Itxi

Zinema

Programazioa

Western garaikidea, Marguerite Duras eta Zinema eta Zientzia, Tabakalerako pantailan 2024an

N. V. | EITB Media

Donostia Kulturak, Donostiako Zinemaldiak, Euskadiko Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak prestatu duten programazioa urtarrilaren 11n hasiko da. Bonua eta sarrerak abenduaren 15etik aurrera erosi ahalko dira.

  • "The Power of the Dog" filma emango dute, besteak beste

    "The Power of the Dog" filma emango dute, besteak beste

Tabakalera Kultura Garaikidearen Donostiako Nazioarteko Zentroak 2024ko zinema programazioa aurkeztu du gaur, Donostia Kulturak, Zinemaldiak, Filmategiak, Elías Querejeta Zine Eskolak eta Tabakalerak berak prestatutako film eta zikloak aletuta.

Urtarrilaren 17an, esaterako, USA western garaikidea 1962-2021 Nosferatu zikloa hasiko da, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak antolatuta, eta abendura arte ikusgai izango dira, esaterako, Duelo en la Alta Sierra (Ride the High Country, 1962) (urtarrilak 17), Silverado (Lawrence Kasdan, 1985), Bailando con lobos (Dances with Wolves; Kevin Costner, 1990), Sin perdón (Unforgiven; Clint Eastwood, 1992) eta El poder del perro (The Power of the Dog; Jane Campion, 2021).

Zikloarekin batera bi liburu editatuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, Western USA 1962-1992, Carlos Aguilarrek eta Pablo Fernandezek koordinatu dute, eta urtearen hasieran kaleratuko da. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, 2024ko amaieran editatuko da.

Euskadiko Filmategiak DIPCrekin (Donostia International Physics Center) eta Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean antolatzen duen Zinema eta Zientzia zikloaren zazpigarren edizioa Oppenheimer-ek (Christopher Nolan, 2023) irekiko du, urtarrilaren 11n.

Udaberrian, bestalde, Klasikoak zikloa izango da ikusgai, maisulanak berreskuratuko dituen proposamena, eta uztailean Jazzinemaren zazpigarren edizioa. 2024 amaitzeko, Euskal Emakume Zinegileak IV izeneko zikloa egingo da.

Urtarriletik aurrera, zinema eta literatura gurutzatuko dira Tabakaleran, Marguerite Duras idazle eta zinemagilea ardatz dela. Hilean behin, Marguerite Durasekin lotutako zine saio bat izango da, eta hainbat idazle gonbidatu dituzte saio bakoitza aurkeztera: Miren Agur Meabe…

Urtarrilaren 13tik otsailaren 24ra, Bas Devos zuzendari eta gidoilari belgikarraren filmografia osoa ikusteko aukera izango da, eta Fermin Muguruzak (abenduak 17), Jaione Cambordak, Isabel Herguerak, Ion de Sosak eta beste zinemagile batzuek  bertatik bertara azalduko diote beren lana publikoari.

Tabakalerako zine-bonoak erabiltzaileei aukera emango die 2024an 40 film ikusteko 120 euroren truke. Bonua 2023ko abenduaren 15ean eguerdiko 12:00etatik ipiniko da salgai eta 2024ko urtarrilaren 31ko 12:00ak arte eskuratu ahal izango da.