Koldo Almandoz zinemagileak Donostiako Zinemaldian parte hartuko du aurten, hirugarren urtez jarraian (2016an Sipo phantasma eta Kalebegiak film kolektiboko bere zatia aurkeztu zituen eta 2017an Plágan dokumentala), oraingoan Oreina fikzioko film luzea dakarrela besapean. Fikziozko lan konbentzionalago batean gidatzen du Almandozek ikuslea Oreina pelikularen bidean, aske gidatu ere, protagonista guztiak batzen eta nola edo hala lohitzen dituen paduran murgiltzera gonbidatzen baitu zuzendariak ikuslea –“konplizea” deituko lioke berak–, inolako zurruntasunik gabe. Zuzendariak arrastoak (batzuk beste batzuk baino agerikoagoak) eta istorioari laguntzeko heldulekuak eskaintzen dizkio ikusleari han eta hemen, 88 minutuko istorioan zehar, arketipoari eta epikotasunari ihes egiten dioten bost pertsonaia nagusien bidez. Bakardadea, inkomunikazioa, bulkadak eta etsipena ageri dira ETBren parte hartzea duen film soilean, besteak beste, erakusten dutenagatik baino gehiago ezkutatzen dutenagatik arreta ematen diguten pertsonaiengan. Almandozekin hitz egin dugu, filmean gehiago sakontzeko. Forma aldetik, eredu ohikoagora lerratu zara Oreina-n, Sipo phantasma eta Plagan proiektu ezohikoagoak pantailaratu eta gero. Istorioak eskatu dizu planteamendu hori? Zer etorri da lehenengo, forma ala istorioa? Batetik, padura eta etxe hori aspaldidanik nituen fitxatuta, oso zinematografikoa iruditzen zitzaidan geografia berezi hori. Bestetik, erosotasun eremutik aldendu eta pelikula konbentzionalago bat egiteko erronka jarri nahi nion neure buruari. Horren emaitza da Oreina. Aurrekoak baino proiektu handiagoa eta garestiagoa da Oreina, 60 lagun baino gehiago aritu zarete lanean. Zuzendari oso pertsonala izanik, nola bizi izan duzu filmatze prozesua lantalde handiagoaren buruan? Presiorik izan da? Bai, baina nik neure buruari jarritakoa nagusiki. Nolabait, tentsio egoera bat behar dut lan egiteko normalean, ez dakit erosotasunean lanik egiten. Bestetik, hori posible izan da Txintxua Films ekoiztetxeak ez duelako inongo presiorik edo aldaketarik egin nahi izan, eta askatasun osoa eman dit. Beraz, beste norbaitekin borrokatu ezean, neure buruarekin borrokatu behar izan dut. Informazioa tantaka iristen zaio ikusleari pelikulan zehar. Nola josi duzu hori gidoian? Iruditzen zait, geure buruaz esaten dugunak baino gehiago, ezkutatzen dugunak definitzen gaituela hobekien. Ni jada ez naiz fidatzen inork bere buruaz esaten duenaz. Esandakoaz fidatzerik ez badugu (curriculumak, masterrak, sare sozialak…), ezkutatzen duten horretaz fidatu beharko gara. Ikusleak osatu beharreko proposamena da zurea. Lasaiegi bizi da ikuslea? Ahalegina eskatu behar zaio? Ez dakit ahalegina hitz aproposa den; konplizitatea, akaso, pelikularen parte izatea. Nolabaiteko interakzio bat sortu behar da, bere kabuz gauzak deskubritzea, eta, askotan, deskubritzen ez dituen horiekin ez frustratzea. Ez da komeni dena jakitea. Misterio bat egon behar da beti. Zinema, misteriorik gabe, ez da ezer. Filmen fokuetatik at egoten diren pertsonaia egunerokoek daramate pelikularen pisua. Nahita bilatutako zerbait izan da? Zerk eraman zaitu fokua horiengan jartzera? Nik pertsonez hitz egin nahi nuen, kolektiboez baino gehiago. Hemen azaltzen direnak ez dira “Teleberri”etan azaltzen, ez dira bazterrekoak (ez dute bizimodua ateratzeko arazorik) baina bazterrean bizi dira… Egun, garaikidetzat dugun bazter batean. Etorkina ez da etorkin arketipikotzat erakusten zaiguna, ez da barku batean azaltzen itsaso erdian edo poltsa handi batekin edo hesi bat saltatzen… Baina errealitatean txertatua dago, nahiz eta ez diogun jaramonik egiten. Etorkin horiek jada “gu” dira. Inkomunikazioa da, nire ustez, filmaren ardatz nagusia. Zelan bizi du sortzaile batek, mezuak komunikatzeko nahia/beharra duen batek, egun bizi dugun inkomunikazioa? Pertsonaiak bakarrik daude, bai, baina ez da bakardade traumatiko bat. Nik uste gutariko edonoren bizitza dagoela bakardade unez beteta. Egunero, joan-etorrian, lanerako bidean, etxerako bidean, kalean. Eta ez zait gabezia bat iruditzen. Bakardadea mespretxatzen dugun garaiotan, pelikulako pertsonaiek beste ikuspegi bat ematen digutela iruditzen zait, normaltasunarena, dramarik gabe. Frustrazioak eta penak dituzten pertsonaiak dira, baina ez al dugu bada guk guztiok geure frustrazioekin bizi behar? Laulad Ahmed Khalil da 'Oreina' filmean Patxi Bisquert eta Ramon Agirre aktore beteranoekin batera, Laulad Ahmed aktore ez profesionalarekin lan egin duzu filmean. Zelakoa izan da bi aktore eredu horiek uztartzeko esperientzia? Lan egiteko, luxua. Lauladek ere asko ikasi du bi aktore horien alboan, eta Erikak (Olaizola) eta Iraiak (Elias) ere oso lan ederra egin dute. Guztiak aritu dira nik eskatu bezala, neurrian. Eta, bestetik, Lauladek, aurretiaz aktore gisa lan egin gabea zenez, errealismo kutsua eman dio filmari. Sariako padura (Aginaga) beste pertsonaia bat da ia. Kokapen horrek zer eman dio istorioari, zure ustez? Periferia da protagonistetako bat, bai, periferia berezi hau, ez dagoena soilik Oria ibaian baizik eta Euskal Herriko zonalde askotan. Eta nik uste inguruneak nolabait bertan bizi direnen izaera eta jokabidea zizelkatzen duela. Zentzu horretan, ibaia garrantzitsua da, mugimendu amaiezina: “ez zara inoiz ibai berean bainatuko” eta bestelako esaldi mordo hori. Ez nuke nahi poetiko jarri, baina ibaia oso elementu zinematografikoa da. Behin zure lanaren emaitza partekatuta, zer etorkizun opa diozu Oreina-ri? Etorkizun bat izatearekin nahikoa da. Ikuslearentzat, Oreina oraina eta etorkizuna da. Niretzat, ordea, iragana, istorio aldaezin bat, portutik atera eta sekula itzuliko ez den barku bat. Eta ez besterik galdetu, poeta merkearen posea hartuta nabil eta!