Ekonomia -

DONOSTIA

Tabakalerako Ubikeko langileek akordioa lortu eta bertan behera utzi dute greba

Soldaten % 32ko igoera, lanaldia urtean 97 ordu murriztea eta aurretik ez zituzten plusak jasotzen ditu.

Tabakalerako Ubik liburutegiko langileak. Artxiboko argazkia.
Tabakalerako Ubik liburutegiko langileak
Tabakalerako Ubik liburutegiko langileak. Artxiboko argazkia.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Tabakalera kultura garaikideko nazioarteko zentroko Ubik liburutegiko langileek akordioa lortu, eta amaiera eman diote lan baldintza "duinak" eskatzeko egin duten zazpi hilabeteko grebari. Akordioak soldaten % 32ko igoera jasotzen du, beste hobekuntza batzuen artean.

2018ko abenduaren 22an hasi zuten Ubikeko langileek greba mugagabea, lan baldintzak salatzeko eta soldata hobeak eskatzeko zerbitzua kudeatzen duen enpresa azpikontratatuari.

Greban eta mobilizatzen eman dituzten zazpi hilabeteetan (Ubik itxita egon da denbora horretan), langileek "euren lan baldintzak nabarmen hobetuko dituen" akordioa lortu dute, eta horrek zerbitzua berriro irekitzea ahalbidetuko du.

Maddi Aspiazu ELAko bozeramaileak akordio horren xehetasunen berri eman du. Horren esanetan, "lan baldintzei dagokienez, aldaketa handia ekarriko du, bai soldatari bai kontziliazio neurriei dagokienez".

Horri buruz azaldu duenez, akordioa 2019tik 2022ra izango da indarrean, eta soldatak % 32 handitzea, lanaldia urtean 97 ordu murriztea eta aurretik ez zituzten plusak jasotzen ditu; igande eta jaiegunetako plusa, prestasun plusa eta antzinatasun plusa, besteak beste.

ELAko bozeramailearen ustez, "oso positiboa" da bai akordioa bai grebarekin bat egin duten langileen "jarrera eta adorea", "gatazkaren erdigunean sormena" jarri baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostia Eusko Langileen Alkartasuna albisteak Grebak Euskal Autonomia Erkidegoa Lana Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Tabakalera Lan gatazkak