Zinemaldia 2024
67. edizioa
Cannesko Urrezko Palmaren irabazlea, Zinemaldiko 'Perlen' artean
eitb.eus
Bong Joon Ho, Ken Loach, Nakache eta Toledano eta Oliver Laxe zuzendariak daude, besteak beste, Donostiako Zinemaldiko Perlak sailak eskainiko dituen filmen atzean.
-
'Parasite' Urrezko Palmaren irabazlea Zinemaldian ikusi ahalko da
Donostiako Zinemaldiak irailaren 20tik 28ra ospatuko du 67. edizioa, eta, zinemazaleen jakin-mina pizte aldera, Perlak sailean erakutsiko dituzten zortzi filmen berri eman dute gaur antolatzaileek.
Espainiako Estatuan estreinatu ez diren eta kritikak txalotu dituen edo nazioarteko beste zinema jaialdi batzuetan saritu dituzten film luze azpimarragarrienen aukeraketa bat proiektatzen du sail horrek, eta lan guztiak Donostia Hiria Publikoaren Sarietarako hautagai izaten dira: film onenarena (50.000 euro) eta Europako film onenarena (20.000 euro).
Lehen iragarpen honetan, Cannesko aurtengo jaialdian Urrezko Palma irabazi duen filma ageri da, Parasite Bong Joon Hori hegokorearrarena, baita Ken Loachen, Olivier Nakache eta Eric Toledano eta Oliver Laxe zuzendarienak ere.
Bong Joon Hok (Daegu, Hego Korea, 1969) zuzendari onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen 2003an, Memories of Murder filmarekin, eta Parasite filmarekin Urrezko Palma lortu du Cannesen: familia aberats baten eta pobre baten topaketa harrigarriaren bitartez, gizartearen erradiografia egin du.
Cannesen bertan, Les Misérables Ladj Lyren (1978) lehen film luzeak Epaimahaiaren Saria lortu zuen ex aequo, Bacurau lanarekin batera. Malin jaiotako zuzendari frantziarrak Victor Hugoren literaturako klasikoaren izenburua erabili du Parisko aldirietako bizimodu gatazkatsuari buruzko istorio garaikide bat kontatzeko.
Ukitu sozial nabarmena du Sorry We Missed You filmak ere, I, Daniel Blake obrarekin Donostiako Zinemaldiko Publikoaren saria irabazi zuen Ken Loach zuzendariaren (Nuneaton, Erresuma Batua, 1936) lan berriak.
Olivier Nakache (Suresnes, Frantzia, 1973) eta Éric Toledano (Paris, 1971) Donostiako ohiko parte-hartzaileak dira. Bi edizio itxi dituzte, Intouchables (Untouchable, 2011) filmaren munduko estreinaldiarekin eta Samba (2014) lanarekin. Cannesko aurtengo jaialdia lehiaketaz kanpo itxi duen Hors Normes lanean, Frantziako tandem honek autismoa duten haurren elkarte bat sortuko duten bi lagunen (Vincent Cassel eta Reda Kateb) gorabeherak kontatzen ditu.
Bestalde, Oliver Laxe (1982) Parisen jaiotako zinemagile galiziarrak O que arde ETBren parte-hartzea duen filma aurkeztuko du. Sute bat eragiteagatik espetxe-zigorra bete ondoren herrixka galdu batera itzuliko den gizona du protagonista Cannesen Un Certain Regard atalean Epaimahaiaren Saria jaso duen pelikulak.
Halaber, Kantemir Balagov (Naltxik, Errusia, 1991) gazteak Beanpole Leningrado suntsituan beren bizitzak berregiten saiatuko diren bi emakumeren istorioa aurkeztuko du, eta Wang Xiaoshuai zuzendari txinatarrak Di jiu tian chang ekarriko du Donostiara.
Amazing Grace Aretha Franklinek 1972an Los Angelesko eliza baptista batean bere diskorik salduena grabatzeko eman zituen gospel kontzertuei buruzko filma da. Sydney Pollack zinemagileak emanaldia filmatu zuen, eta, 47 urte geroago, Alan Elliottek (1964) dokumental bat sortu du irudiok erabilita.
Hurrengo asteetan, Perlak sailean parte hartuko duten gainerako izenburuen berri emango du Donostiako Zinemaldiak.