Itxi

telebista

Udazkeneko programazioa

ETBk kalea plato bihurtuko du denboraldi honetan

EITB Media

'Kalea bizi/Vive la calle' lelopean, 2021-2022 denboraldian ETB1, ETB2 eta ETB3 kanaletarako prestatu duen programazioa aurkeztu du Euskal Telebistak.

  • ETBren udazkeneko programazioaren aurkezpenaren argazkia

    ETBren udazkeneko programazioaren aurkezpenaren argazkia. EITB Media

Kalea bizi/Vive la calle lelopean, Euskal Telebistak ostiral honetan, irailaren 3an, aurkeztu du 2021-2022 denboraldirako ETB1, ETB2 eta ETB3 kanaletarako prestatu duen programazioa. Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gidatu du ekitaldia. ETBk ikus-entzuleak are gertuago izan nahi dituela eta kalea plato bihurtu nahi duela adierazi du aurkezpenean.

Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan egin den prentsaurrekoan, Unai Iparragirrek Joseba Urkiola EITB Mediako Kirol zuzendaria, Arantza Ruiz EITB Mediako Albistegietako zuzendaria eta programazioko protagonistetako batzuk izan ditu alboan: Ainhoa Etxebarria (Zurekin Bat), Leire Palacios (Munduko Plaza), Klaudio Landa (Baserria), Zuhaitz Gurrutxaga eta Mikel Pagadi (Herri Txiki, Infernu Handi), Xabier Sukia (Biba Zuek), Joseba Arguiñano (Historias a Bocados-Joseba Arguiñano Sukalerian), Ilaski Serrano (Ahoz Aho-Oholtzan), Maria Redondo, Ander Lacalle eta Julen Castillo (Go!azen), Igor Siguero eta Nerea Alias (Esto No Es Normal), Aitor Albizua eta Ane Ibarzabal (Nos Echamos a la Calle), Felix Linares (La Noche de…), Xabier Lapitz (En Jake), Iñaki Andradas (Falsos Mitos) eta Ene Kantak taldeko kideak.

"ETB gizartearen isla izatea nahi dugu; modernoa, solidarioa, aurrerakoia eta lehiakorra izatea, eta euskal gizarteari bide horretan aurrera egiten laguntzea", azpimarratu du Unai Iparragirrek. "Mundura irekita dagoen telebista bat, euskararen erabilera sustatuko duena, edukietan aniztasun soziala islatuko duena eta kalitatezko informazioa eta entretenimendua eskainiko duena, euskal gizartean sustraituz", gaineratu du.

Eguneroko lehiaketa, ETB1en

Publiko gaztea eta familiarra erakartzea eta berrikuntza bultzatzea dira ETBren helburuetako batzuk, zuzendariak nabarmendu duenez. Testuinguru horretan kokatzen dira ETB1ek estreinatuko dituen nobedade batzuk. Alde batetik, astelehenetik ostegunera Ainhoa Etxebarriak "Zurekin Bat" lehiaketa (irailak 20) aurkeztuko du, lau kideko bi taldek euren ametsa betetzeko borrokatuko duten galdera-erantzunen formatuarekin. Ildo beretik, Xabier Madariagak "Abiapuntua" (urria) saioa gidatuko du, eta aurreiritzien aurrean begiak zabaldu ditzagun nahi duen tartea. Astero, gazte talde batek errealitate desberdinak biziko ditu esperimentu sozial batean parte hartuz; horretarako, atal bakoitzean gai bat jorratuko dute: gaitasun intelektual murriztua, zahartzaroa, arrazakeria eta ingurumena, esaterako.

ETB1eko parrilla berriak "Piztu Telebista" (urria), "Googlebox" izeneko nazioarteko formatua oinarri duen saioa, ere badakar, familia eta bizikide ezberdinek telebista nola ikusten duten erakusten duena. Astero, zortzi etxetan sartuko dira, eta bakoitzak telebista nola ikusten duen erakutsiko digute. Guztiek tarte bera ikusiko dute, eta egiten dituzten iruzkinak, erreakzioak eta eztabaidak bilduko ditu "Piztu Telebista" saioak.

Datorren astean, irailaren 9an, "Munduko Plazan" estreinatuko da. Leire Palacios kazetaria munduko sei hiritan, Mexiko hirian, Varsovian, Lisboan, Istanbulen, Atenasen eta Zurichen barna ibiliko da, hiria eta bertoko egunerokoa ezagutzeko.

Lehen denboraldiaren arrakastaren ostean, Klaudio Landak aurkeztutako "Baserria" (irailak 19) saioa eskaintza bikoitzarekin itzuliko da ETB1eko programaziora. Igande gauetan realityaren atal bat eskainiko da eta asteartetan eztabaida izango dugu zuzenean, igandean gertatutakoa aztertzeko.

"Herri Txiki, Infernu Handi" saioak (irailak 15) berritasun garrantzitsu bat izango du denboraldi honetan: Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkezten duten saioak igandetik asteazkenera aldatuko du emanaldiaren eguna, eta Euskal Herriko eta bertako geografian barrena ibiliko da herritarren istorio berezienekin.

Baina nobedadeez gain, "Biba Zuek!" eguneroko magazinak programazioaren puntu garrantzitsuak izaten jarraituko du. 450 testigantza eta 200 elkarrizketa baino gehiagorekin, "Biba Zuek!" saioak tarte bat egin du ETB1eko programazioan. Maddalen Arzallus eta Xabier Sukia joan den denboraldian irekitako bideari jarraitzeko prest itzuli dira: kulturari, kirolari, baserri munduari eta euskal gizartearen beste errealitate batzuei buruzko leihoa izatea. Aurretik, "Ahoz Aho" magazinean, Ilaski Serranok Euskal Herriko sortzaile, dibulgatzaile eta analista nabarmenenak izango ditu egunero.

Udazken honetan estreinatuko da "Go!azen" telesail arrakastatsuaren zazpigarren denboraldia. Fikzioa gure gizartearen errealitatea eta aniztasuna islatzen saiatzen da eta, horrela, denboraldi berri honetan, lehen aldiz, gorra den pertsonaia bat ikusiko dugu. Larunbat gauak "Oholtzan"eko emanaldiek hartuko dute. Udazken honetan, aniztasun eta lurraldetasun ezberdinetako ikuskizunak eskainiko ditu "Oholtzan" saioak.

Gastronomiak bere tartea izaten jarraituko du ETB1en. Joseba Argiñano barruko sukaldera itzuliko da eta orain arte bezala, errezeta zaporetsuen inguruko lagunarteko solasaldiaz disfrutatzeko aukera eskainiko du. Sukalde kontuak ekarriko dituzte egunero, orobat, Jaione Mariezkurenak eta Zigor Iturrietak "Txoriene" saioaren platoan.

"Bikia", Norvegiako telesaila ETB1en

Astelehen honetan, irailaren 6an, Kristofer Hivyu aktore ezaguna protagonista duen "Bikia" (Twin, 2019) telesail norvegiarra estreinatuko du ETB1ek. Telesaila bizitza erabat ezberdinak dituzten bi anaia bikiei buruzkoa da. Eztabaida gogor batean, bietako bat istripuz hilko da eta besteak bere nortasuna ordezkatuko du.

Udazkenean itzuliko dira ETB1eko programaziora "Artefaktua" literatura saioa, Yolanda Mendiolarekin, eta "Hitzetik Hortzera" saioa, Eider Perezek aurkeztuta. ETB1ek eta ETB2k "EITB Kultura" (sorkuntzaren munduari eskainitako tartea) eta "Teknopolis" (zientzia eta teknologiari buruzko saioa) izango ditu berriro programazioan. "Ez Da Posible!" saioak ETBko artxiboan arakatzen jarraituko du, egunero 15 minutuko pilula batekin eta astero ordubeteko bilduma batekin.

"Nos Echamos a la Calle" saio berria arratsaldean, ETB2n

Irailaren 13tik aurrera, Ane Ibarzabalek eta Aitor Albizuak "Nos Echamos a la Calle" aurkeztuko dute, ETB2ko arratsaldeetako entretenimenduko magazin berria. Gonbidatuak, Euskal Herriko txokoak, adituak, entretenimendua eta umorea ditu osagai. Lehen orduan, Euskal Herriko hainbat leku ezagutuko ditu saioak. Ondoren, saioaren ikus-entzuleek jarriko die ahotsa albisteei. Azken zatia El punto verde izango da, aldaketa klimatikoari eta haren ondorioei buruzkoa, baita naturarekin zerikusia duen guztiari buruzkoa ere.

"Duelo en las Alturas" saio berriak, Anne Igartiburu aurkezlearen eskutik, Euskal Herriko arkitekturan zehar bidaia bat proposatzen du. Gure lurraldea garrantzi historiko eta artistiko handiko eraikuntzaz beteta dago: upeltegiak, hotelak, gazteluak, eraikin erlijiosoak, plazak... "Duelo en las Alturas" saioak horietako hiru monumentu ezagutuko ditu atal bakoitzean, eta inoiz ez bezala erakutsiko ditu, haien edertasunean eta berezitasunetan murgilduz.

Azaroan "Falsos Mitos" saioa estreinatuko da Iñaki Andradas, kazetarien eskutik, elikadura, nutrizio eta ariketa fisikoaren inguruko zalantzak argitzeko. Zalantzak sortzen dizkiguten oinarrizko galdera asko daude, eta informazio oker edo alboratu asko.

Gainera, urrian "Juego de Cartas" itzuliko da bosgarren denboraldiarekin. Ibilbide berri honetan Javi Sierrak gure mugen barruko eta kanpoko hainbat herri bisitatuko ditu.

Beste zenbait eskaintza ezagun eta garrantzitsuk ere ez dute huts egingo ETB2ko programazioan: "Vascos por el Mundo", destino berri eta liluragarriekin; "La Noche De..." saioaren 27. denboraldia Felix Linaresen eskutik, edo Xabier Lapitzen "En Jake" aktualitatearekin hitzordua. Bestalde, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek "A Bocados" saioaren bosgarren denboraldiari ekingo diote irailaren 20an eta Joseba Arguiñanok "Historias a Bocados" gehiago ekarriko dizkigu irailaren 12tik aurrera.

"Atrápame Si Puedes" (irailak 6) saioak zortzigarren denboraldiari ekingo dio, 102.500 euroko zakua jokoan. Patxi Alonsok aurkeztuta, hasierako egiturari eutsiko dio ikasturte honetan, eta astelehenetik ostiralera jokatuko da asteko zakua. Asteburuko edizioan, berriz, "El Conquistador del Fin del Mundo" saioko lehiakideak izango dituzte.

"Esto No Es Normal" lehiaketaren denboraldi berria nobedade eta aurpegi berri batekin dator: Nerea Aliasek aurkeztuko du aurrerantzean Igor Siguerorekin batera. Horrela, Nereak eta Igorrek gidatuko dute saioa, eta gakoa izango da jakitea euskal herritarrok zer jotzen dugun normaltzat (edo ez normaltzat).

Larrialdi klimatikoaz edo bulling zibernetikoaz telebista-ekitaldiak

ETBk, gainera, bere hondar alea eman nahi du gaur egungo gizarteari gehien axola zaizkion arrazoi sozialen aurrean, telebista-ekitaldi bereziekin. Hala, ETB1ek "#Martyhilda" thriller txekiarra estreinatuko du azaroan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Segurtasun sailekin elkarlanean. Drama honen gai nagusia bullying zibernetikoa eta bere ondorioak dira, eta benetako gertaeretan inspiratuta dago. Ekimen honen bidez, telesailean garatzen diren gaiak landu nahi dira euskal ikasgeletan.

Larrialdi klimatikoari eskainitako programazio bereziaren eta Glasgowko klimari buruzko hitzaldiari egingo zaion jarraipenaren barruan, azaroan, ETB2n eta eitb.eus-en, Angels Barcelók aurkeztutako "El Cambio" saio sorta estreinatuko dute. Bertan, Euskadiko klima-aldaketari helduko diote, eta hamarkada batzuk barru gure herrialdea nolakoa izan litekeen ikusiko dugu. Klima aldaketak gure eguneroko bizitzaren alor guztietan eragin dezake: ekonomian, teknologian, bizitza-luzeeran, osasunean, elikaduran eta baliabideetan.

Albistegiak eta telebista

EITBko albistegiek denboraldi berriari ekingo diote, eta kalean are presentzia handiagoa izango dute. Horrela, programazio berri bat hasiko da, eta herritarrak izango dira protagonista nagusi. Gainera, albistegiek 'EITB DATA' ekimenarekin jarraituko dute, datuen kazetaritza eginez.

Kirolei dagokienez, Donostiako Bandera izango da berriz ere irailean kirol emanaldi nagusi eta lau hitzordu izango ditu. Ondoren, TKE Liga irailaren 18an eta 19an jokatuko diren bi jardunaldi erabakigarritan erabakiko da. Pilotari dagokionez, eta azken urteetako ildoari jarraituz, EITBk berrikuntza teknologiko gehiago ezarriko ditu emanaldietan. Lau eta Erdiko Txapelketa urriaren 1ean hasiko da. Aurretik, CaixaBank Mastersaren amaiera eta San Mateo Torneoa eskainiko dira. Udazkenean, EITBk kirol albistegietan jarriko ditu indarrak. Futbolari dagokionez, euskal klub guztien jarraipena egingo du.

"3 Ene Kantak" eta marrazki bizidun berriak, ETB3n

Lagun berriak izango ditugu "3 Ene Kantak" saioaren denboraldi honetan. Dagoeneko ezagunak diren Eneko, Urbi, Astonauta eta Satorjatorri, Argi pertsonaia eta Antxus maskota batuko zaizkie aurten. Horrez gain, ETB3ko eskaintzaren barruan, hainbat marrazki bizidun estreinatuko dira datozen hilabeteetan. Besteak beste, "Spirit", "Danger Mouse", "% 100 Otso – Ilargi-harriaren kondaira" eta "Pan Tau" fikziozko telesaila. Saioko eduki guztiak 3 klubaren webgunean, app-ean eta HbbTVan izango dira eskuragai, telebistan eskaini bezain laster.