Itxi

Zinema

Palmaresa

Zinegoak jaialdiak ‘Rafiki’ kenyar filma saritu du

Agentziak | Erredakzioa

Film hori izan da Bilboko Gaylesbitrans Zinemaldiaren hamaseigarren edizioko irabazle nagusia.

  • 'Rafiki'

    'Rafiki' kenyar filmak lesbianen aldarrikapenak ditu ardatz

Zinegoak Zinema Gaylesbitranseko Bilboko Jaialdiak ‘Rafiki’ kenyar filma eta Wainuri Kahiu horren zuzendaria saritu ditu bere hamaseigarren edizioan.

Afrikako lesbianen aldarrikapenetan oinarritutako filma izan da jaialdiko “irabazle nagusia”, jaialdiaren antolatzaileen esanetan, zuzendari onenaren saria, Lesbianismo eta Generoaren saria eta Aniztasun eta Giza Eskubideen saria jasota.

Palmareseko beste “protagonista handia” ‘Ni d'Éve ni d'Adam’ Floriane Devignek zuzendutako dokumentala izan da, intersexualitatearen ikusezintasuna jorratzen duena. Lan horrek DOK saileko saria eta Aniztasun eta Giza Eskubideen saileko aipamen berezi bat jaso ditu.

FIK saileko fikzioko film luzeen artean onenak ‘Retablo’ (Alvaro Delgado-Aparicio) eta ‘The man who surprised everyone’ (Natasha Merkulova eta Aleksey Txupov) izan dira, ex-aequo. Sail horretan, gidoi onenaren saria ‘1985’ Yen Tanen lanarentzat izan da.

KRAK saileko film onenaren saria ‘Les Garçons Sauvages’ (Bertrand Manrico) eta ‘Obscuro Barroco’ (Evangelia Kranioti) lanei eman diete, ex-aequo.

Euskal Aktoreen Batasunak osatutako epaimahaiak ebatzitakoaren arabera, jaialdiko interpretazio protagonista onena Felix Maritaudek egin du ‘Sauvage’n, eta bigarren mailako aktore onena Natalya Kudryashova izan da ‘The man who surprised everyone’ filmean egindako lanagatik.

Publikoaren saria ‘Anders / Something about Alex’ filmarentza izan da, senior epaimahaiak ‘Oasis’ saritu du eta epaimahai gazteak ‘O Orfao’ film laburra goraipatu du.