Zinema
Film luzea
Igor Legarreta, "Ilargi guztiak" filmatzen Itziar Ituño eta Josean Bengoetxearekin
eitb.eus
Bizkaitar zinemagileak Mutrikun dihardu egunotan, bere bigarren film luzea, Jon Sagalá gidoilariarekin batera idatzitako istorio fantastikoa, filmatzen.
-
Haizea Carneros, Igor Legarreta eta Itziar Ituño, "Ilargi guztiak" filmatzen
Mutriku udalerriak “Ilargi guztiak” Igor Legarreta bizkaitar zuzendariaren bigarren film luzea filmatzeko lanak hartzen dihardu joan den otsailaren 17tik. Fantasiazko filmean, Itziar Ituño eta Josean Bengoetxea aktoreak arituko dira, besteak beste.
Legarretaren (“Cuando dejes de quererme”, 2017) filmak EiTBren parte-hartzea du, eta zazpi astean filmatuko dute, Gipuzkoan (Mutriku, Gaintza eta Zizurkil), Orozkon (Bizkaia) eta Nafarroan (Erratzu, Urbasa, Aldatz eta Leurtzako urtegia). Euskaraz filmatuko dute istorioa.
Jon Sagalá gidoilariarekin batera idatzita, “Ilargi guztiak” filmeko aktore taldearen buruan Haizea Carneros 12 urteko neskatoa dago, bere lehen paperean, eta ondoan izango ditu Josean Bengoetxea, Itziar Ituño (“La casa de papel”, “Loreak”), Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz.
Lantalde teknikoan, “Handia” filmean egindako lanagatik Goya saria irabazi zuten lau profesional daude: Laurent Dufreche editatzen, Mikel Serrano arte zuzendaritzan, Pascal Gaigne musikan eta Drama FX.
Gainera, Imanol Nabea ('Cuando dejes de quererme', 2017) da argazkilaritza zuzendaria; Alazne Ameztoy (Goya saria, 'La trinchera infinita', 2019), soinuaren arduraduna; Leire Orella ('Fe de etarras', 2017), jantzi-marrazkigilea; Lola López eta Itziar Arrieta (Goya saridunak, 'El orfanato', 2007), makillaje eta ile-apainketan; eta Juanma Nogales eta Ana Rubio ('Mientras dure la guerra', 'Intemperie'), ikusizko efektuetan.