Itxi

telebista

2019-2020 denboraldia

ETBk udazkeneko programazioa aurkeztu du Gasteizko FesTVal jaialdian

EiTB

ETB2ko arratsaldea, ETB1eko ordutegi nagusia eta estreinaldi nabarmenak dira aurtengo apustu nagusiak.

1:10
Edu Barinaga, ETBko zuzendaria

Euskal Telebistak udazkenerako prestatu duen programazioa aurkeztu du ostiral honetan, irailaren 6an, Gasteizko FesTValean, nobedade askorekin. Saio berrien protagonistak bildu ditu Edu Barinaga ETBren zuzendariak gidatutako aurkezpen saioan.

Ekitaldian, besteak beste, honako hauek izan dira: Julian Iantzi, Klaudio Landa, Iñaki Urrutia, Ion Aramendi, Arantza Ruiz, Ander Gonzalez, Joseba Arguiñano, Eider Hurtado, Xabier Madariaga, Aitziber Garmendia, Javi Sierra, Agus Barandiaran, Izaskun Iturri, Amaia Orbegozo, Koldobika Jauregi, Jorge Makorra, Yolanda Mendiola, Iñaki Leturia, Eider Perez, Ana Ramos, Abel Barriola, Mikel Idoate, Hibai Etxebarria, Amaiur Elizari, Ene Kantakeko kideak eta 'Go!azen 6.0' aktore lan-taldea.

Edu Barinaga zuzendariak euskarazko programazioa sendotzeko asmoz ETB1ek gauetarako egin duen eskaintza indartsua azpimarratu du. Denboraldi honetan ETB1eko ordutegi nagusia berrantolatu da. Hartara, 21:00etan 'Gure Kasa' dago ikusgai, 22:00etan gaueko saio nagusia eta 23:15ean Klaudio Landaren 'Egunak Egin Du' saio berria.

Julen eta Antton Telleria anaiek gidatzen duten 'Gure Kasa' saioaren hirugarren denboraldia berrikuntzaz beteta dator. Platoa dotore-dotore jarri dute egunero gonbidatuei harrera egiteko. Kolaboratzaile eta pertsonaia berriak izango dira plato berritu honetan. Egunero lagun ezagun bati elkarrizketa mamitsua egin eta atal berrietan parte hartzera gonbidatuko dute.

'Egunak Egin Du' Klaudio Landak aurkezten duen saioa astelehenetik ostegunera dago ikusgai 23:15ean. Gauero eta eguna amaitzeko, aurkezle ezagunak lagun eta kolaboratzaileak hartuko ditu eta umoretik, filtrorik gabe eta patxada ederrean, hainbat gaien inguruan solastuko dira.

Eguneroko eskaintza bereziari dagokionez, astelehenean, 22:00etan, 'Ahotsak' saioa estreinatu zen. Bertan, Julian Iantzi, Hibai Etxebarria musika aditua lagun duela, Euskal Herriko abesbatza onenaren bila abiatu da.

Urrian, 'Ur Handitan' saioa itzuliko da. 100. atalera iritsiko da denboraldi honetan. Gizartearen egunerokotasunean bizi ditugun gaiak jorratzen jarraituko du Xabier Madariagak, gai unibertsalak, beti ere emozioak oinarri hartuz eta elkarrizketa izanik erreminta nagusia.

Asteazkenetan, 'Korrontzi Dantzan' dago ikusgai aste honetatik. Agus Barandiaranek eta Izaskun Iturrik herri ezberdinetara eramango dute euren proiektua. Saioan, emanaldia nola prestatzen duten ikusi eta jende aurreko ikuskizunaz gozatu ahal izango dugu.

Ostegunetan, irailaren 26tik aurrera, 'Arimaren Margolariak' saioaren txanda izango da. Euskal Herriko margolari amateur onena aukeratzeko helburua duen reality-a. Zortzi lagun lehiatuko dira hiru adituren begiradapean: Koldobika Jauregi (eskultorea eta Dantza pelikulako zuzendari artistikoa), Arantza Orbegozo (erretratista eta muralista) eta Jorge Malkorra (artista eta psikologoa).

'Oholtzan' saioak gure inguruan izaten diren denetariko musika eta dantza ikuskizunak ekarriko ditu aurrerantzean ere, eta irailaren 22an, 'Herri Txiki, Infernu Handi'-ko Mikel Pagadi eta Zuhaitz Gurrutxaga itzuliko dira. Seigarren denboraldia Amaiur eta Berriz herriak ezagutuz hasiko dituzte.

Bestalde, laster, 'Sukaldaria'-ren beste saio sorta bat izango dugu. Bertan, Joseba Arguiñanok Euskal Herrian barrena jarraituko du, leku bakoitzeko historia, pertsonaiak eta sukaldaritza ezagutuz.

Ez du hutsik egingo ETB1eko eguerditan 'Txoriene' Zigor Iturrietaren sukaldaritza proposamenak. Halaber, Amaya Cayerok eta llaski Serranok, 16:00etatik 18:00etara kultura, dibulgazioa eta aktualitatea tartekatuko dituen 'Ahoz Aho' magazina aurkeztuko dute.

Kurtso honetan, ETB1eko programazioan izango ditugu berriro Yolanda Mendiolak aurkezten duen 'Artefaktua' literatur saioa; Eider Perezek gidatzen duen 'Hitzetik Hortzera' bertsolaritzari buruzko saioa, eta Iñaki Leturiak aurkezten duen zientzia eta teknologiari buruzko 'Teknopolis'.

'3 Ene Kantak' saioaren abesti eta dantzak ETB3ko programazioan

ETB3k Iruñeko Ene Kantak talde ospetsuaren eskutik '3 Ene Kantak' saioa estreinatu berri du. Hemendik aurrera, beraz, Urko Oskoz, Nerea Urbizu, Oiane Yarza, Astonauta, Satorjator, Astotxiki eta Satortxiki ETB3 kanaleko, Hiru3 webeko eta Hiru3 app-ko partaide izango dira, eta abesti eta dantza-ikuskizun jostagarriak eskainiko dituzte.

Azaroan, 'Go!azen 6.0' telesaila iritsiko da. Aurtengo pertsonaia guztiak berriak izango dira, bat izan ezik. Iaz Zuriren paperean ezagutu genuen Maria Redondorekin batera, 'Bago!az' saioko irabazlea izandako Danae Riaño, Esti Lopez, Markel Sainz, Kimetz Renteria, Xabi Rodriguez, Andrea Mora, Nikola Zalduegi, Lorea Intxausti eta Xanti Korkostegi arituko dira aktore lanetan.

ETB1ek, bestalde, denboraldi berrirako euskarazko bi minisail prestatuko ditu. Horietako batek Basauriko 1976ko ihesaldia du oinarri, eta bestea, berriz, Alardearen ingurumarian gertatzen da.

Eskaintza Berria ETB2ko arratsaldeetarako

Programa eta eduki berriekin osatuko du ETB2k arratsaldea ikasturte honetan. Martxan da, Iñaki Urrutiak 16:30ean aurkeztutako 'Yo Sé Más Que Tú' lehiaketa berria. Ondoren, 'Qué Me Estás Contado' saioak ordutegi zabalagoa izango du denboraldi honetan: 17:15ean hasi eta 19:30ak arte luzatuko da. Ion Aramendik gainera, lankide berria izango du, Arantza Ruiz kazetaria. Javier Antonek hartu die lekukoa 'Y Punto' umorezko saioarekin, Sergio Arrospide, Leire Orbe eta Aitor Gabilondo kolaboratzaileekin batera.

Arratsaldeari amaiera emateko, 'A Bocados' sukaldaritza saioa izango dugu ikusgai. Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte nutrizionistak euren errezeta berezi eta osasuntsuak eskainiko dizkigute egunero irailaren 16tik aurrera.

Xabier Lapitz, orobat, hasia da aktualitateari neurria hartzen goizeko 'En Jake' saioan. Bosgarren denboraldi honetan landuko diren gaien artean, honako albisteak jarraituko dira, besteak beste: Procès auziko epaiketaren sententzia, Espainiako gobernu eraketarako negoziazioak, Euskadiko aurrekontuen onarpena eta 2020ko hauteskunde autonomikoak

Patxi Alonsok aurkezten duen 'Atrápame Si Puedes' lehiaketa 124.000 euroko zakuarekin itzuli da seigarren denboraldi honetan. Gainera, saioaren irudi fresko eta gaurkotuago bat ikusiko dugu.

Irailaren 12an 'Restaurante Sin Barreras' estreinatuko da. Iñaki Urrutiak aurkeztuko duen saioan, desgaitasuna duten zortzi gaztek bere bizitzako erronka handienari egingo diote aurre: sei astetan jatetxe bateko langile izateko prestatu beharko dira. Denbora mugatu horretan, euren trabak gainditu beharko dituzte.

Eta Javi Sierra sukaldaria buru duen 'Juego de Cartas' saioak irailaren 9an ekingo dio hirugarren denboraldiari, gastronomia, bat-batekotasuna eta umorea uztartuz.

Eider Hurtadok zuzendu eta aurkezten duen '360º' ikerketa kazetaritzako saioa igande gauero izango dugu ikusgai irailaren 22tik aurrera. Ohi denez, aktualitate, politika eta gizarte gaiei helduko diete.

'Vascos por el Mundo'-k herrialde ezberdinetan bizi diren euskaldunak bisitatzen jarraituko du. Aurrerantzean asteazkenetan emango da saioa, eta La Haya, Chipre, Boston, Eslovaquia, Santiago de Chile, Finlandia eta Florida izango ditu jomuga.

Felix Linaresek aurkezten duen 'La Noche de...' saioak 25. denboraldia beteko du aurten. Ikus-entzuleen leialtasunari eutsi dion saioak Ovejas negras eta Cómo se hizo tarteak estreinatuko ditu eta filma arrakastatsuak ematen jarraituko du.

Bestetik, asteburu honetatik aurrera Joseba Arguiñano sukaldariak irteera gehiago ditu prestatuta, eta sukalde giroko kontuak ekarriko ditu. ETB2ko programazioan hortxe izango da larunbatetan eta igandeetan 'Escapadas con Joseba Arguiñano' eta 'Historias a Bocados' saioekin.

Albistegiak, kirolak eta zinema

Datorren astelehenean albistegietako denboraldi berria hasiko da ETBn. Plato berriak estreinatuko dituzte, eta orain arte bezala ikus-entzuleen jakin mina asetzea izango da albistegi zerbitzuen helburua, lortutako lidergoa sendotuz.

Kirolari dagokionez, gure kirolak izango dira denboraldiko ardatz nagusi. Pilotan, baina, aldaketa kualitatiboak egingo dira. Xabier Euzkitzek eta Josetxo Lizartzak bidelagun berriak izango dituzte. Larunbatetan Mikel Idoate izango da lagun izango duten aditua. Igandetan berriz, Abel Barriola. Emanaldiei ere estetika aldetik beste ukitu bat eman nahi zaie. Estilo liburu bat diseinatu du lantaldeak, 'ETB Kantxa' beste era batera plazaratzeko helburuarekin.

'Helmuga' saioa ere berritasuna da. Ana Ramos aurkezle dela, kirol eta kirolari desberdinak izango dira protagonista. Egunerokoan askotan tarterik izaten ez dutenak, baina zer esan handia dutenak. Platoan elkarrizketak eta beste era batera landutako erreportajeak egingo dituzte. Kirola aitzaki hartuta, bizitzeko era desberdinak plazaratu nahi dira. Igandeetan 11:30ean eskainiko da saioa, emakumezkoen kirol desberdinen emanaldien aurretik.

Albistegietan, tarte berezia izango dute kirolek; Jon Balentziaga eta Ana Ramos ETB1en eta Jose Ituarte eta Sara Gandara ETB2n izango ditugu berriemaile. Lehen Mailan dauden bost euskal futbol taldeen egunerokoa gertutik jarraituko dute.

Zinearen atalean, berebat, izenburu eta estreinaldi erakargarrien zerrenda prestatu du ETBk: bateko, Errementari, Oreina, Dantza eta Soinujolearen semea estreinatuko dira kurtso honetan; besteko, Dunkerque, Los archivos el Pentágono, Molly's gamen, Belleza oculta, Yo, Tonya, 7 días en Entebbe, El inocente, La víctima, Trauma, Dinero oscuro, Secretos, Represalias eta Mrs. Wilson izango dira laster ikusgai.