Prentsa aretoa
Interneteko pribatutasuna
Webguneetako cookieen oharrak euskaraz daude jada, EITBren eskutik
EITB Media
Legez, webgune guztiek eman behar dute pribatutasunaren informazioa eta hori kudeatzeko aukera. EITBk euskarazko testuak sortu eta partekatu ditu, eta beste webgune batzuek ere erabili ahalko dituzte.
-
eitb.eus webgunearen irudia, gailu ezberdinetan. EITB Media
Aurrerantzean, eitb.eus-eko erabiltzaileek euskaraz irakurri eta kudeatu ahalko dute beren pribatutasunaren inguruko informazioa. Izan ere, EITBk cookieen eta baimenen inguruko testu eta ohar guztiak euskaratu ditu, eta beste komunikabide eta enpresa batzuek ere erabili ditzaten partekatu.
Webgune guztiek eman behar dute, legez, cookieen erabilerari buruzko informazioa eta pribatutasuna kudeatzeko aukera. Orain arte, baina, ez zegoen hori euskaraz eskaintzerik, baimena kudeatzeko plataforma edo euskarrietan ez zegoelako euskarazko testua aukeratzerik.
Consent Management Platform (CMP) izena du baimenaren kudeaketarako euskarriak, eta erabiltzaileen datu pertsonalak prozesatzeko legezko baimenak gestionatzen dituen teknologia bat da. Laburrean, CMP batek erabiltzaileak erabakitakoa "gorde" egiten du. CMP plataforma ezberdinak daude, baina orain arte horietan ez zegoen aukeratzerik prozesua euskaraz egitea.
Horren aurrean, EITBk cookieen eta pribatutasunaren inguruko testu guztiak euskaratu ditu, eta IAB elkarteari helarazi dizkio, hark CMPtan inplementatu ditzan. Komunikazio, publizitate eta marketin digitalaren munduko elkarterik handiena da IAB, eta 60 CMP baino gehiago daude bertan erregistratuta, ziurtagiriarekin.
Beraz, aurrerantzean horiek guztiek izango dute aukera EITBk sortutako euskarazko testuak erabiltzeko eta, ondorioz, hainbat enpresak eta komunikabidek mezuak euskaraz erakustea hautatu ahal izango dute, euskarazko testuak aukeren artean izango baitira.
Hartara, konpondu egiten da Euskal Irrati Telebista bezalako hainbat euskal enpresek hizkuntza mailan aurkitu duten arazoa cookieen inguruan legeak eskatutako aldaketak ezartzerakoan.
Zer dira cookieak?
Cookie bat datu fitxategi txiki bat da, gure ordenagailu, sakelako telefono edo bestelako gailu batera bidali eta gure nabigatzailean gordeta geratzen dena webgune bat bisitatzen dugunean. Cookieei esker, gure nabigazioaren inguruko informazioa jasotzen da eta erabiltzailea modu unibokoan identifikatzeko aukera ematen du. Internautak erabaki dezake onartzen dituen ala ez.
Legeak derrigorrez eskatzen du webguneetan CMP edo cookieen kontrolerako bertsio berri bat jartzea, internautek aukera zabalagoa izan dezaten biltzea nahi duten cookieak hautatzeko. Cookie teknikoak bakarrik dira derrigorrezkoak, baina bestelako cookie orokor batzuekin esker (hizkuntza, adib.) Interneteko erabiltzaileek irisgarritasun handiagoa dute beren interesekoak diren edukietara (besteak beste, nabigatzaileak gogoratu dezake webgunea erakusterakoan erabiltzaileak zein hizkuntza nahiago duen).