Itxi

Zinemaldia 2024

67. edizioa

Sei zinemagile estreinatuko dira Donostiako Zinemaldian

eitb.eus

'The Disaster Artist' filmarekin Urrezko Maskorra irabazi ondoren, James Franco 'Zeroville' pelikulako protagonista eta zuzendaria da.

  • 'Zeroville' filmeko irudia

    'Zeroville' filmeko irudia. Iturria: @sansebatianfes

James Franco estatubatuarra, The Disaster Artist (2017) filmarekin Urrezko Maskorra irabazi zuena, Sail Ofizialera itzuliko da Zeroville filmarekin, hori ere zinema munduan girotutakoa. 67. edizioan orain arte Donostiako Zinemaldian lehiatu ez diren sei zinemagile izango dira euren lanak erakusten: Louise Archambault, Guillaume Nicloux, José Luis Torres Leiva, Ina Weisse, Adilkhan Yerzhanov eta David Zonana.

Louise Archambault Il pleuvait des oiseaux film luzearekin lehiatuko da, Jocelyne Saucierren eleberri homonimoan oinarritutako lanarekin. Horren hirugarren luzea da.

James Francoren Zeroville ere literatur lan baten moldaketa da, Steve Ericksonen eleberri homonimoan oinarritutakoa. Urrezko Maskorraren irabazlea da 60ko hamarkadaren bukaerako Hollywood aldakorrean girotutako fikziozko lan honen protagonista eta zuzendaria.

Guillaume Nicloux zuzendariak berriz jarri du kamera aurrean idazle frantses ospetsua, eta bere burua interpretatzen du Thalasso filmean, Gerard Depardie antzeztaldeko kide duela. Talasoterapia zentro batean ezagutuko dute elkar, eta osasun zentro horretako osasun erregimen zorrotzari aurre egiten saiatuko dira, hainbat gertakarik bertako errutina hausten duten bitartean.

Jose Luis Torres Leivak Cesare Paveseren poema baten izena jarriko dio bere filmari: Vendrá la muerte y tendrá tus ojos. Bi emakumeren arteko maitasun istorioa kontatzen du bertan, horietako baten bizitzako azken uneetan.

Ina Weisse zuzendariaren bigarren pelikulak (Das Vorspiel / The Audition)¿ Nina Hoos du protagonista. Oraingoan ikasle batekin itsututa dagoen biolin irakasle baten istorioa kontatzen du, bere familiari baino arreta gehiago eskaintzen dion irakasle batena.

Adilkhan Yerzhanov A Dark-Dark Man filmarekin lehiatuko da Donostian, Kazakhstango herrixka bateko ume baten heriotza ikertzen ari diren kazetari bat eta polizia bat protagonista dituena.

Azkenik, film laburrak zuzendu ondoren, Mano de obra film luzearekin estreinatu da David Zonana. Horren opera primak aktore profesionalak eta ez-profesionalak batzen ditu lan prekarietatearen biktima diren eraikuntzako langile batzuen deriba erakusteko.