Zinemaldia 2024
66. edizioa
20 euskal film aurkeztuko dituzte Zinemaldian
EiTB.EUS
Euskal Zinemaren Galan, Ramon Agirrek Zinemira saria jasoko du eta 'Jainkoak ez dit barkatzen' proiektatuko dute. Urtero legez, EiTBk Zinemaldian parte hartuko du.
Donostia Zinemaldiaren 66. edizioak inoiz baino euskal ekoizpen gehiago hartuko ditu: guztira hogei euskal film izango dira ikusgai Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi-Tabakalera, Perlak, Culinary Zinema eta Zinemira sailetan, eta Euskal Zinemaren eta EiTB galetan.
Zinemirak, berariaz euskal zinemari eskainitako sailak, hamabi ekoizpen hartuko ditu, fikziokoak nahiz ez-fikziokoak, animaziokoak eta hala zuzendari berrienak nola ibilbide luzeko zinemagileenak. Euskal Zinemaren Galan, Ramon Agirrek Zinemira saria jasoko du, eta Jainkoak ez dit barkatzen proiektatuko dute. Hemen duzu 'Ramon Agirre: urteetako lanak badu saria' izeneko berezia ikusteko aukera.
Sailari Ana Schulz eta Cristobal Fernandez zuzendarien Mudar la piel filmak emango dio hasiera. Locarnoko sail ofizialean estreinatu zen, lehiaketaz kanpo. Juan Gutierrezen eta Roberto Florezen arteko laguntasuna aztertzen du. Lehenengoa Espainiako Gobernuaren eta ETAren arteko bitartekaria izan zen; bigarrena, aldiz, traizioagatik zigortu zuren CNIko agente ohia da.
Eta klausurako filma Black is Beltza izango da, Fermin Muguruza (Irun, 1963) musikari, zuzendari eta ekoizleak zuzendutako filma. Black is Beltza eleberri grafikoa bizidun bihurtuko da pantaila handian Muguruzak zuzendutako animazio-filmaren bitartez. Aurrez, Checkpoint Rock: Canciones desde Palestina (Zinemira, 2009), Next Music Station (Zinemira, 2011), Zuloak (Zabaltegi, 2012) eta Nola? (Zinemira, 2016) aurkeztu ditu irundarrak Zinemaldian. Black is Beltza filmari Unax Ugaldek, Emma Suarezek, Sergi Lopezek, Maria de Medeirosek, Oscar Jaenadak, Ramon Bareak, Ramon Agirrek, Jorge Perugorriak eta Rossy De Palmak jarri diote ahotsa, besteak beste.
Bataren eta bestearen artean, Zinemaldian estreinatutako hamar ekoizpen ikusi ahalko dituzte ikusleek, kazetariek eta industria zinematografikoaren profesionalek. Horien artean dago La noche nos lleva, David Gonzalez Rudiezen (Bilbo, 1980) hirugarren filma, bere film laburrekin Kimuak programan bost aldiz parte hartu eta gero. La noche nos lleva Carlos Algabak hezurmamitutako saskibaloi-jokalari profesional ohiari buruzko lana da.
Joaquin Calderonek (Iruñea, 1968) Publikoaren Saria irabazi zuen Madrilgo Documenta zinema-jaialdian, Sahara no se vende opera primarekin. Bi hamarkadatan aktore gisa aritu ostean, Calderonek Agus Barandiaran musikariaren familia-baserriaren galera du abiapuntu Basque Selfie filmean.
Bere lehenengo film luzea, La noche del ratón, nazioarteko jaialdietan aurkeztu eta gero, David Rodriguez Losadak (Donostia, 1981) bere jaioterrian estreinatuko du bere bigarren film luzea: Lady Off. Lan horretan, Madrilgo antzerki-konpainia baten entseguetan sartuko da Ricardo III.a antzezlanaren eszena bat lantzen ari direnean.
Juanmi Gutierrezek (Errenteria, 1945) ez-fikzioko hamar film luze baino gehiago egin ditu, eta Zinemaldian aurkeztu dituzte gehienak. Oraingoan, Baúles izenekoan, Leongo mendietako herrixka batean bizi den gizon baten istorioa kontatuko digu; familiari ezer esan gabe, Mexikora joango da.
Margolaria (The Painter) Oier Aranzabal (Bilbo, 1988) kazetari eta musikariaren lehenengo film luzea da. Sorkuntza-prozesuaren gakoei helduko die, Mikel Urdangarin abeslariak Alain Urrutiaren margolan bat bilatzeko egingo duen bidaiaren bitartez.
Film luzeen alorrean debuta egin du Txuspo Pyo (Altsasu, 1963) artistak ere, Izaro filmean Bermeo eta Mundaka arteko uhartearen identitatea, historia eta legatua azterturik.
Antonio Diaz Huerta (El internado eta Luna, el misterio de Calenda telesailen zuzendaria) lehenengoz aritu da film luze bat zuzentzen: Gallo. Lau Haizetara Dokumentalen XII. Koprodukzio Foroan aukeratutako proiektuetako bat izan zen, eta surflari bat du protagonista. Bere beldurrak gainditzeko, gogora ekarri beharko du itsutu egin zuen istripua.
Gure oroitzapenak talde-filmean, Joseba Sarrionandiaren alde anitzeko unibertsoa erretratatuko dute hamabi zinemagilek: Oskar Alegria, Ozcan Alper, Asier Altuna, Mireia Gabilondo, Eugene Green, Itziar Leemans, Ane Muñoz, Maider Oleaga, Carlos Machado eta Maialen Sarasua zuzendariek, eta aurten Zinemaldian bi filmekin parte harturik, baita Josu Martinezek eta Fermin Muguruzak ere.
Azkenik, beste bi film hauek osatuko dute sailaren aukera: batetik, Paul Urkijoren (Gasteiz, 1984) debuta, Errementari, Sitgesen estreinatu eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean Publikoaren Saria eskuratu zuen filma; bestetik, Bajo la piel del lobo, Samuel Fuentes (Noreña, Asturias, 1972) gidoilari eta zuzendariaren fikziozko lehenengo film luzea. Besteak beste, El secreto de Marrowbone (Sail Ofiziala, 2017) eta Vicky Cristina Barcelona (Zabaltegi-Perlas, 2008) filmen zuzendaritza- eta ekoizpen-taldeetan aritua da Fuentes. Bajo la piel del lobo Sevillako Europako Zinema Jaialdian estreinatu zen, eta Mario Casasek hezurmamitutako tranpa-jartzaile bat du protagonista; harekin batera, Irene Escolar eta Ruth Diaz antzezleak aritu dira filmean.
Euskal Zinemaren Galan, irailaren 25ean, Victoria Eugenia antzokian, Josu Martinezen (Bilbo, 1986) Jainkoak ez dit barkatzen (God Doesn’t Forgive Me) estreinatuko da. Filmak Lezo Urreiztietaren istorioa kontatuko digu: XVI. mendeko pirata izan zen, okertuta, 1907an jaiotakoa. EiTB Galan, hilaren 26an, leku berean, Víctor Cabacoren Vitoria, 3 de marzo proiektatuko da. Zuzendari horren lehen film luzean, 1976an poliziaren tiroek bost langile hil zituztenean euskal hiriburua astindu zuten gertakariak islatu ditu.
Loreak (2014), Amama (2015) eta Handia (2017) filmen ostean, aurten ere euskaraz filmatutako ekoizpen bat izango dugu Sail Ofizialean. Ekoizpen berezien atalean, Telmo Esnalen azken lana dago, Dantza, Glocal in Progress Industria Sariaren irabazlea hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako Europako ekoizpenetarako industria-jardueraren lehenengo edizioan. Esnalek (Zarautz, 1966) lehenengoz parte hartuko du Sail Ofizialean. Bi film ekarri ditu aurretik: Aupa Etxebeste! (2005), Asier Altunarekin batera zuzendutakoa, Zuzendari Berriak sailerako aukeran sartu eta Gazteriaren Saria irabazi zuena, eta Urte berri on, amona! (2009).
Koldo Almandozek (Donostia, 1973) 1997ko Zinemaldian aurkeztu zuen bere lehenengo film laburra, Razielen itzulera, Zabaltegi sailean, eta bi hamarkadaren ostean sail horretan aurkeztu zuen bere lehen film luzea, Sipo Phantasma, Rotterdamgo zinema-jaialdian estreinatu eta gero. Oreina, haren bigarren film luzea, aldiriko industrialdean dago girotuta, eta Kutxabank-New Directors saria lortzeko lehiatuko da.
Maddi Barber ere (Iruñea, 1988) saiatuko da Zabaltegi-Tabakalera saria lortzen, Itoizko urtegiaren eraikuntzaren ondorioetan oinarritutako 592 metroz goiti film laburrarekin. Kimuak film laburren aurtengo aukeran hautatutako lanetako bat da.
Donostia / San Sebastián Hiria Publikoaren Sariko lehiakideen artean ere, euskal ekoizpen bat izango dugu: Un día más con vida (Another Day of Life), Raul de la Fuentek (Iruñea, 1974) eta Damian Nenowek (Bydgoszcz, Polonia, 1983) zuzendu eta Cannesko zinema-jaialdiko sail ofizialean lehiaketaz kanpo aurkeztutakoa. Ryszard Kapuscinski kazetariak Angolara egindako bidaia azaltzen du.
Culinary Zineman, euskal ekoizpena duten bi film aurkeztuko dira. Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak, 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak, 2012) film luzeen egileak, Miguel angel Jimenezek, bi Michelin izarreko L'Escaleta familia-jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean. Eta Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmean, duela 50 urte euskal artearen eta musikaren ikuspegia berritu zuten Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduetako artelanetan inspiratuko dira Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle.
Aipatutako film luze guztiak Euskal Zinemaren Irizar saria lortzeko lehiatuko dira, beste zinema-jaialdi batzuetan estreinatutakoak salbu (Mudar la piel, Un día más con vida, Bajo la piel del lobo eta Errementari). Epaimahai berezi batek emango dio saria Zinemaldian munduko estreinaldia izan duen euskal film luze onenari; 20.000 euro, filmaren ekoizleentzat.
Film horiez gain, euskal ekoizpena duen proiektu bat egongo da. Europa-Latinoamerika Foroan Ane & Peio, maitasun istorio bat piper artean aurkeztuko da, Un otoño sin Berlín filmaren zuzendari Lara Izagirrerena (Euskal Zinemaren Gala 2015 eta Irizar sariaren aipamen berezia Irene Escolarrentzat).