kultura
Bizkaia
"Detective Touré" telesailaren filmaketak 200 laguneko manifestazioa simulatuko du Getxon astelehen honetan
Agentziak | EITB Media
Gainera, irailaren 5ean, asteartean, Muxikebarri udal aretoan telesaileko hainbat eszena grabatuko dituzte.
-
Malcolm Treviño-Sitté, Mahamoud Toureren papera egiten duen aktorea. Argazkia: David Herranz
Getxoko Algorta auzoan 200 figurantek manifestazioa egingo dute "Detective Touré" telesailaren filmaketaren baitan, astelehen honetan, irailak 4, Basagoiti etorbidean, Getxoko Udalak jakitera eman duenez.
Gainera, irailaren 5ean, asteartean, Muxikebarri udal aretoan telesaileko hainbat eszena grabatuko dituzte.
Astelehenean, hilak 4, 09:00etatik aurrera, talde teknikoak eta artistikoak Basagoiti etorbidearen zati bat okupatuko dute, eta aldizkako mozketak eragingo dituzte trafikoan, gehienez ere 4 minutuz.
Gainera, San Nikolaseko frontoia ere erabiliko dute backstage lanak egiteko, eta bertan kokatuko dituzte, esaterako, aldagelak eta makillaje seta. Asteartean, hilak 5, filmaketa Muxikebarri barruan egingo da.
Jon Arretxeren eleberrietan oinarrituta eta Esteban Crespok zuzenduta, "Detective Touré" telesailak Malcolm Treviño Sitté du protagonista, eta Mahamoud Toure ginear etorkinaren papera egiten du. Bere zuhurtziari eta umoreari esker, bat-bateko detektibe gisa ateratzen du bizimodua.
Telesaila RTVEk, Tornasol Mediak, DeAPlanetak eta EITBk ekoitzi dute elkarlanean, eta denboraldi honetan TVEn estreinatzeko asmoa dute. Aktoreen artean daude Itziar Ituño, Unax Ugalde, Loreto Mauleon, Itsaso Arana, Urko Olazabal, Gorsy Edu, Lander Otaola, Ayoub El Hilali, Jon Olivares eta Ane Gabarain.