Itxi

kultura

SARIA

Joaquin Gorrochategui hizkuntzalariak jasoko du 2023ko Euskadi Ikerkuntza Saria

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Gorrochateguik hizkuntzalaritza historikoaren arloan dihardu, eta bere jarduera Mendebaldeko Europako eta bereziki Iberiar Penintsulako egoera linguistikoaren ikerketan ardaztu du, betiere datu linguistikoak eta historikoak uztartuz.

  • Joaquin Gorrochategui

    Joaquin Gorrochategui. Argazkia: Irekia

Joaquin Gorrochategui hizkuntzalari eibartarrak jasoko du 2023ko Euskadi Ikerkuntza Saria, epaimahaiak aho batez hala erabakita. Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ikasketa Klasikoen Saileko katedraduna da Gorrochategui, Hizkuntzalaritza Indoeuroparraren arloan.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Salak jakinarazi duenez, Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan entzute handiko lau ikerlarik osatu dute epaimahaia, eta aho batez onartu dute sariaren 28. edizio honetan Gorrochategui irakaslearen aldeko ebazpena.

Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusi, baita Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) eta handik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea ere, betiere horien lanak eragin positiboa badu erkidegoan.

Joaquin Gorrochategui Churruca irakasleak hizkuntzalaritza historikoaren arloan dihardu, eta bere jarduera Mendebaldeko Europako eta bereziki Iberiar Penintsulako egoera linguistikoaren ikerketan ardaztu du, betiere datu linguistikoak eta historikoak uztartuz.