gizartea -

Indarkeria matxista

Gasteizko hilketa matxista saiakera salatu dute bilkura batean

Herritarrak eta erakundeetako ordezkariak udaletxe parean bildu dira goizean, atzo Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean gertatutako eraso matxista gaitzesteko eta biktimari babesa adierazteko.

Etxebarria, Itxaso eta Artolazabal, bilkuran. EFE
Etxebarria, Itxaso eta Artolazabal, bilkuran.
Gasteizko Udalak erabat gaitzetsi du emakume batek bere bikotekidearengandik jasandako hilketa saiakera

0:36

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko herritarrek eta erakundeetako ordezkariek hiriburuan gertatutako hilketa matxista saiakera gaitzetsi eta arbuiatu dute gaur. 31 urteko gizonezko batek labanez eraso zion bikotekideari, Arriaga-Lakua auzoko etxebizitza batean. 

Bilkura isila goizean egin dute, udaletxearen parean. Bertan izan dira, besteak beste, Gasteizko Udalbatzako kideak, Maider Etxebarria alkatea buru zutela, eta beste erakunde batzuetako ordezkariak. Hala nola, Irma Basterra Arabako Batzar Nagusietako presidentea edo Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaria. Denek ere babesa eta gertutasuna adierazi diete biktimari eta ingurukoei. 

Bilkura amaituta, Maider Etxebarria alkateak salatu du "batzuek indarkeria matxista behin eta berriro" ukatzen duten bitartean, "hauxe da bizi dugun errealitate gogorra: erailketa-saiakera bat eta zauritutako emakume bat. Zorionez, bizitza salbatzea lortu du, baina hau onartezina da", azpimarratu du. 

Horren aburuz, "honek agerian uzten du oraindik ere lan handia dugula egiteko eta ezin dugu atzerapauso bakar bat ere eman. Gure indar guztiekin borrokan jarraituko dugu gaitz honen aurka". 

Denis Itxaso Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, bestalde, "sakoneraino txertatuta dagoen matxismo hiltzaileari" erantzuteko egin dio biztanleari. 

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Denis Itxaso Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa Maider Etxebarria Vitoria-Gasteizko kuadrilla albisteak