Zinemaldia 2024
“Gure oroitzapenak”
12 sortzaile, Joseba Sarrionandiaren unibertsoan barrena
Natxo Velez | eitb.eus
“Gure oroitzapenak” iurretar idazlearen obran oinarrituta 12 zuzendarik egindako film kolektiboa aurkeztuko dute gaur Donostiako Zinemaldian.
Angel Azkarraga Matxitxa-ren buruan sortu zen dena Habanan, duela bi urte. Talde askoren (Itoiz, Ruper Ordorika, Negu Gorriak, Su Ta Gar…) manager gisa jardun duelako ezagun den mutrikuar kubatartu honek pantaila handira eraman nahi zuen Sarriren, Joseba Sarrionandiaren, literatura. Izenburua eta zinemagile kopurua zehaztuta zituen, Lutxo Egia filmaren ekoizleak azaldu digunez.
Hamabi sortzailek hartu dute beren gain “Gure oroitzapenak” lanean hamarka urtez 80ko hamarkadan egindako argazki baten bidez ezagutu dugun sortzailearen unibertso erraldoiaz duten ikuspegia emateko ardura. Irudirik gabeko idazlearen obrari irudiak jarri dizkiote Oskar Alegria, Özcan Alper, Asier Altuna Iza, Mireia Gabilondo, Eugène Green, Itziar Leemans, Josu Martinez, Fermin Muguruza, Ane Muñoz Mitxelena, Maider Oleaga, Carlos Machado Quintela eta Maialen Sarasua zinemagileek.
Zuzendari bakoitzak “askatasun osoa” izan du, Egiak azaldu digunez, Sarrionandiaren testuetan murgildu eta nahi zuen gai, obra, poema edo hitza aukeratzeko, eta, hartara, denetarik ageri da idazlearen mundu amaigabeari egindako hamabi argazki ikus-entzunezkoetan zehar: itsasoa, portua, haurtzaroa, trenak, deserrotzea, ihesa, noraeza, erbestea, gerra, suntsipena, amodioa, deriba, mina, fantasia, misterioa, iniziazioa, tortura…
Carlos Machado Quintela, Itziar Leemans, Mireia Gabilondo eta Oskar Alegria filmean parte hartu duten zuzendariengana jo dugu, EiTBren parte-hartzea duen pelikulaz gehiago jakiteko.
Carlos Machado Quintela
Nola ezagutu zenuen Joseba Sarrionandiaren obra? Zerk lotu zintuen haren idazmoldera?
Lehenengo, bera ezagutu nuen, eta gero bi liburu oparitu zizkidan, biak ere poema liburuak. Egun horretatik aurrera, sarriago ikusi genuen elkar, eta poema bati buruz (“Iluntasuna neurtzen”) eta bere bizitzaz hitz egin genuen.
Sarrionandiaren mundu literariotik zer eraman nahi izan duzu pantailara? Zer ezin zen falta, zure ikuspegitik, iurretar idazlearen obrari buruzko film batean?
Adostasuna lortu genuen, niri interesgarriagoa iruditzen baitzitzaidan bere bizitzari buruz idatzi ez zuena poesia liburuotan aurkitutakoa baino. Orduan, neure egin nituen kontatu zidan gauza bat eta 90eko hamarkadan idatzitako poema bat: krisi garai hartan, ohikoa zen argia joatea, eta ilunaldiak zortzi ordukoak ere izaten ziren. Argindarrarekin dugun mendekotasunari buruzkoa zen poema, eta argia joan eta etortzea eten bat dela esaten du.
Gainera, biok ezagutzen dugun lagun baten eta berarekin egindako solasaldien bidez, sentitu nuen nolabait bera ez dela inoiz irten kartzelatik ihes egiteko erabilitako bozgorailutik. Sarri barru-barruraino da euskalduna, Habanan bizi den euskalduna, eta oso-osorik gordetzen du euskal izaera. Bozgorailua haren nortasuna indartzeko erabili nuen; iradoki zidan poema, plazer hutsez; eta beste kubatar osagai batzuk, neure garaira gerturatzeko.
Literatura, hitz idatzia, pantailara eramateko orduan, testua ikus-entzunezkora lerratzean, zer galdu eta zer irabazten da?
Zerbait pantailara eramaten denean, ia beti galdu egiten delakoan nago, irabazi baino gehiago. Kasu honetan, nahiago dut esan esaldi eder bat irabazi nuela, berak bidalitako e-mail batean: “Barre egin dugu, film laburrean, beste lanen tonu euskaldun-serioaren artean, kubatarrek bizitzari begiratzeko duten modua baitago”.
Itziar Leemans
Nola ezagutu zenuen Joseba Sarrionandiaren obra? Zerk lotu zintuen haren idazmoldera?
Sarrionandiaren obra horren famagatik ezagutzen nuen, baina ez nuen sekula irakurri. “Gure oroitzapenak” filmaren proiektuan sartzeko momentuan hasi nintzen Sarrionandiaren olerkiak irakurtzen, eta aurkikuntza ederra izan zen.
Sarrionandiaren mundu literariotik zer eraman nahi izan duzu pantailara? Zer ezin zen falta, zure ikuspegitik, iurretar idazlearen obrari buruzko film batean?
Haren azken antologian, kartzelako poemak izan dira gehien hunkitu nauten olerkiak, indar berezia daukate. Uste dut torturak salatzen dituzten poemak ezin zirela falta “Gure oroitzapenak” filmean.
Literatura, hitz idatzia, pantailara eramateko orduan, testua ikus-entzunezkora lerratzean, zer galdu eta zer irabazten da?
Zailtasun handiko ariketa da, literatura edo olerki batetik abiatzea film labur bat egiteko. Hitzak interpretatzen dira, eta irakurlea aski libre dago bere asmaketaren arabera irudikatzeko bere buruan idatzia dena.
Baina zineman irudi bat inposatzen diozu ikusleari, eta zailena da espazio txiki bat uztea ikusleari berak filmaren mezua osa dezan.
Gainera, nik egindako film laburra bi manera desberdinetan ulertzen ahal da, baikorrek presoak ihes egitea lortu duela sinesten ahal dute; pesimistek, aldiz, alderantziz pentsatzen ahal dute, presondegitik ez dela sekula atera eta hor bertan hil dela.
Gainera, nik egindako film laburra bi manera desberdinetan ulertzen ahal da: baikorrek presoak ihes egitea lortu duela sinesten ahal dute; pesimistek, aldiz, alderantziz pentsatzen ahal dute, presondegitik ez dela sekula atera eta hor bertan hil dela.
Helburu hori nuen, ikuslea libre uztea filmaren mezua osatzeko, olerki baten aitzinean irakurle batek egiten duen moduan.
Mireia Gabilondo
Nola ezagutu zenuen Joseba Sarrionandiaren obra? Zerk lotu zintuen haren idazmoldera?
Nik uste txikitan ezagutu nuela, jakin gabe; Mikel Laboaren eta beste hainbaten kantuetan entzuten nituen hitzak Sarrionandiarenak ziren, gero beraren liburuak irakurtzen hasi nintzenean konturatu nintzenez.
Eta gero nik irakurri nuen Sarrionandiaren lehenengo gauza “Gartzelako poemak” izan zen.
Beti esaten dut horrelako poeta bat aurkitzen duzunean konturatzen zarela beste norbaitek hitzak jarri dizkiola zuk barruan duzunari. Hori gertatu zitzaidan.
Eta beste batzuetan gertatzen da zuk sekula pentsatu ez duzun hori idatzita aurkitzen duzula. Hori da artetik gehien erakartzen nauena, eta Sarrionandiarekin hori gertatu zait hasieratik: oso gertukoa izan dut bere idazkera, neuretzat idatzitakoa egongo balitz bezala bizi dut.
Sarrionandiaren mundu literariotik zer eraman nahi izan duzu pantailara? Zer ezin zen falta, zure ikuspegitik, iurretar idazlearen obrari buruzko film batean?
Deitu zidatenean, berehala etorri zitzaidan burura egin dudana egiteko gogoa: “Propostas para a definição do exilio” poema.
Orain dela hamar bat urte, Tanttakak eta Kukaik elkarlanean egin ditugun lanetako batean, deserriko poema hau sartu nuen, Iñaki Salvadorrek musikatua eta Maria Berasartek kantatua. Poema hori kantu bihurtua nuen, eta pentsatu nuen film laburra horrekin egitea.
Lisboara joan ginen filmatzera, eta kantuan oinarrituta dago filma. Poema gaur egungo egoerara ekarri dugu.
Literatura, hitz idatzia, pantailara eramateko orduan, testua ikus-entzunezkora lerratzean, zer galdu eta zer irabazten da?
Ez dakit galdu eta irabaztea zer den. Esango nuke bakoitzaren irakurketa konkretatzen denean ez dela askotan bat etortzen bestearen irakurketarekin, eta hori da poesiaren aberastasuna.
Proiektuaren funtsa horrela ulertu nuen nik: zuzendari bakoitzak bere iragazkitik pasatzea Sarrionandiaren unibertsoaren zati bat, eta hori aberasgarria da. Ikusle batek gertuago sentituko du sortzaileotako baten begirada, beste batek bestearena…
Bere ikuspegiaz gain, Sarriren obrari buruzko hamabi ikuspegi gehiago ezagutuko ditu ikusleak.
Zer gomendatuko zenioke Sarrionandiaren obrara gerturatu nahi duenari? Nondik has daiteke?
Edozein tokitatik has daiteke. Esan dizudan bezala, “Gartzelako poemak”, adibidez, oso liburu ona iruditzen zait. Nik lanerako-eta “Hnuy illa nyha majah yahoo” erabili izan dut. Bilduma txiki bat da, baina oso adierazgarria eta oso polita.
Oskar Alegria
Nola ezagutu zenuen Joseba Sarrionandiaren obra? Zerk lotu zintuen haren idazmoldera?
“No soy de aquí” irakurri nuenean ezagutu nuen Sarriren literatura, gaztelaniaz, garai hartan ez bainintzen euskaraz leitzeko kapablea, eta han ikusi nuen amaraunak poesiako dudak sortzeko espazioak zirela, nahiz eta jatorrizko testua ez izan.
Sarrionandiaren mundu literariotik zer eraman nahi izan duzu pantailara? Zer ezin zen falta, zure ikuspegitik, iurretar idazlearen obrari buruzko film batean?
Natura. Hori da baitezpadakoa bere obran oinarritutako edozein lanetan. Itsasoa maiz agertzen da haren letretan, agian gehiegi, bidaia edo ametsarekin lotuta. Memoria, aldiz, lurraldean dago, mapetan eta baserri artean; horrexegatik, ene hautua lehorrean izan da. Eta elurretan, dena zuriz agertzen denean, lurra desagertzen denean.
“Hotza” filmean, bere Alaskako poema bat Nafarroa Beherean kokatua agertzen da. Hango lera txakurrek gure laborarien arteko paisaian beren esanik badutela ere froga gisan.
Literatura, hitz idatzia, pantailara eramateko orduan, testua ikus-entzunezkora lerratzean, zer galdu eta zer irabazten da?
Erraten dutenez, poesia bati musika jartzen ahal denean, seinale txarra... Poesia horren zerbaiten falta edo. Zinema edo irudiarekin gauza bera gerta liteke, poesia bat irudiezina bada, hainbat hobe. Edo mila irakurketa eskaintzen baditu, hainbat hobe.
Ene kasuan, ez dut poema osorik irudikatu edo zinemaratu, lerro edo bertso bat baizik, zalantza bat gordetzen duena, erantzunik gabeko zalantza.
Zer gomendatuko zenioke Sarrionandiaren obrara gerturatu nahi duenari? Nondik has daiteke?
Autoa hartu, Ruperren disko bat jarri irratian eta lainoa altxatu aitzin gure paisaiaren galdutako errepide bat zeharkatu...
*Urriaren 10etik aurrera, Euskal Herriko zinema-aretoetara helduko da “Gure oroitzapenak”. Hilaren 10ean bertan, Ipar Euskal Herrian estreinatuko da, eta 19an, Hegoaldeko lau hiriburuetan.