Ekonomia -

Ozeanoan zeharreko hegaldiak

Bilboko Udalak lan egingo du New Yorkerako hegaldiak 2025eko irailetik aurrera luzatzeko

Bien bitartean, Arabako PPk EAJri eta PSE-EEri leporatu die "ez betetzea Forondarekin hartutako konpromisoak eta Foronda Euskadin aireportu nagusia izango zela iragartzen zuen Gobernu-akordioa".

Loiuko aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua. Argazkia: EFE
Loiuko aireportua. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Udalak lan egingo du Loiuko aireportutik New Yorkera zuzeneko hegaldia, datorren udaberrian hasiko den lotura, 2025eko irailetik aurrera luzatzeko. Hala jakinarazi du gaur goizean Juan Mari Aburto Bilboko alkateak.

United Airlines konpainiak zerbitzu berria iragarri zuen joan den ostegunean, astean hirutan Bilbo eta New York/Newark aireportuak lotzeko, 2025eko ekainaren 1etik aurrera.

Albistearekin "emozionatuta" agertu ostean, Aburtok aireko konexio berri horren alde ekonomikoa nabarmendu du, turistikoa baino gehiago, "loturak lehiakortasunerako faktore bat direlako". Halaber, iragarri du "borrokan" jarraituko duela aireko lotura horrek, "maiatzetik irailera bitartean, etorkizunean jarrai dezan".

Azpimarratu duenez, "mugarri historikoa da eta ekonomiaren ikuspuntutik pauso oso handia garapen ekonomikoa hobetzeko", Bilbon zein Euskal Autonomia Erkidegoan.

Honelakoak izango dira Bilbo-New York hegaldiak
Honelakoak izango dira Bilbo-New York hegaldiak
Honelakoak izango dira Bilbo-New York hegaldiak

0:16

Arabako PP: "EAJk eta PSE-EEk ez dituzte Forondarekin hartutako konpromisoak betetzen"

Loiuko konexioaren iragarpenak, baina, hautsak harrotu ditu maila politikoan. Hala, Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak Forondako aireportuarekin dituzten "konpromisoak ez betetzea" leporatu die EAJri eta PSE-EEri, eta Gasteizko Udalean eta Arabako Batzar Nagusietan aireportu arabarra "indartzeko estrategia bat" eskatuko duela iragarri du.

Ohar batean, Oyarzabalek adierazi du "beste behin ere EAJk eta PSE-EEk Araba atzean utzi" dutela, eta ez dituztela betetzen "Forondarekin hartutako konpromisoak eta Foronda Euskadin aireportu nagusiaa izango zela iragartzen zuen Gobernu-akordioa".

"Berriro ere engainua dela ikusten dugu, Foronda atzean uzten dutela, Forondarentzat plan estrategiko bat ezartzeko gai ez direla", kritikatu du, "EAJrentzat eta PSE-EErentzat Araba agendan ez dagoela" esan aurretik.

Oyarzabalek adierazi duenez, "adituak bat datoz Gasteizek horrelako hegaldietarako baldintza onenak betetzen dituela esatean". "Hemen larriena da Loiuren iragarpenak Arabako erakundeak ezustean harrapatzea", kritikatu du.

Ildo horretan, uste du "EAJk eta PSE-EEk Araban ez dutela euren lana egin" eta "Loiuk erabakiak hartzen dituen bitartean, hemen Udalak eta Aldundiak denbora gehiegi daramate lo".

Gasteizko PPko bozeramaile Iñaki Garcia Calvok, bestalde, "PSE-EEk eta EAJk Forondarekiko esaten dituzten etengabeko gezurrak" salatu ditu, eta bi alderdiek "Gasteiz Euskadiko hiriburuaren aurretik Bilbo lehenesten" dutela uste du.

Maider Etxebarria: "Gauza batek ez du bestea baztertzen"

Aitzitik, Maider Etxebarria Gasteizko alkate sozialistak adierazi du ez duela uste Loiu New York hiriarekin lotzeak eraginik izango duenik Forondako aireportuak ozeanoan zeharreko hegaldiak hartzeko dituen asmoetan. "Gauza batek ez du bestea baztertzen", nabarmendu du.

Kazetariek horren inguruan galdetu diotenean, Etxebarriak baztertu egin du euskal aireportuen artean "lehiarik" egotea itsasoz haraindiko hegaldiak eskaintzeko orduan.

"Ozeanoa zeharkatzen duten hegaldi asko daude, eta erakundeek lanean jarraituko dugu Forondak hegaldi mota horiek har ditzan", ziurtatu du, eta "Forondak bidaiari gehiago hartzearen aldeko apustu garbia" berretsi du; izan ere, "argi dago bidaiari kopurua hobetu behar dela".

"Merkantzietan erreferentzia gara. Duela egun gutxi, DHLk 40 milioi inbertituko dituela jakin genuen, baina bidaiari kopurua hobetzeko apustua argia da", errepikatu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportua Bilboko Udala Gasteizko Udala Araba Turismoa Euskadi New York Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia Euskadiko PP Juan Maria Aburto Eguneko albisteak Albisteak Gasteizko Aireportua Maider Etxebarria