Itxi

Zinemaldia 2024

Donostia Saria

Eskertuta jaso du Costa-Gavrasek bere Donostia Sari 'politikoa'

M. D. | eitb.eus

Greziar jatorriko zinegile frantziarrak 'Adults in the room' pelikula aurkeztu du, eta Donostiako Zinemaldiaren ohorezko saria jasotzeagatik oso harro sentitzen dela esan du.

Costa-Gavras, Donostia Saria jasotzen.

Costa-Gavras zinegileak eskertuta eta hunkituta jaso du 2019ko Zinemaldiaren lehenengo Donostia Saria. Jaialdiko zuzendari Jose Luis Rebordinosek ema dio ohorezko saria, Victoria Eugenia Antzokian.

Saria jasotzea "oso ohore handia" dela esan du Gavrasek, zinegileek "uste dugulako ez dela oso ezagunak diren sari horietako bat", baina "oso preziatua" da. "Oso harro nago, eta ohore handia izan da, miresten ditudan beste lankideek ere jaso dutelako", nabarmendu du.

Rebordinosentzat, bere zineman "bizi den momentuan eta gizartean gertatzen ari dena kontatzeaz, boterea aztertzeaz eta botereak zapaltzen eta estaltzen dituenei buruz hitz egiteaz" arduratzen da Gavras.

Espainiar Estatuan lan egin zuen lehenengo aldia gogoratu du ekitaldian zinegileak, Torreviejan (Alacant), eta Gipuzkoako hiriburuko publikoaren aurrean Adults in the room pelikula aurkeztu du, Yanis Varoufakis Greziako Finantza ministro ohiaren bizitza politikoaren zati bati buruzkoa (azkenean ez da Donostian izan).

Zuzendariak prentsaurreko batean esan duenez, ministro ohia "autore bikaina" eta "ekonomia irakasle ona" da, baita "pertsona benetan ausarta" ere. "Ez da heroi bat, ez zaizkit gustatzen eta gure gizarteak ez ditu behar", zehaztu du.

Zuzendaria kezkatuta agertu da "faxismoa Europara itzultzen ari delako oso modu herrikoian, eta inork ez du ulertzen zergatik".

Gavrasek nabarmendu duenez, berarena baino lehenagoko belaunaldi batek "oso ondo ezagutzen ditu" faxismoen emaitzak, eta konbentzituta dago Europan ez dutela denbora nahikoa eman gai horiei buruz irakasteko. "Badakigu boterean daudenean oso emaitza negatiboak dituztela", esan du.