Gizartea -
DONOSTIA
Donostiak ordutegi berrira egokitu du bere kultur programazioa
Hiriak egoera sanitarioaren aurrean Eusko Jaurlaritzak ezarritako ordutegietara egokituko du kultur eskaintza. Kultur jarduerak 21:00ak baino lehen amaituko dira ostiraletik aurrera.
EITB.EUS
Donostiak bere kultur jarduera egokituko du pandemiaren ondorioz suertatutako gizarte eta ordutegi egoera berrira. Donostia Kulturak eta hiriko beste hainbat kultur programatzailek (Tabakalera, Kursaal Eszena, Kutxa Kultur, Aquarium eta Sade, besteak beste) antolatzen dituzten ekitaldien ordutegia egoera berrira egokitzea erabaki dute.
Ostiraletik, urriaren 30etik, aurrera kultur topaketa, ikuskizun, kontzertu eta proiekzio guztiak 21:00etarako amaituko dira. Kasu gehienetan, beraz, 20:00etan hasi beharko luketen ikuskizunak ordubete aurreratuko dira.
Eneko Goia Donostiako alkateak adierazi duenez, aurretik iragarritako neurrien ildo beretik hartu dute erabaki hori, ostalaritzaren ordutegi murrizketak eta gure eguneroko bizitzan izan diren beste murrizketa batzuk ere aintzat hartuta.
Goiaren esanetan, neurri honen helburua da Donostian kultur eskaintza bermatzea eta horri eustea. "Aurreko hilabeteetan egin dugun bezala, Donostiak apustu garbia egiten jarraituko du kultur jarduera mantentzearen alde, unean uneko egoerara egokituta, baina gure hirian kultur jarduerak bertan behera ez gelditzeko konpromiso irmoarekin", gaineratu du.
Fantasiazko zinema eta Literaktum
Denboraldi honetako kultur hitzordu nagusiek ere bat egin dute erabaki honekin. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaldiaren 31. Asteak eta Literaktum literatura jaialdiak egoera berrira egokituko dituzte euren ordutegiak eta saioak.
Ordutegi egokitzapenei buruzko eta egoerak behartuko lukeen beste edozein aldaketari buruzko informazioa donostiakultura.eus webgunean egongo da eskuragarri.