Zinemaldia 2024
Euskal Zinemaren Gala
Euskal zinemak Ramon Agirre omendu du
N.V. | eitb.eus
Donostiar aktoreak Zinemira saria jaso du Zinemaldian, Victoria Eugenia antzokian ospatu den Euskal Zinemaren Galan. Euskal zinemak handia dela sinetsi behar duela aldarrikatu du.
Euskal zinemak bere burua omendu du gaur, merezita, Donostiako Zinemaldiaren 66. edizioan, zinema jaialdiak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago aurkeztu dituen urtean. Euskal Zinemaren Gala ospatu dute Victoria Eugenia antzokian, eta, berorretan, Ramon Agirre aktoreak Zinemira ohorezko saria jaso du.
Nagore Aranburuk aurkeztutako galan, Jose Mari Goenaga, Aitor Arregi eta Jon Garaño igo dira Donostiako antzokiko agertokira Agirreri saria emateko. Goenagak “ETBrekin hazi den belaunaldikoen bidelagun” gisa deskribatu du Agirre, hamaika telesail eta filmetan ikusi baitugu oso paper ezberdinetan, eta haren eskuzabaltasuna azpimarratu du.
Hunkituta, donostiar aktoreak esker ona erakutsi du saria jasotzeko unean, eta “zorte handikoa” izan dela azaldu du. Halaber, euskal zinemak handia dela sinetsi behar duela aldarrikatu du, eta “gure istorioak guk kontatu behar ditugu, gure burutazio eta irudiekin, urrutira begira”, gehitu du.
Bukatzeko, gaurko gauean munduko aktorerik onena sentitzen dela esanez jarri dio amaiera hitzaldiari Ramon Agirrek, sari honen irabazleen zerrendan Imanol Uribe (2009), Alex Angulo (2010), Elías Querejeta (2011), Michel Gaztambide (2012), Juanba Berasategi (2013), Pedro Olea (2014), Karmele Soler (2015), Ramon Barea (2016) eta Julia Juanizen (2017) izenei gehituta.
Ekitaldia bukatzeko, “Jainkoak ez dit barkatzen” filma proiektatu dute. Josu Martinezek zuzendu duen eta EiTBren parte hartzea duen lanean, Lezo Urreiztieta 1907. urtean jaiotako “XVI. mendeko pirata”ren historia kontatzen da, beraren ahotsean. Bizimodu harrigarria izan zuen Urreiztietak: Bilbon armaz betetako 17 itsasontzi sartu zituen Gerra Zibilean, Franco akabatzear egon zen…