kultura
Museoa
Albaola Itsas Kultur Faktoria 'National Geographic' aldizkariaren "+Historia" sarietarako izendatu dute
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Herri kulturaren museo onenaren golardoa lortzeko lehiatuko da, hain zuzen. Sari horrek proposamenaren "originaltasuna" eta "ohiz kanpoko ekimen bat bideratzeko prozesua" baloratzen ditu.
-
Albaola Itsas Kultur Faktoria
Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktoria museoa "+Historia" sarietarako izendatu du National Geographicek. Sari horrekin kultura eta ondarea sustatzeko eta zabaltzeko egindako lana aitortzen dute. "Kondaira historiko bat eskaintzen du museo horrek, zehaztasun zientifikoa, zinezkotasuna eta kalitatea ardatz, bisitarien aurrean egurrezko itsasontziak eraikitzen eta konpontzen", azaldu du aldizkariak izendapenean.
Sei kategoria ditu aipatu sariak, eta herri kulturaren museo onenaren golardoa lortzeko lehiatuko da Albaola. Sari horrek proposamenaren "originaltasuna" eta "ohiz kanpoko ekimen bat bideratzeko prozesua" baloratzen ditu.
San Joan ontzia eraikitzeko lana goratzeaz gain, aldizkariko arduradunek Faktoriaren eredu "berritzailea" nabarmendu dute. "Sortu zutenetik itsas ondarearen erreferente bihurtu da toki hori nazioarte mailan, eta bertan lan egiteko duten moduak iraultza ekarri du", adierazi dute.
National Geographic garrantzitsua izan da Albaolaren historian. 1985ean, San Joan ontziaren historia ezagutzera eman zion munduari. Albaolako arduradun Xabier Agotek azaldu duenez, itsasontzi horren berri izan zuenean, "berehala" jakin zuen "historia aparta" zela, eta sentitu zuen "haritik tiraka" jarraitu beharra zeukala euskal baleontzien historia eraikitzen jarraitzeko.
2018an kaleratutako erreportaje batean, luze eta zabal idatzi zuten aldizkari horretan Pasaiako faktorian eraikitako galeoiari buruz, eta bi urte geroago, "Albaola, euskal baleontzien memoria berreskuratzen dabilen ontziola" izeneko erreportajea argitaratu zuen Viajes aldizkariak.