Itxi

telebista

Uda 2024

'Udan ere zure alboan' lelopean, ETBren udako programazioa aurkeztu da

EITB MEDIA

Nobedadeen artean daude "Erromerian", "La Otra Cara" eta "La Calle Sin Gobierno" saioen estreinaldiak, "Oído Cocina" eta "Esta Casa Es Una Mina" lehiaketen atal berriak, eta eguneroko formatura itzuliko den "Gora Bihotzak". Sanferminetako txupinazoa eta entzierroak ere ate joka ditugu.

0:00

Udan ere zure alboan lelopean, EITB informazioan eta entretenimenduan erreferente izango dugu udan ere, denetariko programazio eskaintza anitz eta zabalarekin. Kalean gertatzen denaren lekuko izango da, kirol eta kultur hitzordu nagusien berri emango du, eta Euskal Herriko jaietan murgilduko da, gastronomia ahaztu gabe. Horrekin guztiarekin batera, gertuko eta nazioarteko aktualitatearen eguneroko kontakizuna egingo dute EITBko Albistegiek.

Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gidatu du ostegun honetan (ekainak 27) Donostiako Kontxako pasealekuan egin den ekitaldia, dozena pasatxo aurkezle lagun dituela: Agus Barandiaran, Anabel Arraiza, Egoitz Txurruka, Miren Nogales, Leire Torre, Iban Garate, Xabier García Ramsden, Joana Etxabe, Klaudio Landa, Ilaski Serrano, Julian Iantzi, Gabriela Uriarte, Joseba Arguiñano, Elena Azpeitia, Gentzane Aldai eta Ainhize Vega. Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria ere bertan izan da.

Kaletik, kalean eta kalekoekin jarraituko du ETB1eko "Gora Bihotzak" saioak, ohiko tonu umoretsu eta positiboan. Miren Nogalesek Egoitz Txurruka izango du udan bikotekide, uztailaren 1ean hasi eta irailaren amaierara bitartean, Bilboko Erriberako merkatutik, astelehenetik ostegunera, zuzenean egingo den saioan. Gonbidatuak izango dituzte programan, erreportariak udako jai eta ekitaldien berri emateko, eta belaunaldien arteko kolaboratzaile talde zabala.

Kalea izango da, halaber, protagonista, ETB2k estreinatuko dituen "La Otra Cara" (uztailak 8) eta "La Calle Sin Gobierno" (uztailak 11) saioetan. Leire Torrek aurkeztutako "La Otra Cara" saioa telerrealitateko erreportajeen formatu bat da, protagonisten bitartez egiazkoa dena bilatzen duena. Astero Euskal Herrian barrena ibilaldi bat egitera gonbidatuko gaitu, istorio eta pertsonaia bitxienen bila; hau da, ezagutuko dugun errealitate horren beste aurpegiaren bila.

Euskal Herrian aurrekaririk ez duen esperimentu soziologikoa da "La Calle Sin Gobierno": Balmasedako kale bateko bizilagunek sei astez zergak ordaintzeari utziko diote eta erakundeek eskaintzen dizkieten zerbitzurik gabe geratuko dira. Horrenbestez, eguneroko bizimoduari eutsi ahal izateko, elkarlanean egin beharko dute auzoaren kudeaketa. Herritarrek erronka horri nola aurre egiten dioten erakutsiko digu astero Xabier Garcia Ramsden kazetari eta aurkezleak saio berritzaile honetan.

"Erromerian" da ETB1era datorren saio berria, uztailaren 7an. Gure herrietan ospatzen diren tradizio handiko jaialdi horien izaera eta jatorria ezagutzera ematea izango du helburu. Paisaien edertasuna, familia belaunaldi ezberdinen istorioak, elkarlana… erromeria berezietan goitik behera murgilduko gaituzte Agus Barandiaranek eta Anabel Arraizak, irudi ikusgarri, testigantza eta musika eta dantza emanaldiekin.

Uztailaren 6arekin batera, buru-belarri murgilduko da EITB Euskal Herriko jai nagusietan. Egun horretan, Iruñeko sanfermin jaiei hasiera emango dien txupinazoaren emanaldia gidatuko du Ilaski Serranok, baita azken eguneko "Gaixoa Ni" ekitaldia ere. Gainera, entzierroak euskaraz eskainiko dira egunero ETB1en, Iban Garatek 07:30etik aurrera gidatuko duen saio berezian.

Abuztuan, "Zeledonen Jaitsiera", "Artillero" eta "Marijaiaren Etorrera" zuzenean eskainiko dira, baita Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietako su festak, Ilaski Serranoren eta Klaudio Landaren gidaritzapean. Halaber, Euskal Herrian barrena grabatutako musika eta dantza ikuskizunak eskaintzen jarraituko du "Oholtzan" saioak uda osoan.

Bi lehiaketa dibertigarri itzuliko dira ETB2ko programaziora: Aitana Ávilak aurkeztutako "Oído Cocina" (uztailak 3) saioko parte-hartzaileek sukaldaritzarako dituzten dohainak ez ezik, urruneko kontrol bidez aginduak jarraitzeko gaitasuna erakutsi beharko dute; "Esta Casa Es Una Mina" (abuztuak 22) saioan, euren etxeetan ezkutuan gordetako 10.000 euroen bila dabiltzan familien abelerak ekarriko ditu Julian Iantzik.

Ohi denez, "Joseba Arguiñano Sukalerrian" eta "A Bocados" saioak kalera irtengo dira udan. Arguiñanok Getariako Askizu auzoko Iturregi hotelaren belardian hartuko ditu bere gonbidatuak. Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek gidatzen duten programak, berriz, hiru kokaleku izango ditu: Donostiako eta Bilboko Abba hoteletako terrazak eta Ullibarri Ganboako klub nautikoa. Udako platerak prestatzeaz gain, sasoi honetan bisitatu beharreko terraza eta pintxorik freskoenak erakutsiko dizkigute.

Etxeko sofatik mugitu gabe, "Vascos por el Mundo" saioak munduan barrena bidaiatzeko eta herrialde ezberdinetan bizi diren euskaldunen bizimodua ezagutzeko aukera eskainiko digu. Mexikoko Durango hiria, Valonia (Belgika), Ekuador, Finlandia, Portland (AEB) eta Stockholm izango dira bisitatuko dituzten hurrengo lekuak. Bestalde,

Xabier García Ramsdenek aurkezten duen "Quédate" ETB2ko arratsaldetako magazinak ikus-entzuleak informatzen eta entretenitzen jarraituko du udako hilabeteetan, gaurkotasun soziala ardatz hartuta.

Estropadak, pilota eta txirrindularitza izango dira udako kirol eskaintzaren ardatz nagusiak. Ziklismo onenaren pasioa bizitzeko aukera izango dugu asteburu honetan hasiko den Frantziako Tourrarekin eta abuztuaren 10en jokatuko den Donostiako Klasikoarekin, besteak beste. Arraunean, Euskotren eta Eusko Label ligak osorik eskainiko dira, baita Donostiako Bandera ere; eta pilotari dagokionez, udako torneo nagusiak eta "Plazandreak" saioaren 3. edizioa (uztailak 1) izango ditugu ikusgai.