Zinema
Azaroak 9-16
Zinebik Euskal Zinearen Eguna ospatuko du 60. edizioan
eitb.eus
Mariano Llinásek eta Apichatpong Weerasethakulek jasoko dituzte Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren Ohorezko Mikeldi sariak.
Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 60. edizioa azaroaren 9an hasiko da, 20:00etan, Arriaga Antzokian, Mariano Llinás zinegile argentinarrari Ohorezko Mikeldia emanez.
Inaugurazio ekitaldian, Llinásek berak zuzendutako La Flor antes de que fuera La Flor lana estreinatuko dute, Piel de Lava taldeko antzezleek (Elisa Carricajo, Valeria Correa, Pilar Gamboa eta Laura Paredes) interpretatutakoa.
Edizio honetako Ohorezko bigarren Mikeldia Apichatpong Weerasethakul zinegile thailandiarrari emango diote, "sakonera poetiko handia duen eta errealitatea eta fantasia naturaltasunez uztartzen dituen ikus-entzunezko lan zorrotza eta koherentea" egin baitu. Weerasethakulek azaroaren 16an hartuko du saria, jaialdiaren amaiera ekitaldian.
124 herrialdetako 3.770 film laburretatik, 52 film lehiatuko dira Sail Ofizialean Jaialdiko Sari Nagusia eta fikzio, animazio eta dokumental onenaren Mikeldiak lortzeko borrokan, sei euskal ekoizpen hauek tartean: Azken otsoa (Iker Maguregi), Cadoul de craciun (Bogdan Muresanu), Ancora lucciole (María Elorza), Amor siempre (Maider Fernández), Il dolce far (Richard Sahagún) eta It is All Right Here (Teresa Sendagorta).
Antolatzaileen esanetan, nazioarteko lehiaketaren barruan, azpimarragarriak dira Marco Bellocchio zuzendari ezagunaren La Lotta filma, Cannesko Jaialdian estreinatu zutena, eta baita Flurin Giger suitzarraren Schächer (The thief) ere, duela denbora gutxi estreinatu den Helena Wittmanen Ada Kaleh lan dokumentala ahaztu barik.
Azaroaren 16an jakitera emango den palmaresa sari hauekin osatuko dute: Bilboko Zinemaldiaren Sari Nagusia, Euskal Zinearen Sari Nagusia, Espainiar Zinearen Sari Nagusia, fikzio, animazio eta dokumental kategorietako Mikeldiak eta Ikus-entzuleen EiTB Saria. Sari horiek, publikoarena izan ezik, nazioarteko epaimahaiak ebatziko ditu, aurten zinema munduko bost emakumek osatutakoa.
Aitzindariei omenaldia
Aurten lehenengoz, azaroaren 10ean Zinebik Euskal Zinearen Eguna ospatuko du, Arte Ederren Museoan. Alde batetik, 17:30etik aurrera, Azkuna Zentroko Auditorioan Sekzio Ofizialean parte hartuko duten sei euskal filmak eskainiko dituzte, eta, ondoren, 20:00etatik aurrera, omenaldi ekitaldia egingo dute Arte Ederren Museoan.
Ekitaldi horretan, Ohorezko Mikeldi Berezia emango diote euskal zinegile eta profesional batzuei, "gerra ostean eta Trantsizio garaian gure hiriko zinema ekoizpenari jarraipena ematea lortu baitzuten": José Antonio Sistiaga, José Ángel Rebolledo, Anton Merikaetxebarria, Alberto López Echevarrieta, Santos Zunzunegui, Juan Ortuoste, Ramón Barea, Javier Rebollo eta Ernesto del Río.
Euskal Zinearen Eguna Jose Antonio Sistiagaren (Donostia, 1932) figurari buruzko dokumentalaren estreinaldiarekin osatuko da. Sistiaga, une histoire basque (Manuel Sorto, 2018. 96 min).