Itxi

kultura

EUSKARALDIA 2022

Euskaraz aritzeko espazioak sustatuko ditu hirugarren Euskaraldiak

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Ariguneen presentzia areagotu nahi dute hirugarren edizio honetan antolatzaileek, baina baita kaleko presentzia ere; izan ere, aurreko edizioa, 2020ko udazkenean egin zena, pandemiak erabat zipriztindu zuen.

  • 2022ko euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia

    2022ko euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia. Irudia: Irekia

Euskaraldia ekimenak hirugarren edizioa izango du aurten, azaroaren 18tik abenduaren 2ra. Ohi bezala, herritarrek euskararen erabileraren aldeko hautua egitea bultzatuko da, baina horrez gain, elkarte, entitate eta edonolako guneak ere erakarri nahi dira, euskararen babesleku eta arigune izan daitezen. Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea/webgunean.

Pandemia betean milaka entitatek ariguneak sortu ondoren, euskararentzako espazio berriak sortu eta ariguneak areagotzeko helburua dute, aurten, Euskaraldiaren sustatzaileek. Proposamena enpresa, erakunde, elkarte, fundazio, klub, talde eta era guztietako entitate antolatuei luzatu zaie, beste behin ere. 

Euskararen arnasguneak dira ariguneak, gune horretan bertan, badagoelako beti norbait, euskaraz komunika daitekeena.

Euskaraldiko antolatzaileek eta aurreko edizioan ariguneak sortu zituzten zenbait eragilek, gaur goizean, Gasteizen egindako agerraldian aurkeztu dute entitateen izen-ematearen irekiera. Hala, gaurtik aurrera zabalik dago entitateek Euskaraldian parte hartzeko aukera

Goiatz Urkijo Euskaraldiaren koordinatzaileak prentsaurrekoan azaldu duenez, "aurreko edizioan izandako baldintza zailen ondoren, kalea hartzeko, gizarte aktibazioa areagotzeko eta euskararen erabilera zabaltzeko aukera izango dugu aurtengo Euskaraldian".

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailburuaren arabera, "entitate guztiek dute euskarazko hizkuntza praktikak bultzatzeko aukera, euskararentzako gune erosoak sortzeko aukera. Beraz, proposamen ireki eta progresiboa da egiten duguna. Bakoitzak ahal duen neurrian eta ahal duen erara, pausoz pauso. 

Euskaraldiaren bigarren edizioan ariguneak sortu eta izena eman zuten entitateek beraien parte hartzea berretsi beharko dute ariguneak.euskaraldia.eus/izen-ematea webgunean; lehenengoz izena emango dutenek ere helbide bera erabili ahal izango dute izena eman eta arigune kopurua zehazteko.

Ariguneen presentzia areagotu nahi dute hirugarren edizio honetan, baina baita kaleko presentzia ere; izan ere, aurreko edizioa, 2020ko udazkenean egin zena, pandemiak erabat zipriztindu zuen.