kultura
Migel Joakin Eleizegi
Altzoko Erraldoiaren hezurrak Altzoko hilerrian hobiratu dituzte
N. V. | EITB Media
2020an aurkitutako gorpuzkiak familiak hilerrian gordeta duen gunean lurperatu zituzten ekitaldi intimo batean joan den igandean, ekainak 26.
Igandean, ekainak 26, Migel Joakin Eleizegi Altzoko Erraldoiaren hezurrak Altzoko hilerrian hobiratu zituzten ekitaldi intimo eta xume batean.
Zortzi pertsonak, tartean Aranzadi Zientzia Elkarteko boluntarioak, senideak eta hurbileko altzotarrak zirela, egurrezko kutxa handi eta astun batean zeuden gorpuzkiak jaso eta familiak hilerrian gordeta duen gunean lurperatu zituzten, Aranzadik azaldu duenez.
Azken bi urteetan, 2020ko abuztuaren 14an aurkitu zituztenetik, Aranzadi Zientzia Elkarteak gorde ditu aztarnok, Zorroagako laborategietan.
Altzoko Erraldoiaren gorpuzkinak Aranzadi Zientzia Elkarteko 15 laguneko talde batek aurkitu zituen, Paco Etxeberria antropologoa buru zuela, hilerriko hezurtegian.
Migel Joakin Eleizegi Ateaga (1818-1861) 2,40 metro altu izan zen, eta, besteak beste, istorio ugari eta "Handia" pelikula ekarri dituzte haren ibilerek.