Ekonomia -
LAN GATAZKA
Etxeberriak Udaltzaingoko sindikatuei leporatu die "herritarrak euren aldarrikapenen gatibu" bihurtzea
Lan-gatazka bideratze aldera, Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotziak Udaltzaingoan ordezkaritza duten sindikatuekin bilduko da gaur.
EITB MEDIA
Oso haserre mintzatu da Maider Etxeberria Gasteizko alkatea Udaltzaingoan ordezkaritza duten sindikatuekin, "herritarrak euren aldarrikapenen gatibu" bihurtu nahi dituztelako. Hala, egoeraz gogoeta egiteko eskatu die CCOO eta Sipla sindikatuei.
Gasteizko Udalak ikerketa zabaldu du, joan den igandean udaltzainen artean izandako baja oldearen atzean egon daitezkeen arrazoiak argitzeko. Besteak beste, egun horretan Arabako hiriburuan egin zen Maratoi Erdian eragin zuzena izan zuten bajek, eta hainbat zailtasun eragin. Lan-baldintzak hobetzeko negoziazio betean daude Udaltzaingoa eta Udala, eta duela egun batzuk zorroztasun greba deritzona ere egitea erabaki zuten hainbat agentek —lana zorrotz egiteko greba da, lana bera trabatzerainokoa—.
Alkateak ziurtatu du Gabonetarako aurreikusita dauden ekitaldiak (Olentzeroren kalejira, San Silvestre lasterketa eta Erregeen kabalkada) arazorik gabe aurrera atera daitezen lanean ari direla. "Ertzaintzarekin koordinatuta ari gara lanean", esan du.
Lan-gatazka bideratze aldera, Cesar Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Segurtasun zinegotzia Udaltzaingoan ordezkaritza duten sindikatuekin bilduko da gaur.