Itxi

Zinemaldia 2024

ZINEMA

Cannesen eta Sundancen saritutako film berriak aurkeztuko ditu Horizontes Latinosek

EITB.EUS

'La cordillera de los sueños' filmak emango dio hasiera sailari, eta 'La Llorona' lanak itxiko du, lehiaketaz kanpo.

  • Horizontes Latinos saileko filmak

    Horizontes Latinos saileko filmak. Irudia: @sansebastianfest

Horizontes Latinos sailak Latinoamerikako hamabost ekoizpenez osatutako aukeraketa bat eskainiko digu Cannesen eta Sundancen saritutako filmak nahiz Berlinen eta Venezian aukeratutakoak bilduta. Zazpi ekoizpen zinemagileen lehen edo bigarren lanak dira, eta Gazteriaren TCM Sarirako ere izango dira hautagai.

Patricio Guzmanen azken filmak emango dio hasiera sailari. Bere herrialdearen iparraldean Nostalgia de la luz eta hegoaldean El botón de nácar filmatu ondoren, La cordillera de los sueños filmarekin Andeetan amaitu du bere trilogia. Azken lan hori Cannesko zinema-jaialdian aurkeztu zen, emanaldi berezi batean, eta dokumental onenaren L’Oeil d’or saria eskuratu zuen bertan.

Jayro Bustamantek parte-hartze bikoitza izango du Horizontes Latinos sailean aurten. Bere bigarren filma, Temblores, Berlinaleko Panorama sailean aurkeztu zen eta Horizontes saria eskuratzeko lehiatuko da. Hirugarrenak, La Llorona lanak, Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroaren EFADs-CACI saria lortu zuen Zinemaldian, eta sailari amaiera emango dio, lehiaketaz kanpo.

Gainera, Armando Caporen lehenengo lanak, Agosto-k, sailean izango du Europako estreinaldia. Koprodukzioa Zinemaldiko Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan aukeratu zuten, eta Zinema Eraikitzen 32 sailean parte hartu zuen.

Andres Wood Salvador Allenderen gobernuari aurka egiteko sortu zen Patria y Libertad mugimenduan barneratuko da Araña filmean, eta Zinemaldian izango du Europako estreinaldia.

Así habló el cambista-k, halaber, Federico Veirojen bosgarren film luzeak, Horizontes Latinos sailaren esparruan izango du Europako estreinaldia. Zinemaldiaren sailetan eta industriako jardueretan parte hartu du zuzendariak aurretik bere lanekin.

De nuevo otra vez Romina Paula aktore eta dramagileak zuzendu duen lehenbiziko lana da, eta Rotterdamgo zinema-jaialdiko Bright Future sailean izan zen ikusgai estreinakoz.

El Príncipe, Txile, Argentina eta Belgika arteko koprodukzioa, Sebastian Muñozen lehenengo film luzea da. Zinema Eraikitzen 34 saileko aukeraketan izan zen, eta Veneziako zinema-jaialdiko Kritikaren Astean izango du estreinaldia.

La bronca Daniel eta Diego Vega anaien hirugarren film luzea da. Horien lehenengo lana, Octubre, Un Certain Regard saileko Epaimahaiaren Saria irabazi zuen, eta Horizontes Latinos sailerako aukeratu zuten.

Los sonámbulos Paula Hernandezen (Buenos Aires, 1969) laugarren filma da. Senarraren familiaren etxean senideekin bilera tirabiratsua biziko duten emakume bati eta haren alaba nerabeari buruzkoa da. Filmak Horizontes Latinos sailean izango du Europako estreinaldia. Erica Rivas protagonistarekin batera, Daniel Hendler, Marilu Marini eta Luis Ziembrowski aritu dira antzeztaldean.

Lucia Garibaldiren lehenengo lanak, Los tiburones-ek, Zinema Eraikitzen 34 saileko Industria saria eta Film Factory saria eraman zituen.

Alejandro Landesek bere hirugarren filma ekarriko du: Monos. Filmak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Sundancen (World Cinema Dramatic Competition), eta Berlingo zinema-jaialdiko Panorama sailean ere aurkeztu zuten.

Nuestras madres-ek, Cesar Diazen bigarren film luzeak, Guatemalako gerra zibilean parte hartu zuten militarren epaiketak aztertzen ditu.

Gael Garcia Bernal aktore, zuzendari eta zinema-ekoizleak bigarren film luzea aurkeztuko du: Chicuarotes (aurten Cannesko zinema-jaialdiko emanaldi berezietako bat izan da).

Lehiaketaz kanpo, La ola verde (Que sea ley) proiektatuko da, Juan Solanasen bigarren filma, Cannesko emanaldi berezien artean izandakoa.