Zinema
'Ozeko Aztia' filmeko zapata gorriak berreskuratu dituzte, lapurtu eta 13 urtera
Errubi koloreko zapata parea, Judy Garlandek 1939an pelikula filmatzeko erabili zituen lau pareetako bat, 2005ean ostu zuten, Minnesotan.
-
2005ean ostu zituzten zapatak. Argazkia: AFP.
AEBko Polizia Federalak, FBIk, Ozeko Aztia filmean Dorothy pertsonaiak, Judy Garland estatubatuar aktoreak gorpuztu zuen neskatoak, soinean zeraman zapata gorri parea berreskuratu du, norbaitek lapurtu eta 13 urtera.
AEBko Poliziak jakinarazi duenez, Minneapolis hirian (Minnesota) aurkitu dituzte zapata gorri dirdiratsuak, aktorea jaio zen estatuan, hain zuzen ere, Star Tribune bertako egunkariak idatzi duenez.
Zapatok “estatubatuar kulturaren gai baliotsua” direla adierazi du FBIk, eta laguntza eskatu du lapurretaren susmagarriak, oinetakoen jabeei estortsioa egiten saiatu zirenak, identifikatzeko.
Zapatak Judy Garland Museoan ostu zituzten, Grand Rapids hirian (Minnesota), 2005eko abuztuaren 27ko gauean, minutu batean egindako lapurretan.
FBIren arabera, zapatak 13 urte egon dira galduta, nahiz eta segurtasun indarrek jo eta ke bilatu dituzten (meategi hustuak ere arakatu dituzte).
AEBko Historiaren Museo Nazionalera bidali dute zapata parea, eta bertako hainbat historialarik baieztatu dute lapurtu zituzten oinetakoak direla.