Itxi

Zinema

Ikus-entzunezkoak

2deo serieak deialdiko hiru proiektu irabazleak aurkeztu dituzte

N. V. | EITB Media

Xabi Ojinagaren, Mónica Lilac eta Sergio Stendhalen eta Ainhoa Artetxeren proiektuek dirulaguntza bat eta sektoreko hainbat profesionalen aholkuak jasoko dituzte, pantailarako bidean.

1:22
Tabakalera, gaur goizean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

2deo Tabakalerako ikus-entzunezko laborategiaren 2deo serieak deialdiak garatzeko hautatu dituen hiru proiektuak iragarri ditu: EGIA, Xabi Ojinagarena; Lonely People, Neon Cities, Mónica Lilac eta Sergio Stendhalena, eta Eutsi goiari!, Ainhoa Artetxerena.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzaturiko programa Zinemaldiarekin eta EITBrekin lankidetzan garatzen da, eta "garapenerako espazio berri bat eskaintzen die edozein formatu eta generoko serie bat sortzeko apustua egin duten talentu berriei zein ibilbide profesional frogatua duten pertsonei, nazioarteko anbizioarekin eta euskarazko ekoizpenarekiko interes bereziarekin".

Hiru proiektuek garapenerako 5.000 euroko laguntza jasoko dute proiektuan lan egin ahal izateko, eta banakako aholkularitza izango dute, proiektu bakoitzaren esparrura egokitua, industriako profesional ezagunen eskutik: Koldo Almandoz zinemagileak, Hondar ahoak telesailaren sortzaileak, EGIA proiektuari lagunduko dio; Anna R. Costa zinemagileak, Arde Madrid eta Fácil telesailen egileak, Eutsi goiari! proiektuari; eta Lonely Nights, Neon Cities proiektuaren aholkularitza Intimidad seriearen zuzendariak, Laura Sarmientok, egingo du.

Hiru aholkulariek euren ekoizpenen sortze prozesuak partekatuko dituzte, eta hautatutako proiektuen egileek prestakuntza espezifikoa jasoko dute gidoiaren idazketari, narratiba berriei, ikus-entzunezko produkzio-ereduei eta eduki-plataformei dagokienez.

Aholkularitza prozesuaren azken zatia Donostiako Zinemaldian egingo da: sortzaileek jaialdiko industria programan parte hartzeko aukera izango dute, eta euren proiektuak aurkeztuko dituzte balizko ekoizle, banatzaile edo inbertitzaileen aurrean; batez ere, streaming plataformen eta telebista kanalen aurrean.