telebista
Programazioren aurkezpena
Aktualitatearen eta entretenimenduaren aldeko apustuari eutsiko dio ETB2k
EiTB
Datozen hilabeteotarako programazioa aurkeztu du FesTVal jaialdian. "Vamos a Hacer Historia" programa berria, "QMEC" berritua eta "La Noche De…" saioaren 25. urteurrena dira bereziki aipagarri.
Ostiral honetan, irailak 4, ETB2ko udazkeneko programazioa aurkeztu du Euskal Telebistak Gasteizko FesTVal jaialdian. Gorka Garcia ETBko Programa eta Arte zuzendariarekin batera, saioetako aurkezle batzuk bildu ditu bertan: Itziar Alduntzin, Odei Esnaola, Arantza Ruiz, Ander González, Joseba Arguiñano, Eider Hurtado, Javi Sierra, Iñaki Leturia, Elene Lizarralde eta Juan Manuel Gonzalez Cembellín.
Aktualitatea eta entretenimendua dira, ohi bezala, programazioaren oinarria, eta ez dira faltako zuzeneko informazioa, analisia, eztabaida eta ikerketa. Halaber, Euskal Telebistak gure inguruko istorioei leihoa irekitzen jarraituko du.
Berrikuntzen artean, aipatzekoak dira "Vamos a Hacer Historia" saio berria, asteazken gauetan gure etxeetara iritsiko dena. Horrez gain, ETB2k arratsalde-pasa ezberdin bat proposatuko digu, "Qué Me Estás Contando" saio eraberrituaren eskutik. Etapa berri honetan, Itziar Alduntzin, Arantza Ruiz eta Odei Esnaola izango ditugu aurkezle.
Irailean bertan, hainbat saioren denboraldi berrien estreinaldiak izango dira: "En Jake", "Atrápame si Puedes", "Juego de Cartas", "Historias a Bocados", "Vascos por el Mundo", "A Bocados", "EiTB Kultura" eta "Teknopolis"; urrian, berriz, "360º" erreportajeen saioa itzuliko da, berrikuntzekin.
Gainera, irailean bertan, "La Noche De…" saioak 25 urte beteko ditu, eta behar bezala ospatuko dute urtemuga, irailaren 22an Green Book filma esklusiban estreinatuko baitute.
"En Jake"
Xabier Lapitzek eta saioko lantalde osoak aktualitate politiko, ekonomiko eta soziala jorratzen jarraituko dute astelehenetik ostiralera, 11:30etik 14:00etara, ETB2n. Aste honetan bertan abiatu da "En Jake" saioaren seigarren denboraldia, betiere garaiz Eusko Legebiltzarreko legealdi berriaren hasiera, Juan Carlos I.a errege emerituaren kontuen ikerketa eta pandemiak ekarriko duen udazken konplexuaren ingurukoak aztertu eta eztabaidatzeko. Xabier Lapitzek jarraituko du saioa zuzentzen eta aurkezten, ohiko lantaldearekin batera. Maitane Bastida eta Mikel Egia kalean izango dira udazken honetan ere, Euskal Herriko edozein tokitan gertatzen dena zuzenean kontatzeko. Leire Torrek emango du oraingoan ere Madrilen gertatzen denaren berri eta Cristina Vargas izango da Bartzelonan denboraldi honetan ere. Platoan, berriz, Inazio Lopezek azalpenetan sakontzen jarraituko du, pantailen laguntzarekin, eta Blanca Saezek ekarriko digu azken ordukoa. Ez da faltako kolaboratzaileen mahaia, zenbait aurpegi berri tartean.
"Atrápame si Puedes"
"Atrápame si Puedes" saioak "Teleberri" aurreko eguneroko hitzorduari eutsiko dio, eta denboraldi berria abiatuko du, bi berrikuntza nagusirekin: udazken honetan azken minutu zirraragarri bat izango du, eta "Atrápame Si Puedes Finde” ostiraletan hasiko da. Beraz, saioaren asteburuko edizioak hiru eguneko iraupena izango du, astero.
"Qué Me Estás Contado (QMEC)"
Irailaren 7tik aurrera, QMEC magazina berrituta dator, Itziar Alduntzin aurkezlearen eskutik. Arantza Ruiz eta Odei Esnaolarekin batera, gaurkotasuna jorratuko dute, modu original eta ziztatzailean. Eguneko gakoak aztertuko dituzte, gaiak testuinguruan jarrita eta horietan egon daitezkeen kontraesanetan murgilduta. Azken ordukoa ere ekarriko digute erreportariek, ahalik eta ikuspegi originalenarekin, eta bi solaskide-mahai izango dira: mahaietako batean gaurkotasun soziala jorratuko dute eta bestean, berriz, gai politikoak. "QMEC" saioak platoa estreinatuko du udazken honetan, eta kolaboratzaileen artean ere aurpegi berriak izango dira. Gainera, erreportarien taldea berrituta dator. Hala, Odei Esnaolak kalea utzi eta testigantzak eta elkarrizketak ekarriko ditu platora, azalpenetan sakontzeko pantailekin batera. Kalean berriz, Iñigo Ziganda, Aiora Oronoz eta Amaiur Elizari izango dituzte, Euskal Herrian gertatzen denaren azken ordukoa gure etxeetara ekartzeko. Madrilgo azken ordukoa Nahiara Gagoren eskutik jasoko dugu. Astelehenetik ostiralera izango da hori guztia, 17:40an, zuzenean, ETB2n.
"Juego de Cartas"
Irailaren 7an hasiko da "Juego de Cartas" saioaren laugarren denboraldia, Javi Sierrak aurkeztuta. Astero lau jatetxe arituko dira lehian kategoria ezberdinetan, eta, ohi bezala, parte-hartzaileek beraiek erabakiko dute, Javirekin batera, lauen artean zein den onena. Estreinaldiko atalean, kuadrilentzako menuak eskaini ohi dituzten Gipuzkoako lau jatetxe izango dira lehian.
"Historias a Bocados"
Irailaren 13an hasiko du saioak denboraldi berria, eta Joseba Arguiñano sukaldari zarauztarrak ibilbide gastronomiko berriak proposatzen jarraituko du, Euskal Herrian barrena.
"Vascos por el Mundo"
"Vascos Por el Mundo" saioko lantaldeak ere denboraldi berriari ekingo dio, eta, udazken honetan ere, mundu osoko bazterrak bisitatuko dituzte, bertako ohiturak eta toki esanguratsuenak han bizi diren euskaldunen eskutik ezagutzeko. Besteak beste, Stuttgart eta Toscana bisitatuko dituzte denboraldi honetan. Ostegunero, ETB2n, irailaren 17tik aurrera.
"A Bocados"
Uda Donostiako Haize Orraziko terraza idilikoan eman ostean, Ander Gonzalez sukaldaria eta Gabriela Uriarte nutrizionista platora itzuliko dira, laugarren denboraldiari ekiteko. Hala, udazken honetan errezeta eta nutrizio-gakoak azaltzen jarraituko dute, sukaldean osasunaren eta zaporearen arteko oreka bilatu nahian. Ez dira faltako, noski, erreportajeak, aholkuak eta, nola ez, umorea. Irailaren 21etik aurrera.
"EiTB Kultura"
EiTB Kultura saioak Euskal Herriko sortzaileen lana ezagutzen, beren proposamenak jasotzen eta kultur proiektu eta espazioen berri ematen jarraituko du. Ostegun gauetan eutsiko diogu kulturaren hitzorduari, ETB1en eta ETB2n.
"Teknopolis"
Egoera berrira egokitu behar dugun honetan, eta zientziak seguruenik inoiz baino gaurkotasun handiagoa duen garai honetan, berriz ere bueltan izango dugu "Teknopolis" saioa, ETB1en eta ETB2n. Programak atal berezi bat eskainiko dio koronabirusari, eta astero pandemiarekin erlazionatutako gai baten azken aurrerapenak ezagutuko ditugu. Helburua da zein egoeratan gauden ez ahaztea eta zorrotz azaltzea pandemiaren hari-mutur desberdinak, zientziaren ikuspegitik, gizarte informatu eta kritiko batek behar dituen tresnak eskaintzeko. Iñaki Leturiak jarraituko du aurkezle lanetan, eta, ohi bezala, saio bakoitzean gai tematiko bati lotutako erreportajea izango da ardatza, beste gai batzuk ahaztu gabe. 23. denboraldia irailean abiatuko du "Teknopolis" programak.
"Vamos a Hacer Historia"
Elene Lizarralde kazetariaren eta Juan Manuel González Cembellin ("Todos los Apellidos Vascos") historialariaren eskutik, Euskal Herriko iragan hurbileko atal garrantzitsuenetan murgilduko gaituen dokumental-realitya da "Vamos a Hacer Historia". Joan den uztailean pandemien inguruko atal berezia eskaini ostean, irailaren 30etik aurrera emango da "Vamos a Hacer Historia" saioaren denboraldi osoa. Kapitulu bakoitzean, Euskal Herriko historiako gertaera garrantzitsu bat jorratuko dute, bai gizartean duen eraginagatik, baita esanahi politikoagatik esanguratsuak izan direlako. Elkarrizketa sorta baten bidez, Elene Lizarraldek historiako gertakari horietan barneratuko gaitu. Horren solaskideak kasu batzuetan gaian jantziak dauden adituak izango dira, eta beste batzuetan une jakin horrekin zerikusia duten pertsona, senide, bizilagun eta jende anonimoa. Baina "Vamos a Hacer Historia" saioak harago joan nahi du. Juan Manuel González Cembellinek gertakarien berri emango die auzokide talde bati edo jazoeraren guneari lotutako pertsona batzuei, agian ez baitute jakingo zer gertatu zen han. Gonbidatu horiek eztabaidatu eta galdetu ahal izango diete historialariari eta bere lankideei saioan zehar sortzen zaien edozein zalantza.
"360º"
Eider Hurtadoren eskutik, "360º" saioa gai zahar eta berrien alderik ezagunenetan murgilduko da, programako ikerketa lantaldeari eskeri. Denboraldi berri hau, baina, berrikuntza batekin dator. Izan ere, ez da asteroko saioa izango. Ikerketa taldeak hainbat gai jorratuko ditu eta aktualitateak eskatzen duenean eskainiko dira, Hala, irailetik abendura bitartean, 7 gai landuko dituzte; Sekretu Ofizialen Legea, Guardia Zibila Euskal Herrian, Felipe VI.a erregearen papera Espainiako Koroa ezbaian dagoen une honetan eta Francoren legatua, besteak beste. Ohi bezala, "360º" saioko erreportajeen asmoa da testigantza berriak plazaratzea, ikerketa ildo berriak abiatzea eta ikuspuntu ezberdinak, egiazkoak eta interesgarriak bilatzea, beti itzaletan egon diren gaiei argitasuna eman nahian.
"La Noche De…" saioaren 25. urteurrena
Irailean 25 urte beteko ditu "La Noche De..." saioak, eta Felix Linaresek eta saioko taldeak behar bezala ospatuko dute hilabete osoan zehar. Hala, astearte guztietan egongo da atal berezi bat programaren 25 urte hauen inguruan, eta, Zinemaldiaren hasierarekin eta Donostia sariarekin bat eginez, estreinaldi berezi bat izango da, "La Noche De..." gau berezi batean. Hala, irailaren 22an, Green Book film entzutetsu eta saritua estreinatuko du "LND" saioak, esklusiban.
Viggo Mortensen eta Mahershala Ali aktoreak protagonista dituen pelikulak hiru Oscar irabazi ditu: pelikula onenaren saria, jatorrizko gidoi onenarena eta Mahershala Alik jaso duen bigarren mailako aktore onenarena. 1960an girotutako lan honek Tony Lipen (Viggo Mortensen) istorioa kontatzen du: Bronxeko italiar-amerikar zakarrak, Don Shirley pianista beltz iaio eta trebearen gidari lanak egingo ditu, AEBko hegoaldean egingo duen kontzertu sorta batean. Bidaian zehar, 'liburu berdea' izan beharko dute kontuan, afro-amerikarrak onartzen dituzten lokalen zerrenda jasotzen duen lana.