Itxi

Zinema

Filmazioa

Donostian filmatuko du Woody Allenek uztailaren 10etik aurrera, Waltz eta Anayarekin

Agentziak | Erredakzioa

New Yorkeko zuzendariaren 51. pelikularen filmazioa abuztuaren 23ra arte luzatuko da. Cristoph Waltz eta Elena Anaya izango dira komedia erromantiko honen protagonistak.

  • Woody Allen, 2008an Donostian.

    Woody Allen, 2008an Donostian. Argazkia: Wikipedia.

Cristoph Waltz eta Elena Anaya izango dira Woody Allenek uztailaren 10etik aurrera Donostian filmatuko duen pelikularen protagonistak. Louis Garrel, Gina Gershon, Sergi Lopez eta Wally Shawn aktoreek ere parte hartuko dute.

Mediapro Studiok esan duenez –ekoizpenaren ardura dauka, Gravier Productionsekin batera–, pelikularen filmazioa Gipuzkoako hiriburuan egingo dute, uztailaren 10etik abuztuaren 23ra bitartean. Allenen 51. pelikula izango da.

Filmak ez dauka oraindik titulu ofizialik. Bukaera dibertigarriko komedia erromantiko bat da, eta Zinemaldira doan Estatu Batuetako matrimonio baten istorioa kontatzen du. Bikotea jaialdiarekin, hiriaren edertasuna eta lilurarekin eta zinema munduko fantasiarekin maiteminduta geratzen dira. Frantziako zinema zuzendari bikain batekin maite-afera bat izango du emakumeak, eta gizona hirian bizi den emakume eder batekin maiteminduko da.