telebista
Gaur
Kataluniari buruzko saioak eta jarraipen berezia, ETBko albistegietan
A.E.| EiTB
Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan emango duen diskurtsoa jarraitzeaz gain, Kataluniako azken orduaren inguruan berri emango dute Bartzelonatik hainbat gonbidaturekin.
Euskal Telebistak Kataluniari buruzko jarraipen berezia egingo du, gaur, saio eta albistegi berezien bidez. Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan emango duen diskurtsoa jarraitzeaz gainera, Kataluniako azken orduaren inguruan berri emango dute Bartzelonatik hainbat gonbidaturekin egun osoan. Hain zuzen ere, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak independentziari buruzko galdeketaren osteko egoera politikoa aztertuko du Kataluniako Parlamentuan.
'Gaur Egun' eta 'Teleberri'n bidali bereziak
Eguneroko albistegiek jarraipen berezia egingo diote Kataluniari egun guztian. Bertatik berri emango dute 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'rako, Olatz Simon eta Eli Zunzunegiren batera, Saioa Martijak, Juan Carlos Etxeberriak, Julen Etxebarriak eta Miren Josu Arrazolak. Bartzelonan jarritako setean, hain zuzen ere, Saioa Martija eta Juan Carlos Etxeberria egongo dira gonbidatuak elkarrizketatzen.
ETB1en, halaber, 16:05ean hasita, Amaia Cayerok aurkeztu eta zuzendutako 'Ahoz Aho' saioak beteko du arratsalde guztia 'Iparraldearen Orena' hasi arte. Gaia aztertzeko, alderdien mahaia izango du alde batetik, eta aditu eta kazetariena, bestetik. Bigarren mahai horretan Joxe Ramon Bengoetxea, Maite Ubiria eta Joseba Arruti egongo dira. Arratsalde guztian zehar zuzeneko konexioak egingo dituzte Parlamenteko osoko bilkurarekin.
Gauean, 21:15etik aurrera, berriz, 'Ahoz Aho+' saio berezia izango da. Bertan, Denis Itxaso, Estitxu Garai, Amagoia Gurrutxaga, Galder del Campo eta Iñaki Galdos egongo dira. Halaber, bat egingo dute Saioa Martijak Bartzelonako setean izango dituen gonbidatuekin.
Katalunia, gizarte eredu
Ondoren, Katalunia, gizarte eredu erreportajea eskainiko da 22:30ean hasita. Kataluniako independentzia, politikan eta gizartean, oro har, ez dabil besterik. Urriaren 1eko bozketak oso itzal luzea utzi du poliziaren indarkeria bezain mingarriak izan baitira ondoren Kataluniatik ihes egin duten hainbat enpresen jokabidea eta nazioartearen isiltasuna. Bestalde, gogoangarriak izan dira Kataluniako herritarrek emandako erantzun baketsua eta Euskal Herritik helarazi zaien erantzun zabala. Egun seinalatu hartan protagonista izandakoen bizipen eta gogoetak bilduko dituzte.
Batetik, Angel Oiarbide Gure Esku Dagoko bozeramailearekin izango dira, eta hau hasiera puntura iristeko bidea besterik ez dela izan azalduko du. Bertan lagundu zuen Mikel Otero suhiltzailea eta elkartasuna azaltzera joandako Galdakaoko bi gazterekin ere elkartuko dira. Guztiek ikur berezi bat ekarriko dute.
Bestalde, komunikabideek gaia nola jorratu duten jakin nahian, Martxelo Otamendi, Joseba Arruti eta Humberto Unzueta kazetariak elkartuko dituzte. Eta honek gerora Katalunian eta gurean izango duen eragina ezagutu nahian, Eguzki Urteaga eta Juanjo Alvarezekin izango dira.
ETB2n
Arratsaldean, eta, albistegien ondotik, 16:00etan 'El Programa de Klaudio'k Puigdemontek Kataluniako Parlamentuan egindako agerraldia izango du ahotan 20:20ean 'A Bocados' hasi arte.
Azkenik, 22:30ean, Xabier Garcia Ramsdenek gidatutako albistegi berezia izango da. Platoan solaskide mahaia izango ditu Ramsdenek eta Bartzelonan, halaber, Juan Carlos Etxeberriak hainbat gonbidatu elkarrizketatuko ditu Puigdemonten hitzaldiaren inguruan gogoeta egiteko.
eitb.eus-en eduki guztiak
Orobat, eitb.eus-en arreta berezia eskainiko zaio Parlamenteko bilkurari Kataluniari eskainitako webgune berezian.
Katalunian gertatuko denaren kontakizun idatzia egingo da minutuz minutu, jasotako bideoak eta argazkiak tartean direla. Irratsaio eta telebista saio bereziak zuzenean ikusteko eta entzuteko aukera izango da internet bidez.