Zinema
Goya sariak
Maite Arroitajauregi: "Musikak ez du irudian kontatzen dena oztopatu behar"
Natxo Velez | EITB Media
Maite Arroitajauregi “Mursego” musikariak Aranzazu Callejarekin batera “Akelarre” filmerako egindako musika jatorrizko musika onenaren Goya sarietarako izendatu dute.
-
Maite Arroitajauregi (erdian) estudioan, "Akelarre"ko musikan lanean
Pablo Agüero “Akelarre” filmeko argentinar zuzendariak elkarrizketa batean esan zidanez, “zerbait sorgin eta punka” igarri zuen Maite Arroitajauregi Mursego-rengan, eta horregatik, “pelikularen izaerarekin bat zetorrelako”, lan egin zuen berarekin Goya sarietarako bederatzi izendapen jaso dituen pelikulan.
Egia esan, Arroitajauregik eta Aranzazu Callejak magiaz jantzi dute “Akelarre”, sorgintzat hartzen dituzten emakume askeen eta erlijioak sorgindutako inkisidoreen arteko pultsuaren kontaketa; ezin hobeto uztartzen da musika istorioan. Eta Espainiako Zinema Akademiak jatorrizko musika onenaren Goya sarirako izendatu du filmaren haria tenkatzen eta bideratzen laguntzen duten melodia-harmoniak.
Horretaz eta beste hainbat kontutaz hitz egin dugu Mursegorekin.
Zorionak! Espero zenuen Goyetarako izendapena? Zer balio ematen diozu?
Eskerrik asko. Egia esan, ez. Aukera hor zegoen, baina ez nion buelta askorik eman nahi.
Azken finean, izendapen hau Espainiako Zinema Akademiako kideek gure lanari egindako aitormena da.
Besteak beste, Bingen Mendizabal eta Koldo Uriarte dituzu lehiakide atal horretan, “Baby” Juanma Bajo Ulloaren filmean egin duten lanagatik. Izan duzu beren lana entzuteko paradarik?
Ez dut filma ikusteko aukerarik izan. Trailerrean ikusitakoaren arabera, eta kontuan izanda elkarrizketarik gabeko film luzea dela, pentsatzen dut musikak berebiziko garrantzia izango duela.
Bingen Mendizabal, duda gabe, erreferentea da zinerako musika sortzaileen artean.
Mursego proiektuaren ezaugarrietako bat muga estilistikorik eza da. Nola lan egin duzu Pablo Agüero zuzendariarekin batera? Sortzaile bezala, zer alde dago pieza baterako jatorria eman egiten dizutenean?
Film honetan, zuzendariak argibide asko eman zizkigun, bere esanetara lotuta geunden nolabait. Oraingoan, ez dut beste aldi batzuetan izan dudan askatasuna izan. Interesgarria izan da, hala ere, horren gainetik gure erabakiak defendatzeko ariketa egitea.
Lan egiteko modu honek baditu bere alde onak, helburua gutxi gorabehera argia delako, baina pertsonalki nahiago dut askatasun osoz lan egin, batez ere horrek eremu berriak arakatzeko aukera ematen didalako, sortzaile bezala hasteko.
Aranzazu Calleja batu zitzaizun filmerako musika egiteko proiektura. Nolakoa izan da talde lana berarekin?
Naturala, erraza eta oso aberasgarria izan da, arlo pertsonalean nahiz teknikoan. Harreman estua daukagu orain. Hasiera baten, musika diegetikoari dagokionez, nesken kantuak nik konposatu nituen eta behin filmatzea bukatuta hasi nintzen Aranekin lanean. Momentu hartan, Kixiren (Asier Altuna) “Arzak” dokumentalaren soinu bandarekin ere banenbilen, denarekin ezin eta Aranzazu Callejarekin lan egin nahi nuela proposatu nien ekoizleei.
Biok ere argi geneukan Alos Quartet soka laukotearekin lan egin nahi genuela; nik ahots grabeak prestatzen nituen txeloarekin, eta berak goikoak gehitzen zizkion biolinarekin: batak zerbait proposatu, besteak osatu... Etengabeko audio trukean, bion arteko komunikazioa zuzena eta eraginkorra izan zen.
Nola banatu duzue lana? Zer ekarri dio Aranzazu Callejak “Akelarre”ren jatorrizko musikari?
Aranek eskarmentu handia du zinema munduan, eta asko ikasi dut bere ondoan.
Xabier Zeberio (Alos Quartet)
Hari laukotea eta nyckelharpa izeneko tresna erabili dituzue gehienbat musikak jotzeko. Zergatik tresna hori?
Soinu berezia du, entzun bezain laster beste garai eta leku batera eramaten zaitu. Antzinako instrumentua da jatorriz, eta horrek halako fideltasun historikoa gehitzen dio, gainera. Zanfoñaren antzekoa da, tekladuna, notak pedalak ematen ditu, eta horrek asko zabaltzen du sonoritatea.
Bestalde, teklek ere soinua egiten dute, eta pertsonalki detaile hori asko gustatzen zait. Gertutasuna ematen dio, jotzailea ondo-ondoan izango bazenu bezala.
Musikak presentzia handia du filmean, girotzen ez ezik, istorioan txertatuta ere. Nola lan egin zenuten aktoreekin, kantuan aritu behar diren eszenak prestatzeko?
Filmatzen hasi baino lehen, aktoreekin lan saio batzuk egin nituen, abestiak prestatzeko. Nesken ahotsen ezaugarriak eta filmean egingo zuten pertsonaiaren ezaugarriak kontuan hartu nituen kantuen harmoniak prestatzeko momentuan.
Saio horietan, ahotsa landu genuen: bakoitzak zegokion melodia ikasi, gero koreografiarekin uztartzeko. Entsegu horiek gure arteko konfiantza sendotu zuten, eta talde trinko bat sortu genuen.
Asko disfrutatu nuen beraiekin. Energiaz gainezka zeuden, ilusioz beteta, eta beraien artean sortu zen harremana benetakoa izan zen, ederra. Lan handia egin zuten, kantuak eta koreografiak ikasten... Heldutasun handia erakutsi zuten.
Jone Laspiur aktoreak kontatu duenez, zeuk proposatu zenion, Koban taldearen kontzertu batean ikusi zenuenean, “Akelarre” filmeko castingera aurkeztea. Zer ikusi zenuen berarengan?
Jonek izugarrizko presentzia dauka, nortasun handia, eta hori pantailan islatzen du.
Oso erraz moldatu da. Badirudi bizitza osoa daramala aktore lanetan... Badauka freskotasun hori. Kamera aurrean ondo ematen du, eta uste dut bide luzea egin dezakeela zineman. DNA armagina dauka. Hori agerikoa da!
Zer gehitu behar dio musikak, zure ustez, ikus-entzunezko istorio bati?
Musikak lagundu egin behar du; irudiaren eskutik joan, inoiz ez gailendu. Ez du irudian kontatzen den hori oztopatu behar.
Pertsonalki, gehien interesatzen zaidan zineman ia ez da musikarik ageri; musika estradiegetikorik, esan nahi dut... Zertarako musika, kontatu nahi dena irudiekin soilik adierazi badaiteke?
Zein da film bateko jatorrizko musikaren erabilera bikainaren eredu bat, zure ikuspuntutik?
“Psicosis” (Bernard Herrmann), “Monos” (Mica Levi) eta “El reino” filmeko soinu banda, adibidez. Azken hori Olivier Arssonen tecno saioetan oinarritzen da. Oso presente dago, itxuraz argumentuarekin zerikusirik ez badu ere, eta etengabeko lasterketa batean murgiltzen zaitu, filmaren erritmoa azpimarratuz. Sortzen den kontrastea ere oso interesgarria iruditzen zait.
Zer proiektu dituzu orain esku artean? Zerbait aurreratzerik bai?
Film labur baten musika bukatzen ari naiz, datorren urtean Victor Iriarteren bigarren luzearen musika konposatuko dugu Aranek eta biok, eta dirulaguntzen zain dauden beste pare bat proiektutan parte hartuko dut: Marc Parramonek eta Amets Arzallusek Altsasuko kasuari buruz gidatutako dokumentala (jada konposatuta daukat musika) eta Fermin Muguruzak zuzenduko duen “Black is beltza”ren bigarren zatia.
Apirilean, Espainiako Filmotekan dauden eta emakumeek zuzendutako 50/60ko hamarkadetako film labur batzuei musika jarriko diet, zuzenean, Tabakaleran. Bien bitartean, Mursegoren kantu berriekin jarraitzeko asmoa dut.