Ekonomia -

Lan gatazka

Mesedetako mojen egoitzako langileak Laudioko elizan itxi dira, Orozkoko zentroaren itxieraren kontra

Orozkoko Ibarra auzoan dagoen egoitza ixteko arriskuan dago. Bertan, 43 langilek aniztasun funtzionala duten 63 emakume zaintzen dituzte. Egoitza ixteko mehatxuaren aurrean, egoeraren ardura bere gain hartzeko eskatu diote Foru Aldundiari.

Itxialdia Laudioko Elizan. @ComiteGaude
Itxialdia Laudioko Elizan. @ComiteGaude
Madres Mercedariaseko langileek Laudioko elizan itxi dira, Orozkoko egoitzaren itxieragatik protestatzeko

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mesedetako mojen egoitzako langileak Laudioko elizan itxi dira, Ibarrako zentroaren itxiera mehatxua salatzeko. Izan ere, Orozko udalerriko Ibarra auzoan dagoen Mesedetako mojen egoitza ixteko arriskuan dago, eta bertako 116 langile eta erabiltzaile, "kalean geratzeko arriskuan". Hori dela eta, protesta egitea erabaki dute. 

Langileek jakitera eman dutenez, itxialdiak iraun bitartean hitzaldiak eta mahai-inguruak egingo dituzte. Elizaren kanpoan, pankarta handi bat jarri dute "Madres Mercedarias Ez Itxi" testuarekin. 

Langileekin batera, dozenaka herritar sartu dira bertara, haien salaketa eta eskaerak babestuz. 

Ixteko arriskua

Ibarrako egoitza-zentroa, Bizkaiko Foru Aldundiaren itunpeko zentroa, ixteko arriskuan dago. Zentro horretan, aniztasun funtzionala duten 60 emakume baino gehiago dira erabiltzaileak, eta 43 emakumek zaintzen dituzte haiek gaur egun.

Mesedetako mojen kongregazioak zerbitzua utziko du urtearen amaieran, eta, LAB eta ESK sindikatuek adierazi dutenez, inork ez badu ardura hartzen, zentroa itxi egingo dute.

Gatazka aspalditik dator. 2010ean, langileen eta kongregazioaren arteko lan-hitzarmena sinatu zen, eta, bertan, hainbat lan-baldintza ezarri ziren. 2018an, ordea, kongregazioak kudeaketa subrogatu zion Fundación Aliados enpresa putreari. Olaia Armendariz zentroko langile eta LABeko ordezkariak eitb.eus-i azaldu dionez, "hark kudeaketaren ardura hartu bezain laster, 2010eko ituna baliogabetu zuen eta lan-eskubideak galdu genituen". 2019az geroztik, langileek 990 euroko oinarrizko soldata izoztuta dutela adierazi dute. 

Protesta eta negoziazio askoren ondoren, Fundación Aliados botatzea lortu zen, eta mojek hartu zuten berriro kudeaketaren ardura 2020an. Harrezkero, 2010ean hitzartutako baldintzak berreskuratzea eta eguneratzea izan da langileen aldarrikapena.

Hala ere, ixteko mehatxua mahai gainean dagoenetik, borroka ez da soilik baldintzengatik, baizik eta egoitzak irekita jarraitzeagatik. "Ez dugu nahi enpresa ixtea, ez guregatik, ez erabiltzaileengatik"; izan ere, egoitza itxi eta emakumeak beste zentro batzuetara eramateak "oso kalte larria eta, kasu batzuetan, konponezina ekarriko luke haien bizitzetan". Horien hitzetan, horietako askok beren bizitzaren erdia baino gehiago daramate zentro horretan.

Batzorde sindikalaren arabera, Aldundiarekin bilera gutxi batzuk egin ondoren, foru erakundearen erantzuna "penagarria izan da"; izan ere, deitoratu dutenez, ez du zentroa irekita mantentzeko konpromisorik erakutsi.

Horregatik guztiagatik, Bizkaiko Foru Aldundiari eskatu diote egoeraren ardura har dezala, itxiera saihesteko. "Gure ustez, itunpeko egoitza izanik eta diru publikoarekin funtzionatzen duenez, Aldundiak bere gain hartu beharko luke ardura", adierazi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia LAB Gizarte zerbitzuak Laudio Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak Lan gatazkak Desgaitasuna ESK Bizkaiko Foru Aldundia Orozkori buruzko albisteak Aiarako kuadrilla Arratia-Nerbioi albisteak