Itxi

Zinemaldia 2024

Sari berria

Donostiako Zinemaldiak Zabaltegi-Tabakalera saria estreinatuko du

eitb.eus

Orain arte, Zinemaldiaren programazioko sail honetan, “eremu zabalean”, erakusten ziren lanen artean ez zegoen lehiarik, baina, edizio honetatik aurrera, 20.000 euro eramango ditu film irabazleak.

  • Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria

    Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria eta Ane Rodriguez Tabakalerako zuzendaria

Aurreko hainbat ediziotatik hona, Zabaltegi “urteko zinema proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei zabaldutako lehiaketaz kanpoko saila” izan da Donostiako Zinemaldian.

Besteak beste, Alexander Sokurov, Laurie Anderson, Anca Damian, João Salaviza, Eric Khoo, Lav Diaz, Jem Cohen, Corneliu Porumboiu eta Walter Salles zinemagileen lanak pantailaratu dituzte berorretan, baita Bruno Dumont egilearen P’tit Quinquin eta Oliver Stone zuzendariaren The Untold History of the United States telesailak ere.

Zinemaldiak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak sinatutako hitzarmenari esker, Zabaltegi aurrerantzean lehiazko saila izango da, eta bertan parte hartzen duten filmak Zabaltegi-Tabakalera saria eskuratzeko lehiatuko dira.

Saria 20.000 eurokoa izango da; horietatik 6.000 film irabazlearen zuzendariak jasoko ditu, eta gainerako 14.000 euroak, berriz, film irabazlea Espainiako Estatuan banatzen duen enpresak.

Zabaltegi-Tabakalera saria nork eramango duen berariaz sortutako epaimahai batek erabakiko du, gutxienez zinemaren eta kulturaren alorreko hiru profesional izango dituena.

Víctor Iriarte, Zinemaldiko Hautaketa Batzordeko kide berria

2016ko urtarrilaren 1etik aurrera, Víctor Iriarte Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko ikus-entzunezko programen arduraduna Donostia Zinemaldiaren Hautaketa Batzordeko kide da.