Itxi

telebista

Aurkezpena

Udako nobedadeak aurkeztu ditu ETBk

EiTB

'Karabana', 'Chiloé Lasterka Munduan', 'Euskalonski', 'Bostekoa', 'A Bocados de Verano', 'Vascos por el Mundo' eta 'La Sala' saioek osatuko dute, besteak beste, udako programazioa.

1:26
ETBko aurkezleak Donostiako Kontxa hondartzan

Udako programazioaren aurkezpena egin du Euskal Telebistak ostegun honetan, ekainaren 27an, Donostian. Prentsaurrekoan, datozen hilabeteetan izango ditugun nobedade nagusien berri eman du Gorka Garcia ETBko Arte eta Programa zuzendariak, aurkezle eta programako ordezkariez inguratuta.

ETB1

'Karabana', Zigor Iturrieta eta Itxaso Gonzalez sukaldariek aurkeztuko duten saioa astelehenetik ostegunera izango dugu ikusgai, iluntzeko 'Gaur Egun' albistegiaren ostean. Datorren uztailaren 1ean hasita, herriz herri ibiliko dira euren sukalde ibiltariarekin eta herritarrekin tokiko platerak prestatuko dituzte, haien historia ezagutzen duten bitartean. Plater horiek prestatzeko pertsona alai eta saltseroak izango dituzte lagun, sukaldea eta gastronomia maite dutenak.

'Euskalonski'k, mugarik gabeko euskaldunen abenturak, jarraipena izango du udan ETB1en. Euskara eta musika ardatz hartuta, munduko hainbat herrialde ezagutzeko aukera emango digu berriz ere Pello Reparazek, leku horietan bizi diren euskal hiztunen eskutik. Sidney, Txileko Santiago, Mexiko Hiria, Bartzelona, Valparaiso, Dublin, Erroma, Praga, Helsinki eta Tokiora eramango gaitu uztailaren 2tik aurrera Reparazek.

'Chiloé, Lasterka Munduan' saioaren hirugarren denboraldia datorren uztailaren 4an estreinatuko du ETB1ek. Zigor Iturrietak bere bi pasioak uztartzen ditu programa honetan: herrialde ezberdinetako mendi lasterketak egin eta leku horietako gastronomia, jendea eta parajeak ezagutu. Lehen ibilbidea Japonian osatuko du, Osaka hirian eta Iga Ueno eskualdean barrena. Bertan, Ninja Trail mendi lasterketan hartuko du parte. Iturrietaren bigarren jomuga Montpellier eta bertako maratoia izango dira. Hirugarren atalean Esloveniara eramango gaitu, laugarrenean Austriara eta bosgarrenean Flandriara.

Herri kirolen mundua barrutik ezagutzeko aukera izango dugu Aitor Zubietak gidatuko duen 'Bostekoa' saioaren bitartez, uztailaren 7tik aurrera. Astero bi herri izango dira nor baino nor gehiago, sokatiran, harria jasotzen, txingak eramaten, trontzak mozten eta giza proban. Talde bakoitzeko bost lehiakideak eta horiek herri kirolekin dituzten harremanak ezagutuko ditugu, baita euren herria eta inguruko jendea ere. Zortzi herrien artetik irabazten duenak 5.000 euro jasoko ditu, eta, horrez gain, Herrien Arteko Pentatloi Txapelketako txapela jantziko du.

ETB2

Uztailaren 8tik aurrera, Ander Gonzalezek plater bat prestatuko du egunero 'A Bocados de Verano' saioan. Euskal herri politenak eta turistikoenak bisitatuko ditu eta bertako kioskoak bilakatuko ditu telebista-plato, hantxe sukaldea antolatzeko. Egunero, halaber, lagun bat izango du Anderrek alboan jakiak prestatzeko. Kultura, gizartea eta sukaldaritza arloko pertsona ezagunak, bisitatuko dituen herrikoak eta bertan uda pasatzen duten lagunak, hain zuzen ere. Saioa astelehenetik ostiralera, 20:30ean, 'Teleberri' albistegiaren aurretik eskainiko da.

Ostegunero ikusgai dagoen ETB2ko 'Vascos por el Mundo' saioak bidaiatzen jarraituko du udan, historia onenen bila. Aurten, Panamara, Mediterraneoko Kosta Urdinera, Kanadara eta Estoniara joango da, besteak beste. Pedro Mardones, Roberto Vázquez, Carolina Calvo, Amaiur Elizari eta Leyre Samanesek osatutako erreportari-taldeak bi kide gehiago izango ditu: Nahiara Gago eta Erika Barreras. 'Vascos por el Mundo'k batzuetan itsasoa izango du protagonista, eta beste batzuetan mendi eta aintzira ikusgarriak dauden parajeetara joango dira. Guztiak ere oporretarako leku perfektuak, eta, bertan, kontatzeko istorioak dituzten euskaldunak topatuko ditu lan-taldeak.

'La Sala' telesaila estreinatuko da ETB2n uda honetan. Galdeketetan aditua den polizia-inspektore batek eginiko krimena da haren ardatza, eta ikerketa aurrera eramango den instrukzio-epaitegian garatuko da istorioa. Honako aktore hauek parte hartuko dute, besteak beste: Francesc Garrido (Yago Costa), Goya Toledo (Lola Solozábal), Raúl Prieto (Luis Corbalán) eta Natalia Rodríguez (Sara Sibilio). Irrati eta Telebista Autonomikoen Erakunde edo Entitateen Federazioak (FORTA) koordinatu eta lagundu du 'La Sala' fikziozko telesailaren filmaketa. Telesailean bederatzi hedabide publiko autonomikoek parte hartu dute, tokiko ekoiztetxeekin batera.

'El Sabor del Crimen' uztailaren 8an estreinatuko da, lehen bi ataletan Dani Alvarezek aurkeztuta eta hirugarrenetik aurrera Andrea Ropero kazetariaren eta Xabier Gutierrez sukaldari eta nobelagilearen gidaritzapean. Euskadiko bazterretatik txangoak proposatuko dizkigu, zinearen eta literaturaren bidez ezagun egin diren fikziozko krimenen ibilbideak jarraituz. Bidaiaren oinarri izan diren lanen egileek ere zer esana izango dute ibilbide bakoitzean. Programaren atal bakoitzak ardatz hartu duen liburua edo filma oinarri hartuta, Gutierrezek jaki bat prestatuko du astero.

Tarte eta saio berriez gainera, arratsaldero 'Qué Me Estás Contando' saioak kalean bolo-bolo dauden gaiei arreta eskaintzen jarraituko du. Ion Aramendik eta bere solaskide taldeak modu dibertigarri eta entretenigarrian jorratuko dituzte gai hauek.

Bestalde, Klaudio Landak gidatzen duen 'Está Pasando' saioak adi jarraituko du aktualitatea. Eguneko albiste nagusi diren gertaeren azken orduko kontakizuna eta analisi sakona egingo dute arratsaldero, baita umorearen ikuspuntutik ere, bi ordu pasatxo irauten duen saioan. Halaber, erlaxatu eta ondo pasatzeko parada izango da orain arte bezala 'Está Pasando y Punto' saioarekin uda guztian.

Zinea

Ekoizpen europarreko hainbat komediaren eskubideak eskuratu ditu ETBk uztaila eta abuztuan zehar estreinatzeko. Besteak bestek, El maravilloso jardín secreto de Bella Brown, Bendita locura eta Amor es todo lo que necesitas estreinatuko dira komedia sorta horien artean.

'La Noche de…'k uztailaren 2 eta 3an Engaño miniseriaren estreinaldiko emisio berezia egingo du, egunean bi atal eskainiz. Halaber, Magic Mike XXL, Vacaciones eta Como reinas ere emango ditu Linaresen saioak.

Azken urteetan egin bezala, igande gauetan 6 eta 8 ataletako miniserie desberdinak estreinatuko dira uztaila eta abuztuan zehar. ETBn esklusiban ikusi ahal izango dira ondokoak: Bodas de sangre, Sombras rojas eta Desaparecida.

Berebat, astelehen gauero euskal zinearen leihoa izaten jarraituko du ETB1ek.

Aktualitatea eta kirol eskaintza

'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiak izango ditugu eguneroko programazioaren erdigunean eta , Xabier Lapitzek gidatzen duen 'En Jake' iritzi eta solasaldi tartea ikusgai izango dugu goizero ETB2n uztailaren amaierara arte.

Gure kirolak izango dira kirol programazioaren ardatz. Urtero legez, Eusko Label Liga eta Euskotren Liga asteburuetako emanaldi garrantzitsuak izango dira. Aurten, gainera, arraun emanaldiak berrikuntzekin datoz. Sara Gandara uretan egongo da protagonistak elkarrizketatzen eta emakumeen estropadari eskainitako tartea zabalagoa izango da. Esku pilotari dagokionez, San Fermin Torneotik hasi eta Logroñoko San Mateoak bitarte, jaialdi andana eskainiko ditu ETBk, bigarren urtez antolatu den Emakume Master Cupeko San Fermin Torneoa barne. Frantziako Tourreko emankizunekin batera 'On Tour' saioa izango dugu ikusgai eta Donostiako Klasika nobedade garrantzitsu batekin dator: estreinakoz jokatuko den emakumeen proba ere eskainiko da.

Txirrindularitzarekin lotuta, Markel Irizarri buruzko dokumental bat prestatzen ari dira ETBko kirol erredakzioan. Herri kirolek ez dute huts egingo udan eta futbolean gizonezkoen eta emakumezkoen Euskal Herria Kopako finalak izango ditugu.

Emanaldi bereziak

Donibane gaueko ospakizunekin jarri ziren abian udako emanaldi bereziak ETBn. Ate joka ditugu Iruñeko sanferminak eta haren atzetik etorriko dira Baionako Bestei, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiei, eta Donostia eta Bilboko aste nagusiei eskainitako saio bereziak. Sanferminei lotuta, La Pamplonesa musika bandaren bi emanaldi berezi izango ditugu ikusgai, taldearen mendeurrena ospatzeko antolatutakoak. Beste bi klasikok ere ez dute hutsik egingo: Portugaleteko Folklore Jaialdiak eta Lekeitioko Antzar Egunak. Azpeitian antolatutako errekortari txapelketarekin eta Eltziegoko Marques del Riscal upategian grabatutako Lurra, Ardoa, Dantza ikuskizunarekin ere gozatu ahal izango dugu.

ETB3

Udako oporren hasierarekin batera, ETB3k marrazki bizidun berriak eskainiko ditu. 'Balloon', 'Spirit Zaldi Askea' eta 'Pingu Hirian' marrazkien atal berriak izango dira haurrentzako udako programazioaren berrikuntza nabarmenenak. Horrez gain, 'Go!azen' telesaila astelehenetik ostiralera eta 'Merlí' larunbatean izango dira ikusgai. Halaber, '3txulo' eta '3zpa4' saioak astelehenetik igandera, 09:30ean eta 20:00etan hurrenez hurren, eskainiko dira. Bestalde, asteburuetan, film luzeak izango dira ikusgai, 15:30ean.