Itxi

Zinema

Estreina, otsailaren 19an

Horrelakoa da “Ilargi guztiak” filma

Natxo Velez | EITB Media

Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea protagonistek eta Igor Legarreta zuzendariak otsailaren 19an estreinatzekoa den filmaren zertzelada zenbait eman dizkigute.

2:01

Hilabete barru, otsailaren 19an, estreinatuko da, dena ondo bidean (eta askotxo da, egun, hori esatea), “Ilargi guztiak”, Igor Legarreta zinemagilearen (Leioa, 1973) bigarren film luzea. Betiko bizitzera kondenatutako neskato baten (Haizea Carneros) inguruko alegia fantastikoa da, eta Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreak ditu protagonista.

“Nire pertsonaia emakume misteriotsua da, haren izena ez da esaten pelikula osoan”, azaldu du Ituñok. “Ilunpetik datorren izaki bat da, betiko bizi dena. Egun batean, neskato bat ikusi, eta amatasuna piztuko zaio. Itzalpean bizi den emakume onbera iruditzen zait, triste samarra eta heriotzaren beldur dena benetan”.

Itziar Ituño ("Ilargi guztiak")

“Oso giro ona izan dugu filmatzen ari ginela”, azaldu digu Ituñok, “batik bat lankideon artean”. “Igorrekin lan egitea oso erraza da. Oso argi azaltzen du zer nahi duen eta zein neurritan nahi duen”, adierazi du.

EITBren parte-hartzea duen filmean lan egiteak ahogozo atsegina utzi dio Igor Legarreta zuzendariari ere, Ituñorekin (“Goenkale”, “Alardea”, “La casa de papel”, “Hil kanpaiak”, “Loreak”…) lan egitea “oso erraza” iruditu baitzaio: “Oinak lurrean ditu. Eta Josean ere nahi nuenerako hor neukala sentitu dut. Konfiantza mota hori dagoenean, zure zalantzak beraiekin parteka ditzakezu eta emaitza aberasten duen eztabaida bat sortzen da. Atsegin dut jendea gustura izatea eta, ahal den neurrian, pelikula filmatzen disfrutatzea”.    

Igor Legarreta (ezkerra), "Ilargi guztiak" filmatzen

“Ilargi guztiak” euskaraz filmatu dute, eta, Legarretak dioenez, ez da beldurrezko filma, ezpada “kontakizun erromantiko bat. Bizirauteko, arrastoa uzteko, gure desirari buruzko hausnarketa proposatzen duen fantasiazko drama da, erlijioek fedeari emandako bizitza baten truke agintzen duten altxor baliotsu horren inguruko istorioa. Iruñean ezarritako bizkaitar zinemagilearen bigarren film luzea da, "Cuando dejes de quererme"ren ondoren.

Josean Bengoetxea aktoreak (“Ander”, “Loreak”, “Errementari”, “Hil kanpaiak”…) gorpuzten duen pertsonaiari buruz esan digunez: “Nik pertsona ontzat daukat Candido, nire pertsonaia, eta horretan oinarrituta landu dut. Oso gizarte itxian bizi den norbait da: bakarrik dago, emaztea eta alaba galdu ditu. Pelikula bukatu zenean, erabat hutsik sentitu nintzen. Eta aktore bezala, agortuta gelditzea da gerta dakizukeen onena”.

Haizea Carneros eta Josean Benegoetxea ("Ilargi guztiak")

“Oso gustuko ditut Igorrek ematen dituen jarraibideak”, erantsi du Bengoetxeak, “erakusten ari zarenarekin lotuta egoten baitira. Dena kontrolpean izaten saiatzen da, baina tartea egiten die emozioei, eta azkenean hori da ikuslea harrapatzen duena”.

“Ilargi guztiak”, minaren aurreko beldurrari eta hilezkortasunari buruzko hausnarketa proposatzen duen filma, otsailaren 19an estreinatzea aurreikusi dute.