kultura
ELKANO, 500 URTE
"Elkano Itsas Herria" proiektuak itsas kultura zabalduko du euskal kostaldean, maiatzetik irailera
EITB MEDIA
‘Juanita Larando’ patatxak euskal kostaldeko 30 herri inguru bisitatuko ditu hiru hilabetean. Halaber, erakusketa ibiltari bat, historiari buruzko hitzaldiak, solasaldiak, bertsolariak, musika, dantza, ipuin-kontalariak, lantegiak eta dokumentalak izango dira.
Aurten beteko dira 500 urte Juan Sebastian Elkano Getariako itsasgizona buru zuen tripulazioak munduari lehen bira eman zionetik. Urteurrenarekin bat eginez, eta testuinguru horretan, 'Elkano Itsas Herria' proiektuak itsas kultura zabalduko du euskal kostaldean, maiatzetik irailera euskal kostaldean barrena egingo den itsas zeharkaldi baten bitartez.
Elkano Fundazioak, Albaolak eta Euskal Itsas Museoak aurkeztu dituzte 'Elkano Itsas Herria' ekimenaren inguruko xehetasunak gaur goizean Donostiako portuan eskaini duten prentsaurrekoan.
'Elkano Itsas Herria' ekimena maiatzean hasiko da Pasaia Itsas Festibalarekin (maiatzak 26-29), eta euskal kostaldeko hainbat herri igaro ostean, Ziburu-Donibane Lohizunen amaituko da irailaren 18an (Ondarearen Europako Jardunaldiak). Aurrez, irailaren 6an, Elkanoren lehorreratzea antzeztuko dute Getarian.
'Juanita Larando' patatxaren itsas zeharkaldia maiatzean hasiko da, Getarian, eta irailean amaituko da, Ziburu-Donibane Lohizunen. Patatxa portuan dagoen egunetan, herritarrek irteera txikiak egiteko aukera izango dute.
Hauek izango dira itsasaldian zehar bisitatuko dituen herriak:
- Maiatza: Getarian hasi eta Pasaia Itsas Festibalean egongo da maiatzaren 26tik 29ra
- Ekaina: Bizkaiko hamar bat herri bisitatuko ditu, tartean, Ondarroa, Bilbo, Portugalete (700. urteurrenaren ospakizunak direla eta), Plentzia, Elantxobe eta Lekeitio.
- Uztaila: Gipuzkoara itzuliko da, eta, besteak beste, Mutrikun, Deban, Zumaian, Orion eta Hondarribian ibiliko da. Uztailaren amaieran, Urmuga elkartearekin eta EuskarAbentura espedizioarekin bat egingo du, eta Lapurdin sartuko da.
- Abuztua: Gipuzkoan eta Lapurdin barrena ibiliko da.
- Iraila: Getariara itzuliko da eta Elkano Egunaren egitarau bereziaren zati izango da. Donostiatik igaro ondoren (Arraun Astea eta Euskal Jaiak), itsasaldiak azken geldialdi bat egingo du Ziburu-Donibane Lohizuneko Ondarearen Europako Jardunaldietan.
Elkano Itsas Herria kultura-itsasaldia osatzeko, erakusketa ibiltari bat, historiari buruzko hitzaldiak, solasaldiak, bertsolariak, musika, dantza, ipuin-kontalariak, lantegiak, dokumentalak eta abar izango dira.
Beste jarduera batzuk
- Historiari buruzko hitzaldia Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendariaren eskutik.
- Itsasoarekin lotura duten gaiei buruzko bertso-saioa.
- Kresala dantza taldearen "Amoria & Dolore. Elkano Lehen Mundubira" dantza-ikuskizuna.
- Lumie musika taldearen kontzertua. Bezperen Dirdira diskoa aurkeztuko du, Elkanori eta itsasoari buruzko olerki-bilduma batean oinarrituta dagoena.
- Mitxel Etxekopar zuberotarrak Elkanori buruz osatu duen ikuskizuna.
- "Elkano battela, xumea baina gurea" helduentzako ikuskizuna, Nerea Alberdiren eta Kepa Elgoibarren musikarekin eta Koldo Amestoy ipuin kontalariarekin.
- "Elkarrekin Elkano" umeentzako ikuskizuna, Iñaki Martiarena "Mattin" marrazkilariarekin eta Ixabel Agirresarobe ipuin kontalariarekin.
- Astronomiari buruzko tailerrak Aranzadiren eskutik.
- Elkarrizketak erakusketa ibiltarian, Euskal Itsas Museoaren eskutik.
- Itsasoarekin lotura duten lanbide tradizionalen erakusketak eta lantegiak Albaolaren eskutik.
- Pedalkadak itsasoan dokumentala.
- Elkano, haizeari mila galdera dokumentala.